Aimar Etxeberria Korta
ESKOZIA, AITZINDARI

Energia berriztagarriak sustatzetik klima-aldaketari gerra deklaratzera

Larrialdi klimatikoa errealitatea den honetan, egoerari ekinbidez erantzuten ari zaio Eskozia. Urrats nabarmenak eman ditu energia berriztagarrien sustapenean, eta klima-aldaketari aurre egiteko nazio mailako eztabaida abiatu berri du Gobernu eskoziarrak, herritar zein enpresak konjuratu asmo dituena.

Eskozia, estaturik gabeko nazioa, ustez politika propioak garatzeko zailtasunak izan ditzakeen herrialdea, aitzindaria da energia berriztagarrien sektorean; are gehiago, klima-aldaketaren aurkako borrokan ere buru-buruan aritu nahi du. Britainia Handiaren baitan petrolio eta gas ekoizle handiena izanagatik, “bide berdea” hautatu du Eskoziak, energia berriztagarrietan inbertituz eta larrialdi klimatikoaren aurrean neurri zorrotzak hartuz.

Izan zezakeen tentaziorik herrialdeak erregai fosilen etekinetatik aberasteko. Alta, bi arrazoi egon daitezke Eskoziak hartu duen bidearen iturburuan: bata, Ipar itsasoko erregai fosilen biltegien egoera –sekretua da bertan geratzen den gas eta petrolio-erreserba–; bestea, epe luzeko begirada bati erantzun diezaiokeen apustua egin nahi izatea, ingurumenarekiko jasangarriagoa eta etikoki zuzenagoa dena.

Itsas haizea, buruan

Politika energetikoaren gaineko eskumenak Westminsterrenak badira ere, zirrikitu bat topatu du Eskoziak ingurumenarekiko jasangarriagoak diren politikak garatzeko. Izan ere, politika energetikoak ez baina ingurumena babesteko politikak Holyroodeko Legebiltzarraren eskumenen baitan aurkitzen dira, eta aukera hori baliatu du Eskoziak lehenik energia berriztagarriak sustatu eta ondoren larrialdi klimatikoa aldarrikatuz karbono emisioei gerra deklaratzeko. «Aukera ekonomikotzat hartu ditu Gobernu eskoziarrak energia berriztagarrien sustapena eta klima-aldaketaren aurkako jarduna», adierazi du Andy Kerrek, Edinburgh for Carbon Innovation erakundeko zuzendari nagusiak.

Zentzu horretan, urrats bat aurretik doa Eskozia Britainia Handiko gainerako herrialdeekin konparatuz energia berriztagarrien sustapenean. 2018an, esaterako, berriztagarrietatik eratorritako energia kontsumoaren kopuruan errekorra ezarri zuen herrialdeak; Edinburgoko Gobernuaren Energia eta Industria Departamentuak emandako datuen arabera, orduko 26.708 gigabyte sortu ziren iragan urtean, 2017ko datuekin alderatuta %6,1 gehiago. Zenbakiei zentzu praktikoa ematearren, herrialdean 2018an kontsumitu zen energiaren hiru laurden berriztagarrietatik eratorriak izan zirela esan daiteke –zehazki, kontsumitutako energiaren %74,6k zuen jatorri berriztagarria–.

Horien artean, itsasoko haizetik sortutako energia eolikoa da nagusi Eskozian, alde handiz gainera. Izan ere, 2018ko martxo eta aurtengo hil beraren artean bikoiztu egin zuen herrialdeak aipaturiko energia mota sortzeko gaitasuna. Berriztagarrietatik eratorritako energian izan den hazkuntzak, gainera, izan du eraginik honen esportazioan ere: orduko 12.868 gigabyte saldu zituen atzerrira herrialdeak 2017an; 2018an, aldiz, 24.379 izan ziren.

