2019/06/29

arundhati roy
idazlea

AEBetako «The New Republic» hamabostekariak Arundathi Roy idazlearekin hitz egin du Indian egin berri diren hauteskundeetan izan diren emaitzen inguruan. Etorkizun iluna iragartzen du.

«Nola esan Indiako bozketa justua izan zela? Ferrari baten eta bizikleten arteko lasterketa bat izan zen»
Samuel Earle (New Republic)
0629_g8_roy3

Indian, harakina edo politikan aritzen den genozida bat bazara, baikor izateko arrazoi guztiak dituzu». Arundhati Roy idazleak 2002an idatzitako hitzak dira. Narendra Modi garai hartan Gujarat estatuko lehen ministroa zen eta 2002an egin ziren musulmanen aurkako erasoekin nahastuta zegoen: gutxienez mila hildako izan ziren.

Modik berak bere errugabetasuna aldarrikatu izan du, baina Royk agintariaren etorkizunari buruz egin zuen aurreikuspena erabat zentzuzkoa zela argi utzi du denborak. Indian egin diren azken hauteskundeetan BJP Bharatiya Janata Party alderdiak suntsitu egin ditu aurkari guztiak, hinduen nagusitasuna lotsarik gabe aldarrikatzen zuen mezu bati esker. Orain bere bigarren agintaldia zuzenduko du bere eskuetan inoiz baino botere gehiago daukala.

Idazleak komatxoak erabiltzen ditu «munduko demokraziarik handiena» idazteko, horixe baita hedabide askok Indiarekin lotzen duten espresioa. Berak dio demokrazia hori aldi berean mende ezberdinetan bizi dela, tradizioaren, kasta sistemaren eta turbokapitalismoaren artean harrapatuta. Kontraesan horiek adierazten ditu Modi lehen ministroak beste inork baino hobeto: pertsonaia jatorra eta aldi berean nahi propioak dituena, egun batean «Hindustan» (hinduen erlijioaren arabera antolatutako lurraldea) berpiztuko dela agintzen duena eta, hurrengoan, erreforma neoliberalak agintzen dituena; gaur egun 16.000 dolarreko trajeak janzten dituen ume chaiwala (kalean tea saltzen dutenak) mitikoa.

Modi ez du aipatu ere egiten Royk bere bigarren eleberrian, “The Ministry of Utmost Happiness” (Zorion Maximoaren Ministerioa) izenburukoan, baina agintariak bere herrialdeari buruz duen ikuspegia presente dago liburuan: «Agian ez nuke esan beharko, baina eleberri batek etsairen bat izan badezake, liburu honen etsaia ‘nazio bat, erlijio bat eta hizkuntza bat’ dioen ideia da, Modiren ideologia ‘hindutva’-ren lelo nagusia».

“The God of Small Things” (Gauza txikien Jainkoa) bere fikziozko lehen liburuarengatik Booker saria eman zioten 1997an Royri eta oso ezagun egin zen. Berak garbi utzi zuen ez duela «liburu bat idatzi zuen emakume eder» moduan ezagutua izan nahi. Ez zuen gustuko «India modernoaren» enbaxadore kultural bihurtzea ere. Gaur egun bere jarduera politikoarengatik ere ezagun egin da: espetxean eduki zuten sedizioa leporatuta, gerrillari maoistekin ibili zen oihanean eta planeta osoko mugimendu politikoekin bat egin izan du.

Posta elektroniko bidez hitz egin dut Royrekin hauteskundeetako emaitzei buruz, Modiren esanahiaz eta «hain mundu nahasian» idazle batek duen zereginaz.

Zure idatzietan zein munduan gauza asko aldatu dira, baina Modi pertsonaia izugarri moduan ageri da beti zure lanean. Zuk aurreikusi bezala tragedia bat garatu al du bere agintaldiak ala bere buruzagitzak zerbaitetan harritu zaitu?

