Amagoia Mujika Telleria
ADINEKOAK ETA ZAURGARRIAK

Adinagatik edota minbiziagatik makal daudenei mesede egiten die ariketa fisikoak

Ariketa fisikoaren onurak hitzetik hortzera dabiltzan arren, bada hortik aparte utzi ohi dugun biztanleria: egoera zaurgarrian dauden adinekoak. Horiei, normalean, atsedena agintzen zaie. Ikerketa batek ondorioztatu duenez, pertsonalizatutako ariketa fisikoarekin erorketak murrizten dira, gaitasun funtzionalak hobetu eta hilkortasuna gutxitu.

Bada adinagatik edo gaixotasunagatik makalduta dagoenari atsedena aholkatzeko joera. Ahalik eta gutxien mugitu, hobeto. Baina, mesedegarria ote da benetan joera hori? Zer-nolako eragina izan dezake ariketa fisikoak egoera zaurgarrian daudenengan? Zalantza horri segika osatu du Haritz Arrietak, UPV/EHUko ikertzaileak, bere doktorego tesia.

«Helburu nagusia izan da ariketa fisikoko programa baten eraginkortasuna aztertzea bi biztanleria zaurgarritan. Horietako bat hirugarren adineko egoitzetako pertsonak izan dira. Eta, bestea, Bordeleko Unibertsitatearekin egindako elkarlan baten bitartez, minbizia daukaten hirugarren adinekoak. Horiekin ariketa fisikoko beste programa baten eraginkortasuna aztertu dugu», zehaztu du Arrietak.

Ariketa fisikoak hauskortasunean, gaitasun funtzionalean eta funtzio kognitiboan duen eragina aztertu dute beraz. Izan ere, zaurgarritasun egoeratan maiz ez da ariketa fisikoa bultzatzen beldurragatik edota ezjakintasunagatik. «Askotan ez dakigu zer, nola eta zenbat egin. Oso ikerketa gutxi daude. Ariketa fisikoaren onurak aztertzen dituzten gero eta ikerketa gehiago daude, baina biztanleria zaurgarrien kasuan daukan inpaktua oso-oso gutxi ikertu da. Gure helburua, bi ikerketa horien bitartez, aurrerapauso bat ematea izan da».

Hirugarren adinean, eta bereziki egoera zaurgarrian daudenen kasuan, duela gutxira arte joera garbia izan da: atsedena, lasaitasuna eta errekuperatzen saiatzea. Arrietaren ustez, «akaso erortzeko beldurragatik gertatzen da, onurak ez direlako garbi ikusten... Baina ideia horri pixkanaka buelta ematen ari gara eta atseden hori ariketa fisikoarekin tartekatzen. Ariketa fisikoaren onurak posible direla ikusten ari gara. Badirudi gaztea zaren bitartean garbi ikusten dela ariketa fisikoaren onura. Baina adin batetik aurrera, hobe dela atseden hartzea. Uste dut orokorrean ideia horri buelta ematen ari dela gizartea, atseden luze horrek kalteak dakartzalako».

Bi entsegu kliniko

Ikerketa horretan bi entsegu kliniko burutu dira: lehena, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, eta, bigarrena, minbizia zuten eta beren etxean bizi ziren hirugarren adinekoekin.

«Parte hartzaile guztiek irizpide zehatz batzuk betetzen zituzten eta denek jaso dute entsegu klinikoan parte hartzeko gonbidapena. Behin gonbidapena onartuta, bi taldetan banatu genituen: kontrol taldea eta talde esperimentala. Kontrol taldean zegoenak egoitzako jarduera programa jarraitu zuen, betiko jarduerak alegia. Aldiz, talde esperimentalean zegoenak, egoitza bakoitzeko jarduera programa horri ariketa fisikoko programa bat gehitu zion. Minbizia zutenen kasuan, antzekoa izan da prozedura. Kontrol taldean zegoenak ohiko atentzio programa jarraitu zuen, eta, berriz, talde esperimentalean zegoenak, ohiko jarduera programaz gain, jarduera fisikoko programa bat ere jarraitu zuen».

Bi entseguen arteko ezberdintasun nagusiena honakoa izan da: egoitzetan jarduera bertatik bertara gainbegiratua izan da. Ariketa fisikoko saioak taldeka eta bertan gidatuak izan dira. Eta minbizia zutenen kasuan, norberak etxean, kalean edo inguruan burutu ahal izateko jarduera fisikoko gomendioak jaso zituen, telefono bidez kontrolatuta.

Lehen kasuan Gipuzkoako hamar egoitzatako 112 pertsonak parte hartu zuten. Bigarren kasuan, minbizia zuten 300 pazientek. Guztiak 70 urtetik gorakoak izan arren, egoera desberdinak bizi zituzten. «Alde batetik, minbizia zutenak beren etxean bizi ziren eta independenteak ziren. Ez zuten mendekotasunik. Aldiz, egoitzetako adinekoen kasuan mendekotasuna bazegoen, fisikoa edota kognitiboa», argitu du Arrietak.

Esku hartzea eta jarraipena

Egoitzetan bizi diren adineko pertsonen kasuan, sei hilabeteko esku hartze bat egin zuten. Hori bukatuta, beste sei hilabeteko jarraipena egin zieten; hilkortasunean, erorketetan, gaitasun kognitiboan eta funtzionalean zer-nolako ondorioak izan ziren ikertzeko. Minbizia zuten adinekoen kasuan, esku hartzea urtebetekoa izan zen eta beste urtebetez jarraipena egin zitzaien.