Paul Wheelhouse Eskoziako Energia ministroak izan zuen aipatutako datuen berri emateko ardura. Herrialdearen baitan berriztagarrien sektorea «indartzen» ari dela nabarmendu zuen. Bestalde, baina, Westminster sektorearen baitan ezartzen ari den murrizketa politika kritikatu zuen, eskoziar Gobernuaren jardunean oztopoak jartzen ari dela leporatuta. «Nahiz eta Gobernu britainiarrak 2015etik berriztagarrien sustapenerako kaltegarriak diren politikak agindu, kalteak batez ere itsas haizetik eratorritako energiari ezarriz, Eskoziako berriztagarrien sektorea babesten jarraitzen dugu», aldarrikatu zuen, gaineratuz bere horretan jarraitzen dutela energia mota hori sortzeko beharrezkoak diren azpiegituretan egiten ari diren inbertsioek eta energiaren sorkuntzak berak. «Besteak beste, aldaketa klimatikoaren albo-kalteak saihesteak duen garrantziagatik», azpimarratu zuen.

Ingurumenaren aldeko mugimenduek ere begi onez hartu dute herrialdeak berriztagarrien arloan eman duen aurrerapausoa. WWF Scotland erakundeko politiken burua da Gina Hanrahan. Zalantzarik gabe dio berriztagarriek «berebiziko papera» dutela herrialdea energiaz hornitzen, lanpostuak sortzen eta emisio kutsakorrak murrizten. «Aldaketa klimatikoari aurre egiteko urgentzia gero eta nabarmenagoa den honetan, ospatu baino ezin dugu egin aurrerapauso hau», adierazi du.

Berriztagarrien industria bera ere, noski, kontent da emaitzekin. «Gure industriak lanpostuak sortzen ditu eta, bide batez, klima-aldaketa arintzen laguntzen du energia sortzeko Erresuma Batuak erre behar duen erregai fosilen kopurua murriztuz», aldarrikatu du Scottish Renewables erakundeko politiken zuzendari Joe Mitchellek. Kalkuluen arabera, 17.000 pertsona enplegatzen ditu sektoreak Eskozian.

Klima-larrialdian

Berta Thunberg gazte suediarraren temakeriak izan du emaitzarik han-hemen. Eskozia da Thunbergen deiari erantzun eta klima-larrialdia deklaratu duen herrialde horietako bat. Nicola Sturgeon lehen ministroak egin zuen deklarazioa, alderdiaren iragan apirileko konferentzia baliatuz. Bertan, SNPko kideen aurrean, aldaketa klimatikoaren aurkako hainbat gazte aktibistekin izandako elkarrizketa batek «inspiratu» zuela onartu zuen: «Zuzen daude».

Thunbergek deitu eta mundu osoan, ostirala joan ostirala etorri, protestan aritzen diren ikasleen ekimenen eta Extinction Rebellion klima-aldaketaren aurkako mugimendu britainiarrak deitu protesten ondotik iritsi zen Sturgeonen urratsa. Eskozia aldaketa klimatikoaren aurkako borrokaren «buruan»&flexSpace;dagoela aldarrikatu zuen lehen ministroak, eta 2045. urterako herrialdea karbono emisioei dagokienez neutro izateko helburua ezarri zuen. Klima-aldaketarako batzordeak marraztuko dio bidea Gobernu eskoziarrari, eta hala eskatuz gero euren helburuetan urrats bat aurrera egiteko prest agertu zen Sturgeon, helburuak erdiesteko epemugak murriztuz, esaterako.

«Orain aste batzuk, klima-aldaketaren gaiarekin kanpaina egiten ari diren hainbat gazterekin elkartu nintzen. Munduan zeharreko gobernuek larrialdi klimatikoa deitzea da euren helburua. Diotenez, hori da zientziak eskatzen duena. Eta zuzen daude», adierazi zuen alderdikideen aurrean egindako hitz-hartzean. «Eskoziak dagokion mailan erantzungo dio aferan duen ardura mailari», nabarmendu zuen.

Zer esan nahi du, baina, larrialdi klimatikoa aldarrikatzeak? Ez da honen inguruko definizio bateraturik, helburu batek ematen dio zentzua urratsari: herrialdeak karbono emisioei dagokienez neutroa behar du izan 2030erako. Aipatu helburua Gobernu britainiarrak bere buruari ezarritakoa baino askoz ere anbizio handiagokoa da; izan ere, 2050a dauka ezarrita epemugatzat Londresek aipatu helburua erdiesteko.