Modiren lehen agintaldia nik aurreikusi bezala joan zen oro har, baina nik espero ez nituen bideetatik ere bai. RSS Rashtriya Swayamsevak Sang (Elkarte Patriotiko Nazionala) indar profaxistaren langile zintzo moduan ariko zela aurreikusi nuen, hau da, BJP alderdiaren langile gisa, India herrialde hindu bat dela deklaratzea helburu duten indarren morroi. Musulmanen aurkako erasoak espero nituen, kristauen eta komunisten demonizazioa, erasoak egiteko eta dalit (paria) ukiezinak hindu bihurtzeko joerak. Hori guztia gidoian idatzita zegoen. Idatzita iragarri nuen eraso terroristaren bat edo gerra bat hauteskundeak egin aurretik izango genuela. Espero nuen konpainia handiek Modi ondo hartzea, pribatizazio politikak… Baina aurreikuspenetik at utzi nuen bere desmonetizazio politika: telebistan iragarri zuen gau batean, Indiako monetaren %90 legez kanpokoa izatera pasatzen zela, diru beltzaren aurkako borrokaren izenean. Jendearentzat oso kolpe gogorra izan zen, baina horrek ez du saihestu herritar askok berriz botoa berari ematea.

Zerbaitek beldurtu al zintuen?

Modi indartuta itzuli dela esango nuke, Jainkoak bezala gurtuta. Fenomeno psikologiko zoragarria da: mina plazer bihurtuta, nazioaren ongiaren izenean. Garaipen ikaragarria da, kasta, klase, eskualde eta etnia guztietako boto-emaileek eman diotena. Bere izena builaka esaten zuten milaka jarraitzaileren aurrean emandako hitzaldian, beldurtzen nauten bi gauza esan zituen: 2019ko bozketak Indiaren laizismoaren heriotza ofiziala berresten duela, lehenengoa. Inongo alderdi politikok ez du egin laizismoaren aldeko kanpainarik, berak adierazi zuenez. Hori egia da: oposizioko alderdi garrantzitsuenak, Kongresuko Alderdiak, ez zuen musulman hitza erabiltzeko ausardiarik izan, ‘musulmanen aldeko’ deituko ziotelakoan. Era horretan, lintxamenduak, musulmanen aurkako sarraskiak, isilean gordeta geratu dira. Gehiengoak, nazionalismo hinduak, irabazi du.

Bi gauza beldurgarri aipatu dituzu. Bigarrena?

Beldurtzen nauen bigarren gauza bat ere esan zuen: beheko kastak ordezkatzen omen dituzten alderdiei erabat irabazita, BJP-k kasta sistemari berari irabazi diola. Berak esan zuenez, bi kasta baino ez ditu onartzen, pobreak eta pobreziari amaiera emateko lanean ari direnak. Horrela, arlo sozialean BJP alderdia etsaiaren aurkako borrokan aritzen bada, arlo ekonomikoan badirudi ez dagoela etsairik.

Bederatzi pertsonak 500 milioi herritar pobreenen adinako ondasunak dituzten lurraldean, aberatsak misiolariak dira. Ikuspegi izugarria da. Hautatua izanik, pobreei ogi apurrak botata Modi Jainkoaren estatusera iritsi da; gosea pasatzen duten nekazaritza eremuetako familiei gas-botila bana oparitu die –2.000 errupia edo 30 dolarreko oparia sekulako zorrak dituzten nekazarientzat–, ehunka mila lagunek beren buruaz beste egiten duten herrialdean. Erretorika oldarkor hutsez milioika langabetu gazte armatuta, Modik politika ekonomiko bera aplikatzen jarraitzeko eskubidea irabazi du, egungo arazoak eragin dituen politika ekonomiko bera, alegia.

Jadanik kastarik ez dagoela esatean, Narendra Modi adierazten ari da berak eta RSS elkarteak egin dutela dalitak defenditzen aitzindari izan zen B. R. Ambedkarek lortu ez zuena: kasta sistemari amaiera ematea. Esaldi kezkagarria da, Ambedkarek berak esan zuenez, hinduismoa kasta bat baita. RSSk eta BJPk hauteskundeotan egin dutena kasta sistema indartzea izan da: kastaren araberako zatiketa kudeatu, kasta eta azpikasten arteko kontraesanak baliatu eta bat bestearen aurka jarri sekulako zehaztasunez.

