Amagoia Mujika Telleria
HAURREN OBESITATEA

«Elikadura oinarrizkoa da ume zoriontsuagoak eta gizarte hobea egiteko»

Haurren obesitatea egungo jendartearen gaitz nabarmena da, Osasunaren Mundu Erakundeak berak abisu eman duenez. Arazoaren oinarrian elikadura ohitura okerrak izaten dira askotan. Horren jakitun, Martin Berasategi sukaldari sonatuak mezu garbia helarazi du: begira diezaiegun gure inguruko ekoizleei gure haurrei ondo jaten erakusteko.

Haur bat merkatu batean
Haur bat merkatu batean

Osasunaren Mundu Erakundeak emana du abisua: 2025. urtean, orain arteko martxan segituz gero, munduan 70 milioi haur obeso izango dira. Horrekin kezkatuta jarri dute martxan “Eat Like a Pro” kanpaina Beko etxetresna elektriko markak eta Bartzelona futbol taldeak. Eta Martin Berasategi sukaldariak ere parte hartu du kanpainan, «haurrei eman behar zaien ikasgairik garrantzitsuena elikadura osasuntsuarekin lotutakoa» dela garbi baitauka. «Haurren obesitatearen inguruan ematen dituzten datuak astakeria hutsa iruditzen zaizkit. Nik hogeita hamar urte daramat esaten hezkuntza alorrean agintzen dutenek egin dezaketen onena eskoletan elikaduraren, nutrizioaren eta dietetikaren inguruko ikasgaia derrigorrez jartzea dela. Elikadura oinarrizkoa da haur zoriontsuagoak eta, beraz, gizarte hobea egiteko».

Berasategiren ustez, lehen urratsa ingurura begiratzea da; bertako nekazariei, arrantzaleei, abeltzainei, ekoizleei, perretxikozaleei... begiratzea. «Euskal sukaldaritzak idatzi duen libururik onena naturak berak idatzitakoa da. Hori jakin behar dute haurrek. Egunero, bertako merkatuetara joan aurretik, naturari begiratu behar diogu, sasoiak zer agintzen digun ikusi behar dugu. Euskal Herrian sekulako pribilegioa daukagu, jaio garen toki honetan naturak gauza asko kontatzen dizkigu zer eta nola jan behar dugun inguruan. Hori ikusten eta entzuten ikasi behar dugu».

Erosketa organ ezinbestekoak

Martin Berasategik irribarre batekin gogoratzen du bere haurtzaroa eta jakitun da, elikadurari dagokionez, aparteko ingurune batean hazi zela. «Etxera lotara bakarrik joaten ginen. Bodegon Alejandron hazi eta bizi ginen, hor jaso nituen bizitzaren alfabetoko lehen hizkiak. Jatetxetik bertan, hiriko merkatu onenetarikoa zegoen, Bretxakoa. Horren guztiaren bueltan hazi nintzen ni. Hor ikasi nuen gure erosketa organ ezinbestekoak direla gure baserritarren, arrantzaleen, ekoizleen lehengaiak. Horiek gabe galduta gaude».

Sukaldari sonatuaren ustez, urte batzuetan ahaztuta izan dira lehengai horiek. «Akats handi bat izan da lehengaien garrantzia ahaztea. Kalitateko lehengaiak eta naturaren jakintza dira gure sukaldearen oinarriak. Hori ez genuke inoiz ahaztu behar eta iruditzen zait sasoi batean ahaztu samar izan dugula».

Jasotako ondare horri balioa emateaz gain, ondorengoei ematea ere garrantzitsua da Berasategiren ustez. «Dieta eta elikadura erdigunean jarri behar ditugu, eskoletan irakatsi egin behar dira. Jakintza hori transmititu egin behar da eta daukan garrantzia eman behar zaio, are gehiago haurren artean obesitatea arazo larri bat denean».

«Bodegoira jaisteko 23 eskailera jaitsi behar nituen. Ezkerrera, bezeroentzat mahaiak. Atzeko aldean, ikatz sukaldeak. Sekulako beroa ematen zuten. 23 eskailera jaitsi eta eskuinera, harakinaren mahaia, arrainarentzat erabiltzen zena... Egunean lauzpabost jatordu egiten genituen, dena etxekoa. Meriendatzeko fruta ematen ziguten, fruitu lehorrak, etxean egindako jogurtak... Nire gurasoak eta izeba sukaldean eta sukalderako bizi ziren».

Martin Berasategi jatun ona izan omen da beti, txikitatik. «Etxean beti irakatsi digute mahaian irribarre batekin egoten, jatekoaz gozatzen eta jatekoari balioa ematen. Hori oso garrantzitsua da. Gure garaian ez zegoen telebistarik eta mahaian eserita ginenean, horretara ginen, mahaira. Eta hozkailurik ere ez zegoen. Bretxako merkatuan goizean eta arratsaldean egiten ziren erosketak, udan bereziki. Pentsa zer-nolako unibertsitatea zen hori. Ni jakitun naiz pribilegiatua izan naizela, bizitzarako eta lanbiderako sekulako eskola izan dudala inguruan. Jaio nintzen tokian jaio ez banintz, ez nintzateke iritsi naizen tokira iritsiko. Ni jakitun naiz ditudan hamar Michelin izarrak nire herriko nekazariei, arrantzaleei, ekoizleei, abeltzainei... zor dizkiedala. Eta daukagun aberastasun hori transmititu eta erakutsi behar diegu gure haurrei. Gure eginbeharra hori da».

Berasategik, horrenbestez, garbi dauka: haurrei osasuntsu jaten irakasteko, inguruko ekoizleei begiratu behar zaie, lehengaian jarri behar da fokua. «Hortik abiatuta, proposa ditzagun errezeta dibertigarriak, osasuntsuak, erakargarriak... haur zoriontsuak eta osasuntsuak hazteko. Eta horrela lortuko dugu gizarte zoriontsuagoa, zalantzarik gabe. Jarri dezagun arreta hezkuntzan, erakutsi diezaiegun gure haurrei ondo jaten, osasuntsu jaten. Horrela, helduaroan zoriontsuagoak, osasuntsuagoak eta lehiakorragoak izango dira».

Sukaldea eta kirola

“Eat Like a Pro” ekimena zazpi hilabetean Estatu espainoleko hirietan barna ibili da, elikadura osasuntsuaren inguruan kontzientzia zabaltzen. Beko etxeak babestutako kanpaina izan da eta sukaldaritzaren alorrean jarri du indarra, modu osasuntsuan eta dibertigarrian elikatzea aukera ona dela azpimarratuz. Bestetik, Bartzelona taldeak ere babestu du kanpaina, kirola zutabe oso garrantzitsua baita haur osasuntsuak hazteko orduan. Beraz, bi norabide nagusi izan dituen ekimena izan da, berriki Bilbon amaitu dena.