Elkarrizketa nazionala klimaz

Helburuak zentzurik izan dezan eta praktikoki egingarria izan dadin beharrezkoa du gizartearen inplikazioa. Hori hala, klimaren inguruko elkarrizketa handi baterako deia egin zuen Gobernu eskoziarrak duela pare bat aste. Elkarrizketa hauek larrialdi klimatikoari aurre egiteko aurrera eraman daitezkeen ekintzak eztabaidatzeko erabili nahi du Sturgeonek, World Forum on Climate Justice erakundeak antolatutako jardunaldi batean aurreratu zuenez.

«Eskoziak, dagoeneko, %47 murriztu ditu berotegi efektua eragiten duten gasak 1990etik hona. Urrunago joan nahi dugu, ordea, eta aldaketa klimatikoari egiten diogun ekarpenari amaiera eman nahi diogu behin betiko», azaldu zuen Sturgeonek. Horretarako, herritarrak, enpresak, industriak eta sektore publikoa interpelatu zituen, klimaren inguruko elkarrizketa nazionalera gonbidatuz.

«Karbono emisioei dagokienez neutro izatera iristeak aldaketak eskatzen ditu bizitzako alor guztietan. Aldatu beharko dugu bidaiatzeko modua, etxeak eta lantegiak bero mantentzeko erabiltzen ditugun teknikak, eta hiri eta herrien diseinuak. Azkartasunez mugitu behar dugu zirkularra izango den ekonomia eredu batera, eta horretarako beharrezkoak izango diren teknologiak garatu eta inplementatu beharko ditugu. Honek guztiak esfortzu handia eskatuko digu, eta modu justu batean egin beharko dugu; horretarako bultzatu dugu klimaren inguruko elkarrizketa nazionala», aldarrikatu zuen lehen ministro eskoziarrak.

“Kontsulta-ekitaldi” deiturikoak antolatu ditu Gobernu eskoziarrak ekimenari hasiera emateko. Komunitate eta enpresekin bilduko dira horietan, eta zuzenean hartuko du parte horien antolakuntzan Edinburgoko Exekutiboak. Ekitaldi hauen bidez milaka lagunengana iristea espero du Sturgeonen Gobernuak, horien «kezka, lehentasun eta nahiak» entzuteko. «Eskoziar gizartea zer egiteko prest dagoen entzun nahi dugu. Era berean, beraiek eskoziar Gobernuak egin dezakeenaren inguruan dituzten iritziak jaso nahi ditugu», adierazi du SNPren Gobernuak. Hala, abian da Eskozian klima-larrialdiari aurre egin asmo dion mugimendua.

 

Orkney, iraultza energetikoaren paradigma

Artxipelago okupatua da Orkney. Izan pikto, bikingo edo turista, guztiek (izan) dute jomugan Eskozia iparraldeko uhartedia. Hainbat dira gunea ezagutarazi duten arrazoiak, horien artean bi nabarmenenak: arkeologikoak eta energetikoak. Behin lehenen berri emanda –2017ko ekainaren 3an publikatutako artikuluan–, bigarrenei egingo diegu so lerrootan.

Paradoxikoki, artxipelagoan bertan sortutako energiak hornitzen ditu Orkneyra gerturatzen diren gurutzaontziak. Izan ere, zerbait badu artxipelagoak hori haizea eta olatuak soberan izatea da, energia sortzaile ezin hobeak biak ala biak ere.

Zentzu horretan, sekulako iraultza bizi izan du artxipelagoak azken urteotan, energia sorrera eta kontsumoari dagokionez. Duela ez asko arte, energetikoki dependentea zen Orkney, ikatz eta gas erreketatik eratorritako energia behar zuen bere behar energetikoak asetzeko. Egun, baina, sortzen duena baino energia gutxiago kontsumitzen du; eta sortzen duen energia guztia berriztagarria da.

Komunitarioak diren turbina eolikoak dituzte Orkneyn, bertakoentzat energia sortzen dutenak; auto elektrikoak gidatzen dituzte uhartetarrek, kutsadurarik sortzen ez dutenak; eta olatu eta mareen joan-etorritik sortzen den energia elektrizitate bilakatzeko gailuak ari dira testatzen artxipelagoan; eta, epe laburrera, gurutzaontziak gasolioz hornitu beharrean nitrogenoz hornitzeko asmoa dute.

«Hau iraultza da, energia berriztagarrien baitako iraultza», adierazi du Laura Watts Edinburgoko Unibertsitateko Geozientzia Eskolako azken urteko irakasleak.