Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Ilunpeko pilotariei, frontoi txikiko haurrei

Pasa dira «San Iñaziyuek». Hango tiobibo eta kontzertu, bertako banda herriko kaleetatik gora eta behera, txosnak, dantzak, amodio-kontuak, gaupasak, Gixau Txapelketa, elektrotxufla eta txikiteo luzeak. Euskal preso politikoen aldeko Sare Eguna, emakume pilotarien partidak. Familia bazkariak ahaztu gabe.

Geuk ere izan genuen geurea: izeba, lehengusu-lehengusinak eta haien seme-alabak elkartu ginen. Gure kasuan ederra izaten da urtean behin elkartzea eta elkarren berri izatea, txikitako pasadizoez hitz egin eta gustura familia giroan egotea. Polita da ere belaunaldi ezberdinak elkartzea, nahiz eta gurean kide askok beste norabaiteko bidea hartua izan. Haiek ere gogoratu genituen. Seguru gure ondoan egon zirela!

Egun berean pilota partidak ikustera joan ginen, bertako Alberdi eta Egigurenek jokatzen zuten beste batzuen artean. Izarraitz pilotalekua beteta zegoen; ikaragarria da oso azken urteetan pilotaren inguruan sortu den afizioa herrian.

Gaurko honetan Ilunpeko mutilez hitz egin nahiko nuke. Donostiako Atanora herriarteko finala ikustera joan ginenean jarraitzaile batek zera galdetu zidan: «noiz idatziko duzu mutil hauen inguruan?». Agindu nion egingo nuela eta hementxe ba agindutakoak betetzera.

Ilunpe Azpeitiko Pilota elkartean 140 haur izena emana daude gutxi gorabehera, eta horietako bi neskak dira. Ikaragarria da entrenatzaileek haur horiekin egiten duten lana, ez naiz ari fisikoki edo kirol mailan bakarrik, baizik eta nola hartzen dituzten haurrak txikitatik, nola motibatzen dituzten eta zein gustura joaten diren astero-astero lagunenera pilotan jolastera, lagun talde ederra sortzen delako frontoiaren bueltan.

Atanora joan ginenean ilobak jokatzen zuen finalean, eta zera esan nion: «espero guk zu pilotan ikusten adina gozatzea zuk pilotan jolasterakoan», ederra baita haur gazte horiek pilotan nola egiten duten ikustea.

Frontoi txikian jokatzen zutenean, bertako aiton-amonak askotan ikustera joaten ziren, frontoi inguruan giroa jarriz eta afizioa eginez. Azkenaldian Izarraitzen jokatzen dute, baina berdin du, hara ere joaten dira. Euskal pilota delako gurea. Oteizak zioen euskal pilota kirol zorrotza dela, norberari bere buruaren aurka jokatzea dagokiolako: exijentziak, bakardadeak, urduritasunak, afizioaren beroak. Partida askok eskatzen dute goreneko maila.

Pareta baten aurka pilota bota eta bueltan dakarrena norberaren zerbait omen da. Zaila da ere guraso bezala, zeure semea frontoian bakarrik sufritzen ikustea, eskuko minak eta masajistak tartean; baina ederra hura zuriz jantzita gurea den kirol ederrean gozatzen ikustea, astero-astero irribarretsu entrenatzera edo partidetara zer gustura joaten den ikustea.

Eta horrelaxe ibiltzen gara frontoitik frontoira, gustura asko, aitona kotxean hartuta. Ilobak eta semea ikustera, hara eta hona Euskal Herriko leku ezberdinak ezagutuz: Amaiur, Elizondo, Getaria, Leintz Gatzaga, Donostia, Zestoa, Legazpi, Lazkao, Aretxabaleta…

Pilotaz ari naizela, ezin aipatu gabe utzi orain dela gutxi sortutako Emakume Pilotari Elkartea ere, benetan behar-beharrezkoa baita gure herrian eta bailaran, denok gure aukerak izan ditzagun kirol eder honetaz gozatzeko. •