Ariketa fisikoko programak norberaren neurrikoak izan dira eta indarra, oreka eta erresistentzia izan dituzte ardatz nagusi. «Hauskortasuna zahartze prozesuari lotutako sindrome bat da eta oso ohikoa da egoitzetan bizi diren hirugarren adineko pertsonetan. Sindrome hori dutenek arrisku askoz handiagoa dute erortzeko, ospitaleratzeko, autonomia galtzeko...». Hartara, Arrietak ariketa fisikoak hauskortasunean duen eragina aztertu du, hainbat ikuspuntutatik: parametro funtzionalak eta odoleko markatzaileak erabilita eta baita parametro kognitiboak eta psikoafektiboak aztertuta ere. Era berean, ondorio kaltegarriak ere ikertu ditu. Minbizia zutenen kasuan, ariketa fisikoak egoera horretan gertatu ohi den gaitasun funtzionalaren galera ekiditeko balio ote duen aztertu du.

Emaitzak, pozgarriak

Emaitzak pozgarriak izan dira. «Egoitzetan bizi diren pertsonen kasuan, talde esperimentalekoek aldagai gehienak hobetu egin dituzte hiru eta sei hilabetean. Aldiz, kontrol taldean zeudenen kasuan, gaitasun guztiak jaitsi egin dira. Funtzio kognitiboan ere hobekuntza txiki bat sumatu da. Afektibitateari dagokionez ere hobekuntza txikiak ikusi ditugu. Erorketei dagokionez, kontrol taldean ugaritu egin dira erorketak eta talde esperimentalean mantendu egin dira. Alegia, ariketa fisikoarekin ez dira areagotu erorketak. Aldiz, kontrol taldean asko ugaritu dira. Eta, azkenik, hilkortasun tasan ere eragin du. Talde esperimentalean heriotza bat izan genuen, eta, bestean, sei heriotza. Azkenik, sei hilabetean hobetu zutena hurrengo sei hilabetean galtzeko arriskua dagoela ikusi dugu. Alegia, era horretako programek jarraikortasuna eskatzen dute eraginkorrak izateko eta geldiunerik gabe garatu behar dira», laburbildu du ikertzaileak.

Beraz, garbi samar esan daiteke adinekoen egoitzetan daudenei ariketa fisikoak mesede egiten diela. «Geldiunerik gabeko eta denbora luzeko programak bultzatu beharko genituzke. Ikerketaren kasuan, ordubeteko bi saio egin genituen astero. Saio horiek pertsonalizatuak izan dira, hori izan da berritasuna. Ariketa bakoitza pertsona bakoitzaren gaitasunera egokitu dugu. Eta garbi dago emaitzak onak izateko beharrezkoa dela horrela izatea», esan du Arrietak. Adinekoen egoitzetan izaten dira jarduera fisikoak, soinketa saioak, baina badirudi ez direla nahikoak adinekoen egoera hobetzen laguntzeko.

«Ariketa fisikoko saio horiez gain, egoitzetan daudenek ibiltzeko gomendioa ere jaso zuten, pertsona bakoitzaren araberakoa. Egunero ibilalditxoak egiten zituzten, bakoitzak bere neurrian, eta horrek ere hobetu du beren egoera», gehitu du Arrietak.

Bizitza ohituretan eragina

Bestetik, minbizia zuten adineko pertsonekin buruturiko entsegua telefono bidezkoa izan da. «Jarraipena telefonoz egin zen eta parte hartzaileei ariketa fisikoa egiteko gomendioak helarazten zitzaizkien. Gero, haiek beren esperientzia kontatzen ziguten».

Kasu horretan, emaitzak desberdin samarrak izan dira. «Urtebeteko epean ez dugu desberdintasun nabarmenik ikusi kontrol taldearen eta talde esperimentalaren artean. Baina, bi urteren buruan, kontrol taldearen baitan geroz eta okerrago zeuden eta gaitasun funtzionala geroz eta gehiagok galtzen zuten. Aldiz, talde esperimentalean ikusi zen gehienek errekuperatzea lortu zutela. Luzera begira, ariketa fisikoko programa horiek mesedea ekarri zuten. Badirudi urtebetez jasotako gomendio horiek inpaktua izan zutela beren eguneroko ohituretan eta luzera begira mesede egin zutela».

Beraz, ikerketak garbi uzten du ariketa fisikoak mesede egiten diela egoera zaurgarrian dauden adineko pertsonei. «Hurrengo pausua kostu eraginkortasuna aztertzea da eta horretan ari gara. Pertsonalizatutako ariketa fisikoko programa bat martxan jartzea zenbat kostatzen den eta horri esker zenbat aurrezten den aztertu behar da. Osasun arazoei loturiko gastuetan murrizketa ematen da, erizain laguntzaileei eragiten dien inpaktua positiboa da bai fisikoki eta baita psikologikoki ere... Kostu oreka hori aztertzen ari gara», zehaztu du Arrietak.

Lakuako Gobernua eta foru aldundiek diruz lagundutako ikerketa proiektuak dira eta asmoa etorkizunean ariketa fisikoko programak egoitza bakoitzeko jardueren baitan txertatzea da. «Nik uste dut gizarte bezala mentalitatea aldatzen ari garela eta ariketa fisikoak adinekoengan duen eragin positiboaz jabetzen ari garela. Baina gako garrantzitsua da erakundeek horren aldeko apustu serioa egitea eta egoitzetan pertsonalizatutako programak bultzatzea. Eta hori oso garrantzitsua da, norberaren neurrikoak izatea».