Ion Salgado
EARTH FLAT FC

Javier Poves jokalari ohiak lurra laua dela defendatzen duen futbol taldea sortu du

Duela hiru urte Javier Poves jokalari ohiak Mostoles Balompie futbol taldea sortu zuen beste lagun batekin. Hirugarren Mailara iritsi ondoren, kluba Madrilera eraman eta izena aldatu diote. Flat Earth FC da egun, eta lurra laua dela uste duten milioika lagunen ahotsak batu nahi ditu. Sasoiko lehen bi partiduak irabazi ostean, lider dira.

Duela zortzi urte, 2011ko maiatzaren 21ean, Javier Poves futbolariak Lehen Mailan debuta egin zuen. Gijongo Sporting taldean jokatzen zuen, Manolo Preciado entrenatzailearen agindupean. Une berezia izan zen berarentzat. Bere lehen partida izan zen kategoria gorenean, eta, era berean, baita azkenengoa ere. 24 urte zituen eta txiki-txikitatik ezarritako helburua bete zuen. Baina Povesek ez zuen zoriontasuna futbolean topatu. Bere garaian adierazi zuen bezala, «futbol profesionala dirua eta ustelkeria da. Kapitalismoa da, eta kapitalismoa heriotza da».

GAUR8ri eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, erraz aspertzen da, ez zaio gustatzen gauza berdina behin eta berriro errepikatzea, eta berak urte gehiegi pasa zituen futbolean buru-belarri. «Txikia nintzenean gustatzen zitzaidalako jokatzen nuen, ondo pasatzen nuelako. Baina futbol profesionalean gauzak oso ezberdinak dira. Ondo pasatzen duzu, baina erantzukizuna askoz ere handiagoa da, baita merkantilizazioa ere. Nik garai horretan ez nuen hori ulertzen, eta, gainera, ez zitzaidan gustatzen gaur egun oraindik ere indarrean dagoen eredua. Badirudi futbolariak norbaiten menpe egon behar direla, eta ni ez nago horretarako prest, ez ditut jarraituko beste inork erabakitako bideak».

Hori horrela, Javier Povesek futbol profesionala alde batera utzi eta munduan zehar bidaiatzeari ekin zion. «Leku askotan egon naiz, eta horri esker zenbait gairi buruz nuen ikuspegia aldatu egin da. Abentura bila hasi nuen bidaia, bizirik nengoela sentitzeko. Ondoren, itzuli eta kafetegi bat ireki nuen Madrilen. Gerora, kafetegia saltzea erabaki nuen», azaldu du Povesek. Izan ere, nabarmendu duenez, ez du atsegin «sektore batean betikotzea».

Aldaketak gustuko ditu Povesek, eta, duela hiru urte, Mostoles Balompie futbol taldea sortu zuen beste lagun batekin. Lehen denboraldian Erregional Mailan jokatu zuen taldeak eta Madrilgo Ohorezko Erregional Mailara igotzea lortu zuen. Iragan denboraldian, berriz, taldeak berriz ere igoera lortu zuen, Hirugarren Mailara iritsiz.

Izen eta leku aldaketa

Iragan uztailean, Mostoles Balompie taldeko zuzendaritzak taldearen izen eta leku aldaketa jakinarazi zituen, eta, hala, hasi berri den denboraldian, taldea Flat Earth FC izenarekin jokatzen ari da. Taldearen egoitza, berriz, Madrileko erdigunera aldatu dute. Taldearen webgunean Poves presidenteak berak azaltzen duenez, Flat Earth FC lurra laua dela uste duten milioika lagunen ahotsak batu nahi dituen taldea da. «Futbola munduan den kirol mediatikoena da, eta, lurra laua dela defendatzen duen talde bat sortzeak, komunikabideetan agertzeko aukera ematen du. Gainera, gurea izango da ideia jakin bati lotuta dagoen lehen futbol taldea, kokapen zehatz bat izan gabe. Eredu berri bat da gurea, futbolean deszentralizazioa bilatzen duena», nabarmentzen du presidenteak. «Futbol klubek hiri jakin batekin izan ohi dute lotura, baina, Flat Earth FC taldeko jarraitzaileek, ideia batekin bat egiten dute», gaineratzen du.