Badirudi zentro politikoa bere irudiaren arabera birdefinitu duela Modik.

Hauteskundeen ondorengo egunetan, nazioarteko prentsak egindako kritiken ondorioz, Modik gutxiengoak babesteari buruz eta Indiako Konstituzioa betetzeaz hitz egin zuen hitzaldi batean. Bezperan berak eta bere alderdikideek esandakoaren kontrakoa. Oportunismo hori RSSren betiko taktika da. Modiren harropuzkeriak BJP alderdia bera ilundu egin du eta hori interesgarria da. Bere aberastasun ikaragarriak, alderdiaren baliabideak... dena erabili da monarka koroatzeko. Argitaratu berri da Modiren bizitzari buruzko pelikula hagiografiko barregarri bat. Gezurrez beteta dago. Argi dago filmak bere harropuzkeriari lagunduko diola. Edonola ere, Modi bakarrik izango da errege, RSSk berak hor segitzea nahi duen bitartean. RSSren botere berria da normaltasun berria.

Normaltasun berri horri aurre egiteko moduren bat izango al da agintaldi berrian?

Nola egin aurre fenomeno honi? Une honetan Indiako iparraldean gainerako alderdi politiko gehienen egoera negargarria da. Kongresuko Alderdia garaituta dago, komunistak suntsituta daude, dalitekin bat egiten duten formazioak ere erabat ahulduta geratu dira. Oro har, oposizioko alderdiek jarrera doilorra eta harroputza izan dute beraien artean: beren ontzia hondoratzen ari zela, elkar ahultzen aritu ziren. Alderdi horiek galdera serio batzuk mahaigaineratzea espero dut. Diziplina handiko 600.000 koadro ditu RSSk, formazio onekoak. Edozein unetan hedatu ditzake. Beste alderdiek ia koadrorik ez dute. Bozketan, BJPk beste alderdi guztiek batera baino 20 aldiz diru gehiago izan du. Hurrengoan, seguru asko, besteek halako 50 izango du. Eta Indiako hauteskundeetan gero eta garrantzi handiagoa du diruak, ikuskizunak, hedabide handien eta sare sozialen kontrolak. Herrialde honetako instituzio guztiak Modiren borondatera makurtu ziren. Baita Hauteskunde Batzordea bera ere. Diru horrek ahalbidetu die milaka informatikari, datu-analista eta sare sozialetako ekintzaile erostea. Whatsappeko milaka talderi oso ondo aukeratutako propaganda banatzen zieten, pertsona bakoitzari egokitutako mezuak, sektore, eskualde, kasta eta klase bakoitzari egokituta, barruti bakoitzeko mahai bakoitzari egokituta.

Halere, «munduko demokraziarik handiena» esaten diote askok Indiakoari.

Ez da nire gustuko espresioa. Horrelako dirutzak, saltzea erabakitzen duen edozein gauza sal dezake. Kasu honetan, izurrite bat sortzeko kemena zuen produktu toxiko bat. Kanpainak ez zuen ukitu garrantzizko konturik, ez klima aldaketarik, ez krisi ekonomikoa, ez hezkuntza eta ez osasuna. Erdi Aroko kirtenkeria toxikoa baino ez. Nola pentsa dezakegu bozketa justu bat izan dela? Ferrari baten eta bizikleten arteko lasterketa bat izan zen. Eta hedabideek Ferraria txalotzen zuten, gauza arrarorik ikusi ez balute bezala. Orain Ferraria lausengatzen dute goraipamenak eginez, bizikletei iseka egiten dieten bitartean, emaitza txarrak izan dituztelako.

Zerbait lor dezake herritarren haserreak?

Ditugun alderdiek ez dute lan erraza izango horrenbeste diru eta gorroto duen makina izugarri horri aurre egiteko. Uste dut herritarren haserreak halako batean makina hori izorratu egingo duela. Ez naiz ari iraultza bati buruz, erupzio batez baizik, gobernuz kanpoko erakunde bihurtu ez diren giza mugimenduak berriz agertzeaz.

