Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Imanol Galdos
«Beste Hitzak/Other Words» ekimenaren koordinatzaile nagusia

«Egunotan beharrezkoa da aniztasuna aldarrikatzea, ez modu sinbolikoan, modu praktikoan baizik»

Euskal Herria, Mazedonia, Irlanda, Eslovenia eta Frisia. Errealitate oso desberdinak bizi dituzten bost herrialde, parekotasun garrantzitsu batekin: guztiek daukate bultzatu eta babestu beharreko hizkuntza txiki edota gutxitu bat. Amaitzear den proiektuak harilkatu ditu guztiak eta bidean baita besteren bat ere.

Lau urteko bidea aurreikusia zuen “Beste hitzak/ Other Words» proiektuak. Eta bide horixe bete du asteon. Azken puntadak irailean emango dizkiote egitasmoari.

Europa mailako hizkuntza txiki edota txikituak ikusaraztea, bultzatzea eta beren artean harremanetan jartzea zuen helburu nagusia proiektuak. Donostia Kultura eta Donostia 2016 hasi ziren proiektua josten eta nazioartean beste lau bazkide izan dituzte: Irlanda, Mazedonia, Eslovenia eta Frisia.

Baina aurreikusitako bidean espero gabekoak ere gertatu dira. Adibidez, Curaçaok, Venezuela parean den Herbehereen mendeko irlak, parte hartu du proiektuan eta frisiarrek, bertsolaritzarekin liluratuta, bertso eskolen ideia eraman nahi dute berera.

Esandakoa, aurreikusitakoak bete dira eta espero gabekoak besoak zabalik hartu dituzte; literatura aitzakia, hizkuntza txikietan ari direnek desberdintasunetik parekotasunak ikusi dizkiotelako elkarri. Proiektuaren koordinatzaile Imanol Galdosekin errepasatu du GAUR8k bidea.

Donostia 2016aren bueltan sortutako proiektua da.

Donostia 2016aren testuinguruan sortutako proiektua da bai. 2015eko urrian, Donostia Kulturako hainbatek proiektua prestatu eta Europan aurkeztu zen. Lau urteko ibilbidea aurreikusia zuen proiektuak eta, Donostia 2016ko egitura bertan behera geratzean, beste norbaitek eutsi behar zion proiektuari. Horregatik sartu zen nagusiki Donostia Kultura, egitasmoak jarraipena behar zuelako 2016tik harago.

Hizkuntza txikien eta gutxituen bozgorailu izateko bokazioarekin sortu al zen?

Baietz esango nuke. Proiektuan parte hartzen duten bost errealitateak oso desberdinak dira, baita egitura politiko aldetik ere.

Adibidez, Irlanda oso kasu paradigmatikoa da. Estatu bat da –parte bat behintzat–, identitate handiko herria da, baina hizkuntzaren aldeko hautua ez zuten egin. Urratsak ematen ari dira, baina garbi esan beharra dago Irlandan une honetan Euskal Herrian duela 50 urte genuen egoera paretsuan daudela hizkuntzari dagokionez.

Gure krisi, ahulgune eta eraso guztiak ahaztu gabe, irlandarrei edo frisiarrei esaten diegunean gure gazteek unibertsitatean euskaraz ikasten dutela, harrituta geratzen dira. Eta egia esan, proiektuan parte hartu dugun bost errealitateetan, euskararena da aurreratuen dagoena.

Frisieraren arrastorik ere ez dago unibertsitatean eta lehen eta bigarren hezkuntzako eskoletan ere apenas ordu gutxi batzuk eskaintzen dizkiote. Baina nederlandera bera ez dago askoz hobe Herbehereetan. Badira zenbait herrialde oso aurreratu, bertako hizkuntza nazionala bigarren lerroan utzi eta ingelesaren aldeko hautua egin dutenak.

Esloveniaren kasuan, estatu bat da, biztanle kopuruan Euskal Herriaren parekoa, eta eslovenieraren ofizialtasuna nahiko errotuta daukate. Mazedonian ere antzeko.

Hizkuntza txikietan aritzen diren idazleentzat sorkuntza-egonaldiak. Hori zen programaren ardatz nagusia.

Bai, eta hori erabat bete da. Nik uste dut aukera ikaragarri bat izan dela hizkuntza txikiak beren eremutik kanpo ezagutzera emateko. Irlandako ordezkariak esan zuen, eta ni harritu egin nintzen, gaelikoz idazten duten idazleek nazioartean egonaldiak egiteko izan duten lehen aukera izan dela. Horrek zalantzarik gabe balio handia dauka.

