joseangel.oria@gaur8.info
ISLANDIA

Krisi klimatikoak desagerrarazitako lehen glaziarra gogoan dute herritarrek

Joan den asteartean Islandia, Suedia, Norvegia, Finlandia eta Danimarkako agintariek adierazi zuten beren lurraldea munduko jasangarriena izan dadin saiatuko direla. Bi egun lehenago, sumendi ugari dituen uhartean desagertu den glaziar handi baten «hileta» egin zuten, gizakion jardueraren inguruko hausnarketak plazaratuz.

Beroketa globalak urtu zuen Okjokull izeneko glaziarra. Joan den igandean etorkizunerako mezu bat duen plaka bat ipini zuten sumendiko tontorrean, mende askotan izotza nagusi izan den tokian, dozenaka herritarrek. Klima aldaketaren ondorioen inguruko hausnarketa egiteko aukera paregabea izan zuten bertaratu ziren zientzialari, ekintzaile eta kazetariek.

Islandieraz “Ok glaziarra” esan nahi du Okjokull hitzak. Uhartearen mendebaldean dago leku triste hori. Reykjavik hiriburutik gertu samar, ipar-ekialdean. Joan den igandean plaka inauguratzera joan ziren batzuek hileta moduan kontatu dute bisita, «700 urterekin hil zen glaziarraren hileta», BBC katearen kronikan irakur daitekeenez.

Zientzialariek 2014an deklaratu zuten ofizialki Okjokullen heriotza, ordurako izotz gehiegi galduta baitzegoen, eta horrexegatik mugitzeko gaitasuna galduta zuelako. Glaziar ikusgarri zena, sumendi bateko tontorreko izotz zati txiki bihurtu da.

Katrin Jakobsdottir lehen ministroa, Gudmundur Ingi Gudbrandsson Ingurumen ministroa eta Mary Robinson Irlandako presidente ohia igandeko ekitaldian elkartu ziren. Jakobsdottiren hitzak entzun ondoren, «hildakoaren» senitartekoak sumendiko tontorrera igo ziren, plaka esanguratsu bat ipintzeko. «Ok da Islandian glaziar izaera galdu duen lehenengoa», irakur daiteke bertan. «Datozen 200 urteetan, gauza bera gertatuko zaie geure glaziar nagusi guztiei. Monumentu honekin adierazten dugu badakigula zer gertatzen ari den eta zer egin behar dugun. Zuek jakingo duzue lortu dugun ala ez», dio idatziak, hemendik mende batzuetara irakurriko dutenei zuzenduta.

Andri Snaer Magnason idazle islandiarrak egindako idatzia ekitaldiko datarekin eta airean dugun karbono dioxido kontzentrazioarekin amaitzen da. «Bestelako denbora esparru bat etortzen zaizu burura paperean idatzi beharrean kobrearen gainean idazten duzunean –esan dio Magnasonek BBCri–. Imajinatzen hasten zara hemendik 300 urtera norbait etorriko dela plaka hori irakurtzera».

Edonola ere, igandekoa planeta osoarentzat une sinboliko garrantzitsua izan zen, idazlearen ustez. «Klima aldaketak ez du ez hasierarik ez amaierarik. Plaka honen atzean dagoen asmoa seinale bat uztea da, gertaera historiko batzuk gertatzen ari direla eta ez genituzkeela normalak izango balira bezala onartu behar nabarmentzen duen seinalea. Ez genuke lasai geratu behar glaziarra besterik gabe joan zela esanez. Gertatutakoa zinez esanguratsua da».

Izotz hila

Oddur Sigurdsson Islandiako Meteorologia Bulegoko glaziologoak 2014an deklaratu zuen Okjokull glaziarraren heriotza. Mende erdia darama herrialdeko glaziarrei argazkiak egiten. Horri esker konturatu zen, 2003an, Okjokullek izotz gehiegi galtzen zuela, gero neguan pilatuko zuen kopurua baino gehiago. «Azkenean pentsatu nuen bertara joan beharra neukala zergatik txikitzen ari zen argitzeko. Horixe egin nuen 2014an –esplikatu die adituak kazetariei–. Glaziarra geldirik zegoen, bizirik egoteko behar duen lodierarik ez zuelako. ‘Izotz hila’ deitzen diogu horri».

