Maite Ubiria Beaumont

Entzierroaren atarian, ez irristatzeko estrategiak

Zezenak lerratu ez daitezen pozima miresgarriarekin zipriztindu dituzte dagoeneko entzierroak zeharkatuko dituen karrikak. Bata bestearen atzetik, sanferminetara garamatzaten liturgiak bete dira eta, konturatu gabe, deklarazio bat gora, mehatxu bat behera, denboraren tunelean galtzeko ordua heldu da. Bederatzi egun, aktualitatearekin etenaldia egiteko Iruñean, eta beste bederatzi gehituta, Madrilen, (ez)inbestidura saioa.

Esfortzu handirik egin gabe, ondoko bederatzi egunez inork gutxik botako du faltan gobernua Nafarroan. Horretaz jakitun, agian, jai lasterketari ekin aurretik, Javier Esparzak bolbora bustiz beteriko suziriak bota zituen, non eta Madrilen, noiz eta Pedro Sanchez jarduneko espainiar presidenteak bere birbataiorako gonbidapena zabaldu zuen egun berean. Iruñean zezenaren orroa kasik entzun ahal zelarik, Madrilera, berriz ere, eskuin espainiarzalea espantuka.

Politikarien enegarren okurrentziak bost axola, badoa besta kabalkada. Hori, bai, behin aldatzeko arropa zuria agortuta parrandak utzitako adarkadak sendatzeko eguna helduko denean... nolakoa izanen da nafar herritarren begien aurrean zabalduko den panorama? Apustuak zabalik.

Bestazaleek ongi dakitenez, sanferminetako jai ibilbidea abiatzen denean, helmugak baino gehiago bidaiak hartuko du protagonismo osoa. Nondik gatozen gutxi inporta eta nora goazen, auskalo. Norekin eta zertarako, hor datza koska. Hamaika zalantza behar dira uxatu, batzuk filosofikoak, besteak ez hainbeste, ospakizunen olatuari baldintza ahalik eta egokienetan aurre egiteko.

Etenaldi ofiziala Iruñean, baina nahitaez begi kolpe bat Madrilera bota beharko. Tik-tak, tik-tak, erlojua martxan jarri da, eta bi hilabete luzeko gibelaldiaz hitz egiteko eta, agian, akordioetara heltzeko epea finkatu da. Nondik gatoz? Apirilaren 28ko bozketak utzitako emaitzetatik. Orduz geroztik, sanferminetako amaigabeko gauetan gertatzen den bezala, bai zenbakiek, bai hitzek bestelako itxura bat hartu dute. Eta herritarrek botoen bidez marraztu zuten bidea sasiz betetzen joan den heinean, galdera ikurrez beteriko gogoetak nagusitu dira.

Estafetan bezala, Madrilgo etorbideak ere irrist ez egiteko produktuaz blai. Sanchezen denbora kudeaketak mesfidantzaz zipriztindu du ezberdinen arteko adostasunak bilatzea xede duen jardun politiko-instituzionala.

Asteak joan, asteak etorri, kosta ahala kosta oinak lur gainean atxikitzeko edo, sinpleki, balizko aliatua barregarri utziko duen txirristada noiz iritsiko den zain, Gobernu espainola osatzeko ardura duten aktore nagusiek ez dute ganora handirik erakutsi. Denbora irabazteko edo aukerak usteltzeko egin duten, dagoeneko norberak bere iritzia izango du, baina errealitatea tematia da: iruindarrak besta zurrunbiloan sartu dira «nafar auzia», berriz ere, estatuko arbelari itsatsia delarik. Oraingoan hurbileko asmoak eta urrutiko beharrak noraino bateragarriak izanen diren jakin gabe jantziko dituzte iruin seme-alabek alpargatak. Edo beste era batera esanda, etorkizunik ez izanik ere oraindik aski presente dagoen iraganeko eskema –itxura aldatuta bada ere– berriro ez ote den gailenduko guztiz argitu gabe piztuko da besta.

Bi entzierro berdin ez daudenez, garaiak ezin dira alderatu. Horiek sarritan entzun baditugu ere, aje zaharren eta azalkeriaren arteko koktelak uztailetik harago luzatu dezake «Gaixoa ni». Baita buruko mina ere. •