Xabier Mikel Errekondo

«G puntua» Biarritzen dago

Satelite denek Biarritzerat izan dute jarria gezia. Herritar oro ere 7en mahaira begira egon gara. Eta ez da harritzekoa mundua 7en esku egonda eta Kasinoan lez tapete gainean herritarrok haien gose aseezinaren bazka bagina bezala garabiltzatela. Elkarren artean ere 7ak mokoka aritu dira errukirik gabeko oilar joko makabroan, nor herio, nor mendeko, nor gailendu. Gandor gorena duena da oilarretan oilarrena, esan gabe doa, Trump jauna.

Aitortu behar zaio Trumpi nazioarteko politika gezurti eta aspergarria hankaz gora jarri eta cayena piperminez hautseztatu izana. Gai da txio soil bat misil bilakatzeko, txio batekin mundua dantzan jartzeko. Txio batez misil baten punta sentitzea, hori boterea ez bada... Trump gorrotagarriaren tupeak “me pone!”.

Gailurra goia bada, kontragailurra behea da. Biak alderik alde, gainean eta azpian harremanetan Biarritzeko “G puntuan”. Hauxe bai errealitate politikoaren argazkia, eta, bitartean, Kontragailurra Gailurrari gailendu nahian, hots, azpian hartu eta gainetik jarri gailurreraino, klimaxeraino. Politikaren erotika ote saria iraultza egin (hobe esan, aldarrikatu) bitartean?

Bero egon da Biarritz, politikaren erotikaren gailurra, eta denetan beroena Oxfam elkartea. Nonbait euskal kostaldeak liluratuta hanka bat Gailurrean eta bestea Kontragailurrean zangotrabatuta ibili da, gainean zein azpian. Nago hanka dantza hori ez dela “G puntuarekiko” maitasun-gorroto harremana bilatzea, molde orotako sexu gordina baizik, Kamasutra bera...

“G puntua” Biarritzetik asteartean aldendu zen arren, jendea hasia da estasiaren eraginak sentitzen, haien joko nagusia baita herritarrok izorratzea, jotzea, popatik tik-tik… Denbora kontua da zuk ere nabaritzea.. •