Nik uste dut proiektu honek balio izan duela norberaren esperientzia kanporatzeko, horren berri emateko, eta, era berean, besteen errealitateaz jabetzeko. Horrek ikaragarrizko balioa dauka; Mazedonian edota Eslovenian izan diren euskal idazleek enbaxadore lana egin dute eta hori garrantzitsua da.

Horrez gain, freskatzeko aukera izan da, arnasa hartzekoa eta ahalduntzekoa; gure hizkuntza txikiek gure herritik kanpo ere balio dutela ikusteko aukera.

Errealitate oso desberdinak ditugu; akademikoki, intelektualki, ekonomikoki, politikoki... baina elkarren beharra daukagu zalantzarik gabe.

Europaren ahultasunez hitz egiten den garaiotan, hau bada Europa egiteko modu bat. Finean, estatu handi batzuk kenduta, Europan denok gara herri txikiak.

Herri txikiak eta hizkuntza txikiak kabitzeko moduko Europan sinisten duzu beraz.

Ez dago beste aukerarik. Momentu honetan mundu osoan bi ikuspegik talka egiten dute. Bat, homogeneoa, etnizitateei eta aniztasunari ateak ixten dizkiona; AEBetan, Brasilen eta Europako toki askotan ikusten ari garena.

Nik adibide bezala jartzen dut Boisen gertatu dena. Ondo ezagutzen dut bertako errealitatea eta lotura handia daukat Idahoko hiriburuarekin. Boise State unibertsitateko errektore berriak kargu hartu zuen duela bi aste: Marlene Tromp. Idaho oso estatu errepublikano eta eskuindarra da. Parlamentuko gehiengo errepublikanoak Boiseko unibertsitateko errektoreari bidali dion lehen eskaera honakoa izan da: aniztasunaren eta gutxiengoen alde martxan dauden programa guztiak bertan behera utzi ditzala.

Boise State Universityk urtetan programa ugari jarri ditu martxan munduan zeharreko jendea bertara erakartzeko; afrikarrak, nepaldarrak... Programa horiei esker, Boiseko unibertsitateak ahots desberdineko ikasleak bildu ditu urte askoan. Eta orain zer eta bikaintasun akademikoari aniztasunaren aldeko programa horiek kalte egiten omen diote. Gezurra galanta. Boisen sekulako iskanbila sortu da kontu horrekin.

Horrekin esan nahi dudana da, Boisen, Espainian edo Brasilen berdin, hori daukagula jokoan. Eta Other Words programa testuinguru horretan kokatu behar da. Literatura arloan daukan balioaz gain, mundu mailako testuinguru horretan daukan balioa nabarmendu nahiko nuke.

Euskararen kasuan, aurrerapauso handiak eman ditugun arren, dena ez daukagu irabazita. Guri ere esaten dizkigute bikaintasun akademikoaren kontu horiek. Mamu horiek denak hor daude eta aniztasuna aldarrikatzea beharrezkoa da egunotan, ez modu sinbolikoan, modu praktikoan baizik. Kontserbadurismoak eta gaizki ulertutako pragmatismoak kalte handia egiten diote aniztasunari. Hizkuntza handien edota menderatzaileen aurrean, lortu dugunari eutsi egin behar diogu. Euskaldunak gaizki egongo gara, baina lortu dugun hori ez dago irabazita.

Gatozen proiektura. Bost bazkide hasi ziren, baina bidean batu zen seigarrena.

Bai. Abiatu ginenean bost bazkide ginen eta bete beharreko egutegi eta planifikazio bat geneukan. Baina, zorionez, eta nabarmendu beharrekoa iruditzen zait, proiektuak gero aurreikusita ez zeuden beste fruitu batzuk eman ditu.

Lehena, Frisian. Landa ingurune batean kokatutako herria da eta hizkuntzaren garapena apal samarra da. Baina iruditzen zait beraientzat programan sartzea berpizkunde bat izan dela eta emozionalki indartu egin dituela. Hona etorri zen idazleetako batek, Bart Kingmak, oso ondo irakurri zuen Euskal Herria. Oso pertsona kartsua da eta bertsolaritzarekin maitemindu dela esan daiteke. Horrela, proiektu bat otu zitzaion. Frisiako telebista nazionaleko lantalde bat etorri eta bertsolaritzari buruzko dokumental bat ekoitzi zuen. Gero, lan hori Frisiako telebistan eta Herbehereetako telebista nazionalean eman zuten. Eta bertsolaritzatik abiatuta, tesi bat garatu dute: bertso eskolak eredu hartuta, posible ote da Frisian bertsolaritzaren antzeko zerbait bultzatzea? Horretan ari dira.

