Nekane Zinkunegi Barandiaran

Diskriminazioaren eskala

Belgika eta Herbehereak hautatu ditugu aurtengo oporraldirako. Autoz etxetik harako bidea luzea izanik, Gantetik egin dugu Utrechterako bidea, eta Amsterdam bisitatuta itzuli gara Bruselara.

Belgikako camping batean, seme txikiari laguntzeko gizonezkoen komunera sartu zen ama ikusita, eztabaida sortu da: zein da konbinazio egokia halako egoeretan? Gizonezkoen edo emakumezkoen komunera joan behar du semeari laguntzera amak? Aita bada alabarekin doana, nora sartu behar du? Helduari dagokion komunera, edo haurrak heltzean joan beharko lukeenera?

Zorionez, Herbehereetako camping batean, genero markarik gabeko komunak topatu ditugu. Bereizgarri bakarra: haurrentzako konketako zulo txikiagoaren aukera duten komunen ikurra.

Gai horretaz ari garela jakin dugu Izaro Lastayo Getariako Arraun Taldeko patroiak ezin duela gizonezkoen Kontxako Banderan lehiatu. Bilbon talde bortxaketa bat egin dutela, eta Donostian sexu erasoa gertatu dela. Eta halakoak saihesteko, emakumeentzako nagusikeriazko aholku merkeak hedatu dituela Ertzaintzak. Edota Bilboko alkate jaunak, prebentzioan sakondu ordez, nahiago izan duela zigorraren eta sekurokraziaren mezua eman. Bien bitartean, sare sozialak ustezko bortxatzaileen jatorriaren inguruko astakeriez bete dira.

Sistema heteropatriarkala zeinen errotuta daukagun ikusteko balio dute adibide horiek. Besteak beste, umetatik komunetan abiatutako bereizketaren oinarrian dagoenak eragiten baitu gerora eraso matxisten muinean dagoena. •