Hori etorri egingo da. Eta energia berria sortuko du eta mendean hartu ezin den oposizio modu berri bat jaioko da. Jolas berri batean ikasi beharko du oposizioak, iruzur egitea onartzen ez duen jolas berrian. Hauteskunde hauek, askok demokrazia ariketa erraldoi moduan agurtzen dutena, guztiz kontrakoa dira: ustez demokrazia denari egindako iseka.

BJPren arrakastak ba al du zerikusirik Erresuma Batuan, AEBetan eta Brasilen izan diren aztoramen nazionalistekin?

Asko. RSS elkarteak Indian 95 urte daramatza helburu horren atzean lanean. Bere esku ditu munduko gainerako faxistek eta zurien nagusitasunaren aldekoek ere ez dituzten sistemak.

2009an argitara eman zenituen saiakera batzuk eskaini zenizkien «itxaropena eta arrazoia bereizten ikasi zutenei». Zein da itxaropenaren eta arrazoiaren arteko harremana gaur egun? Biak bat egiten ari direla dioen seinalerik ba al dago?

Hauteskunde kanpainaurrean aplikatu nuen doktrina hori. Begirale guztiek BJPren garaipena aurreikusten bazuten ere, guk esaten genuen galdu egingo zuela. Jendaurrean esan nuen, emaitza hori zalantzan jarri beharra sentitu bainuen. Batzuk BJPren garaipenaren beldur ziren eta publikoki esan zuten alderdi horrek irabaziko zuela. Nire ustez, herriaren borondatea antzemateko gauza direla adierazi nahi zuten. Horretarako ez zen asko behar, airea arnastea besterik ez. Baina aurreikuspen triste horiek propaganda indartu baino ez zuten egin, saihetsezina zela sinetsaraziz. Ondorioz, itxaropena eta arrazoia bereizten ikasi genuenok oposizioak irabaziko zuela esan genuen behin eta berriz, hitzarmen sekretuak eta bidezko estrategiak zituztela horretarako. Itxaropen zoro hori baita, hain zuzen ere, azkenean jendea amesgaizto honen aurka altxatzea eragingo duena. Itxaropena eta arrazoia bereiztuta eta erresistentzia eta arrazoia bereiztuta. Horixe behar dugu.

Indiako giroa gero eta militarizatuago dago. Modik ahal izan zuen guztia egin zuen kanpainan sentimendu hori indartzeko: bat egin zuen indar armatuekin eta ustezko «nazioaren etsaiekiko» beldurra piztu zuen. Zein posizio du horrelako giro batean idazle batek?

Ahula esango nuke. Eta oso arriskutsua. Nazionalismo hinduaren aurka daudenek ere «hinduismo hobe» bat proposatzen dute, «nazionalismo hobe» bat, oso sinesgarritasun gutxirekin. Geure garunak Indiako banderan biltzen hasiak dira. Erasoa, ez intelektualen aurkakoa, adimenaren adierazpen guztien kontrakoa baizik, basatia izango da. Politikariak, konpainietako zuzendaritzetako kideak eta hedabideetako beren bazkideak milioidunak eta ikaragarri aberatsak diren bitartean, ikasleei, irakasleei, idazleei eta kazetari independenteei nazioaren aurkako «elitistak» izatea leporatzen diete. «Elite» etiketa aplikatzen zaie zuritzaile ez diren pertsonei, beren adimena batez bestekoa baino handiagoa bada. Amit Shah BJP alderdiko presidenteak eta Ram Madhav idazkari nagusiak inongo apaingarririk gabe egin zituzten mehatxuak. Shah-k, emaitzak ezagutzean garaipena ospatzeko erabili zuten oholtzatik; Madhavek, hurrengo egunean egunkari bateko zutabe batean: “The Leader is the Truth” (Buruzagia da Egia) izenburuko idatzian esan zuen herrialdeko paisaia kultural eta intelektualetik baztertuak izan behar dutela elitistek. Zaharra, zuzena, ohiko faxista. Orain hasten den bigarren agintaldian, orain bost urte abian jarri zutena burutzen saiatuko dira: benetako hezkuntzarekin amaitzea, benetako ikerketarekin, pentsamenduarekin eta artearekin bukatzea. Unibertsitateen aurkako erasoak, adimenaren aurkakoak, gai-zerrendan daude.