Bigarrenik, bildts hizkuntzarena aipatuko nuke. Other Words programan aurreikusita zegoen herrialde bakoitzak idazle bat eta herrialde bat parte hartzera gonbidatzea. Herbehereetan hizkuntza txikiak daude eta horietako bat da bildts hizkuntza, eskualde txiki batean gutxi batzuk egiten dutena. 5.000 biztanle ditu eta arriskuan dago. Gerard de Jong “Bildtse Post” egunkariko zuzendaria etorri zen Euskal Herrira eta bete-betean sartu zen bertako errealitatean. Bere hitzetan, programari esker bildts hizkuntzaren errealitatea bistaratu ahal izan da. Herbehereetan bertan jende askok ez zekien hizkuntza horren berri. Eta, gainera, Gerard de Jong Pasai Donibanen zegoen bitartean –Euskal Herriko egonaldiak bertan izan dira–, Herbehereetako irrati publikoko kazetari bat egon zen hemen astebetez eta haren jarraipena egin zuen. Gero, saio sorta hori irrati publikoan eskaini zuten egun dezentetan.

Eta, hirugarrena, Curaçao. Donostiako taberna batean Curaçaoko emakume bat ezagutu nuen. Venezuelako iparraldean dago, garai batean “Holandarren Antillak” deitzen genituen uharte horietako bat da. Herbehereen mende dago Curaçao eta bi hizkuntza ofizial daude bertan: nederlandera eta papiamentoa. Papiamentoa portugesa, nederlandera, espainiera eta Afrikako hizkuntzen nahasketa bat da. Hizkuntza txikia da, baina ofiziala.

Hizketan hasi eta okurritu zitzaigun ideia ona zela Curaçaoko idazle batek nazioarteko egonaldi bat egitea Other Words proiektuaren baitan. Baldintzak betetzen ziren, Curaçaokoak hiritar europarrak direlako –Herbehereen mende dago– eta horrela bidali genuen bertako idazle bat Irlandara egonaldia egitera.

Sekulakoa izan zen. Curaçaon benetan harrera ona izan zuen proiektuak. Deialdia oso lehiakorra eta arrakastatsua izan zen –nabarmendu beharra dago idazleen deialdiak horrela izan direla herrialde guzti-guztietan– eta proiektuak oihartzun garrantzitsua izan du bertako komunikabideetan. Beste kasu batzuetan bezala, papiamentoa darabilen idazle batek nazioartean egonaldia egiteko izan duen lehen aukera izan da.

Eta espero gabe, Kariberaino.

Bai, eta horrek aukera ematen digu begirada altxatu eta han ere gure erronka berdintsuak dituztela konturatzeko. Curaçaon ingelesak eta espainierak sekulako indarra daukate eta testuinguru horretan mugitu behar du papiamentoak. Han ere badira erasoak, ahulguneak, elkarbizitza arazoak...

Denok gara txikiak eta den-denok daukagu elkarren beharra, bai mundu globalizatu batean bizi garelako eta baita joera homogeneizatzaileak gero eta nabarmenagoak direlako ere.

Lau urteko programa bete da eta amaitu da. Aurrera begira, zer?

Ofizialki, programa honek bukaera bat dauka, oraintxe. Baina, inolako zalantzarik gabe, guk jarraipena eman nahiko genioke. Izan ere, ez gaude eskuak jaitsita eta zain egoteko moduan. Jarraipena beharko luke eta desiragarria izango litzateke. Badago Europan berriro ere eskaera bat egiteko aukera. Baina horrek aurrera egingo ez balu, oraingoan bazkide izan garenok eta gerora interesarekin gerturatu zaizkigun beste herri batzuek –Eskozia, esaterako– bidea egiteko modua izan dezakegu. Ikusiko da.

Baina hizkuntza txikien alde lan egin beharra dago; inoiz baino behar eta premia handiagoa dago aniztasunaren aldeko bideari eusteko, eraso eta arrisku ugari dauzkagulako.