Ana Elosegi Serna
Harremanak Hezkuntza Elkarteko kidea

Harremanen altxorra

Holaxe ba, udara ari zaigu joaten aurtengoan ere oporren deskantsua ziztu bizian igaro ondoren. Berriro ere eskola eta ikastoletako ateak ireki, gelak txukundu, mantalak astindu eta koaderno berriak erosteko ordua etorri da… Boligrafo, hiztegi eta asmo onak pilatzeko ordua. Eskolaz kanpoko jardueren matrikulak egiteko garaia ere bada. Ordutegien krokisa egin eta ai zer-nolako buruhausteak denak ondo ondo koadratu dezan! Futbola, yoga, surfa, tenisa, ingelesa, esku pilota, euskal dantzak... denetik dugu gurean, hango zirku eskola, hemengo eskalada eta psikomotrizitate saioa.

Txikitan izugarri maite nuen garai hau. Eta egia esango dizuet, orain ere maite dut, nire lana oso neketsua izan eta indarrik gabe gelditu arren. Horregatik, berriz ere ilusioz ekingo diot irailari.

Oroitzen dut txikitan zenbat gustatzen zitzaidan herriko liburu dendako usaina, koadernoak erostera joatea, boligrafoak aukeratzeaDena txukun-txukun motxilan antolatu eta eskolara! Ni gustura joaten nintzen eskolara, pixka bat frikia dirudi, baina halaxe zen. Bertako lagunekin berriro elkartu eta jolastea... Egia esan, pentsatzen jarrita, uste dut txikitan baino geroxeago hasi nintzela gustua hartzen, Lehen Hezkuntzako 6. mailan edo. Neskak eta mutilak denak elkarrekin, gelako algarak eta konfidentziak…

Eta egunotan hori datorkit burura, zein kuriosoa den bizitza, eskolako lagunek zenbat ematen diguten txikitan eta nerabezaroan, baina gero bizitzako epe luze batean nola desagertzen diren, agian gero berriro bueltatzeko. Berdina gertatzen da kuadrillako lagunekin ere.

Zorte handia eduki dut nire bizitzan, lagun oso onak izateko esperientzia izan dudalako. Oraindik ere garai hartako lagunak mantentzen ditut. Badaude lagun batzuk etapa jakin batzuetan gure bidean tokatzen direnak eta gero alde egiten dutenak. Naiz eta oso gaizki pasatu une horietan, orain uste dut horrelaxe behar duela, bizitzak aurrera egiten duelako eta harreman batzuei joaten utzi behar zaielako min egiten digutenean!

Orokorrean, bizitzako aldi ezberdinetan, pertsona zoragarriekin topatzeko aukera izan dut eskolan, unibertsitatean, lanean, seme-alaben hazieran… Eta orain seme alabak jada hasten ari direnez, berriz ere garai hartako pertsona batzuekin topatzeko gogoa sartzen ari zait, ilusioa beraien bizitzaren berri izateko, beraiekin nuen feeling hura berriz ere sentitu eta goxatzeko: gelako lagun minak, txikitako kuadrillako lagunak, pisuko lagun maiteak…

Nik neuk horrela bizi izan nuelako ez zait horren txarra iruditzen seme-alabak ikastolan hastea, ezta ni lanean hastea ere, bertan baititut egun nire bizitzako pertsonarik esanguratsuenak. Nire bizitzako etapa honetan tokatu zaizkidan pertsona zoragarriak dira, denon artean lantalde ederra sortu dugu eta, aurten ere, ilusioz eta ideia berriekin gogotsu gaude ikasturte hasiera indarberrituta hasteko. Baita grinaz ere datozen lagunak bidelagun bilaka daitezen! Ekin diezaiogun ba ilusioz ikasturte berriari! •