Batzuek bereiztu egiten dituzte zeure artea eta zeure aktibismoa. Ez zaizu gustatzen eta nahiago duzu «idazle» deitzea. Muga hori, mundu hobe bat lortzearen aldeko konpromiso serioa idazle baten misiotik ateratzeko joera, Indian beste tokitan baino gehiago sentitzen al da?

Ezetz esango nuke. Konplazentzia harroputza gehiago nabaritu izan dut Europan eta Amerikan: beraiek bezalakoa izatea baino gauza hoberik ez dago. Hori aldatzen ari da beldur handiak sortu direlako. Beste behin, galdera handiak daude mahai gainean. Mundu osoa dago nahastuta. Arteak eta literaturak aldaketa hori islatuko dute.

Hizkuntzari leku handia eman izan diozu azken bolada honetan zeure pentsamenduan: bere aniztasuna, bere aukerak, bere perbertsio politikoak. Zergatik? Hindutva doktrinari, «nazio bat, hizkuntza bat, erlijio bat» dioenari, emandako erantzuna delako ala soilik hizkuntza idazle baten lurralde naturala delako?

Herrialde honetako, konplexutasun honetako, eremu naturala da. Eta jakina, idazlea izanik, gozatu egiten dut. Hindu nazionalisten doktrinaren gauzarik barregarriena da erabiltzen dituzten hiru hitzak, “hindustan”, “hindi” eta “hindu”, persierazko hitzak direla. Serioago hitz eginda, 780 hizkuntza erabiltzen diren herrialdean, eta horietako 20 Indiako Konstituzioan onartutakoak direnean, zenbatekoa da doktrina horren indarkeria? Gero ingelesez egiten duen elitea daukazu: elkarri leporatzen diote, ingelesez, elite anglofonoa izatea. Eta gero ingelesez egiten ez duen elitea daukagu, kasta gorenekoa, seme-alabak ingelesezko eskoletara bidaltzen dituztenak, baina aldi berean ez dute nahi beheko kastakoek hizkuntza hori menderatzea, aurrera ateratzeko aukerak emango dizkien tresna ikastea.

«RSS-k eta BJP-k hauteskundeotan egin dutena kasta sistema indartzea izan da: kastaren araberako zatiketa kudeatu, kasta eta azpikasten arteko kontraesanak baliatu eta bata bestearen aurka jarri sekulako zehaztasunez»«Diru horrek ahalbidetu die milaka informatikari, datu-analista eta sare sozialetako ekintzaile erostea. Whatsappeko milaka talderi oso ondo aukeratutako propaganda banatzen zieten, pertsona bakoitzari, sektore, eskualde, kasta eta klase bakoitzari egokitutako mezuak, barruti bakoitzeko mahai bakoitzari egokituta»

Arundhati ROY Meghalaya estatuko Shillong herrian jaio zen 1961ean. Delhiko Arkitektura Eskolan egin zituen ikasketak. Bere konpromisoak eragin du nazioarteko eragile askorentzat erreferentzia izatea.

«Eleberri batek etsairen bat izan badezake, liburu honen etsaia ‘nazio bat, erlijio bat eta hizkuntza bat’ dioen ideia da, Modiren ideologia hindutvaren lelo nagusia»«Modi indartuta itzuli da, Jainkoak bezala gurtuta. Fenomeno psikologiko zoragarria da: mina plazer bihurtuta, nazioaren ongiaren izenean. Garaipen ikaragarria da, kasta, klase, eskualde eta etnia guztietako boto-emaileek eman diotena»«Kanpainak ez zuen ukitu garrantzizko konturik, ez klima aldaketarik, ez krisi ekonomikoa, ez hezkuntza eta ez osasuna»