Joxean Agirre

Oporrak

50eko hamarkadan, John Howard izeneko kazetari estatubatuar zuri batek azaleko kolorea aldatu eta hilabete batzuk eman zituen lanean, beltza balitz bezala, hegoaldeko kotoi sailetan. Eta liburu bikain bat argitaratu zuen, “Black like me”, beltzen egoera salatuz.

Günter Wallraff izeneko beste kazetari batek antzeko esperientzia bat burutu zuen Alemanian turkiar etorkinen egoera aztertzeko eta “Ganz unten” (frantsesez “Tête de turc”) liburua atera zuen.

Yoram Binur israeldarra palestinar bilakatu zen aldi batez eta haiekin bizi ondoren “My enemy, my self” liburua kaleratu zuen, palestinarren patua eta egoera salatzeko.

Militantziagatik mozorrotu ziren eta hirurek izan zituzten arazoak ondoren eguneroko bizimodura itzultzeko. Azken biek beren herrialdeetatik alde egin behar izan zuten.

Esaten dute oporrak abagune aproposa direla gure eguneroko guretasunetik atera eta besteren larruan sartzeko. Ni neu datozen bi aste hauetan erromes izan naiteke, baina seguru nago gauetan gizonezkoen zurrungek esnatuko ninduketela Santiagora bidean dauden albergeetan. Edo mendizale bihur naiteke Pirinioetan, baina uste dut gainkarga bat dudala ezkerreko zangoan. Pirata ere izan naiteke egun batez Donostian, baina adinak ez dut uste lagunduko didanik abordatzeak behar bezala egiten. Aberatsen bizimodua ezagutzeko aukerak ere erakartzen nau, baina Caprin, esate baterako, etxe eder baten alokairua ordaintzeko auzokoa atrakatu beharko nukeen.

Datozen bi asteotan euskaldun jator eta aspergarri bat izaten jarraitzea erabaki dut. Sardina erreak jango ditut Algortako Portu Zaharrean edo bokata bat Txomin Barulloren txosnan. Jeltzale baten larruan sartzea erraza iruditzen zait, batzokiren batera joan naiteke bazkaltzera, baina Bizkaian beharko luke, Gipuzkoan erreparoa ematen dit. Okerrenean ere herrian gera naiteke eta garagardo bat edango dut gauetan Argiñanoren terrazan, nafarrek etxera alde egiten dutenean. •