Glaziologoak emandako esplikazioen arabera, nahikoa izotz pilatzen denean, presioak berak masa osoa mugitzera behartzen du. «Horixe da glaziar baten eta glaziarra ez den izotz zati baten arteko muga. Muturreko presio hori izateko 40-50 metroko lodiera eduki behar izaten du».

Sigurdsson ez zen bakarrik ibili 2014ko bidaia hartan, hedabide batek glaziarraren heriotzaren berri eman nahi baitzuen. Baina bi lagunen lanak ez zuen lortu herritarrek jaramon egitea. «Harrituta geratu nintzen glaziar hori populazio handiko eskualdeetatik ere ikusten baitzen, eta Islandiako errepide nagusiko puntu askotatik ere bai. Ume gehienek ere ezagutzen zuten, izen bereziarengatik eta mapan zuen lekuarengatik», onartu du zientzialariak. Orduan Cymene Howe eta Dominic Boyer antropologoak iritsi ziren uhartera. Texasko Rice Unibertsitateko irakasle dira biak ala biak. “Not Ok” (euskaratuz gero, “ez dago ondo”) izenburuko dokumentala egin zuten iaz galdu zen glaziarraren inguruan, eta nolabaiteko omenaldia egitea proposatu zuten.

«Hemen dugun glaziar honen historiak kontatzen digu planetako arro glaziar guztietan ikusten ari garen aldaketa katastrofikoa, baina historia bera ez zen hain ezaguna», adierazi zuen Howek BBCren kameren aurrean. «Fenomenoari ikusgaitasuna emateko pelikula egin nahi izan genuen. Eta plakak berak ere helburu bera dauka».

Boyer doktoreak eransten du gizakion “lorpen” bat dela glaziarra hiltzea. «Gertakari handiak eta gizakion ‘lorpenak’ aitortzea izaten da plaken zeregina. Glaziar baten heriotza ere gizakion ‘lorpen’ bat da, zalantzaz betetako ‘lorpena’, hori bai, glaziar hori urtzea klima aldaketa antropikoaren eragina baita».

Lehen ere glaziar asko urtu izan dira, askoz ere txikiagoak normalean. «Baina Okjokullen neurriko glaziarrak dira orain desagertzen hasi direnak. Aurki handienak ere, izen ezagunekoak, mehatxupean egongo dira», dio Boyerrek.

Glaziarrak erabat lotuta daude islandiarren kulturarekin. Snaefellsjokull mendebaldean dagoen sumendiak, esaterako, glaziar bat du. Julio Verneren “Lurraren bihotzeraino” zientzia-fikziozko eleberriko pertsonaiek planetaren erdi-erdiraino doan bidea bertan topatu zuten. Baina glaziar hori ere ahultzen hasita dago. «Nire belaunaldikoek mendi, basamortu eta fiordo garrantzitsuenen izenak buruz ikasi beharra izaten genuen –esan du Magnasonek–. Beraz, kulturalki, glaziar hori haurtzaroan eskolan irakurtzen genituen testuekin ere lotuta dago».

Txikitan ziurtzat emandakoa, orain ez dago hain garbi. «Deskribatzen ikasi genuen mundua, buruz ikasi genuena, betiko gertakari moduan ulertu genuena, erabat aldatuta dago», idazlearen hitzetan.

Edertasuna

Oddur Sigurdsson glaziologoak Islandian 2000n zeuden glaziarren inbentarioa egin zuen: 300dik gora, uharte osoan sakabanatuta.

Orain bi urte, berriz, haietako 56 txikienak desagertuta zeuden. «Orain 150 urte, Islandiako inor ez litzateke glaziarrak desagertzeko aukerarekin kezkatuta egongo. Baina gaur egun, glaziarrek atzera egiten dutenean, gauza eder bat bezala hartzen dira, izugarri ederrak baitira», adituaren iritziz.

Sigurdssonek nabarmendu du uharteko glaziarrik zaharrenek herrialdearen historia osoa gordeta dutela: «Erabat desagertu baino lehen historia hori berreskuratu beharrean gaude».