Povesek nabarmentzen duenez, «erotasuna eta ausardia» beharrezkoak izan dira Flat Earth FC sortzeko, baita mundua aldatzeko gogoa ere. «Munduko arazo handienetako bat da jende gutxik duela gaitasuna bere ideiak aurrera eramateko. Nik ez dut uste lurra borobila denik, txikitatik esan diguten bezala, eta futbola maite dut. Askotan kritikatu dut futbola, baina nahiz eta kritikatu, kirol hau da nire bizitza. Betidanik aritu naiz kirol honetan. Horregatik pentsatu nuen futbola eta lurra laua den ideia batzen dituen talde bat sortzea ezarritako ordena aldatzeko».

Futbol talde bati izena aldatzea erraza da oso. «Jende askok ez dakien arren, talde bati izena aldatu ahal diozu egun batetik bestera. Eta hori egin nuen nik. Ez nengoen Mostolesen errotua, eta aukera gutxi ikusten nituen bertan aurrera egiteko, ustelkeria politikoagatik batez ere. Horregatik erabaki nuen bertatik atera eta amets arriskutsu hau aurrera eramatea», azaldu du Povesek. Hori bai, argi uzten du ez duela arazorik izan «Mostoleseko herritarrekin». Erakundeekin izan ditu arazoak, egoera «jasanezin» bihurtzeraino. «Horregatik eraman dugu taldea Madrilgo erdigunera, horregatik aldatu diogu izena».

Aitortu duenez, askok ez dute ulertu aldaketa. «Jendearen erantzuna ezberdina izan da, batzuek txalotu egin dute aldaketa eta beste batzuek gogor kritikatu. Nik defendatzen dudan ideiak jendearen sinesmenak kolokan jartzen ditu. Batzuk harkorrak dira eta beste batzuek ez dute gai honi buruz hitz egin nahi, desadostasun kognitibo indartsua pairatzen dute-eta. Beraien sinesmen aurkako ideiak ez dituzte onartzen eta jarrera oldarkorra hartzen dute. Dena den, niri ez zait inporta jendearen erantzuna. Zoriontsu egin nauen proiektua martxan jarri dut», azpimarratu du Flat Earth FC taldearen jaiotzak sortutako polemika hizpide.

Povesek bazekien eztabaida sortuko zela, baina ez zuen espero polemika hain handia izatea. «Berriak Espainian oihartzuna izatea espero nuen, baina ez gertatutakoa. Sri Lankatik, Zeelanda Berritik edo Australiatik deitu naute besteak beste. Harrigarria da, liluragarria», onartu du. Egun taldea Hirugarren Mailan badago ere, etorkizunari begira Lehen Mailara heltzea da helburua, eta, ahal bada, «Europan jokatzea».

Horretarako talde lehiakorra osatu du Povesek, eta, dioenez, jokalariek ez dute zertan klubaren filosofiarekin bat egin. Lurra biribila dela uste izanda ere izan daiteke taldeko kide. «Kirol arloa eta klubaren filosofia bereizten ditugu. Guk jokalari onenak fitxatu nahi ditugu, ez zaizkigu axola beraien ideiak. Jarrera hori oso sektarioa izango litzateke. Jendeak iritzia eman dezan bilatzen dugu, hori da gure nahia, jendeak askatasunez azaltzea zeintzuk diren beraien sentimenduak», nabarmendu du.

Laura del Rio, entrenatzailea

Arlo teknikoan ere erabaki «disruptiboak» hartu ditu Javier Povesek. Abuztuaren 19an Flat Earth FC taldearen entrenatzailea Laura del Rio izango zela iragarri zuen taldeko zuzendaritzak sare sozialen bitartez. «Bigarren B Mailara igotzea helburu duen gizon talde baten emakume entrenatzaile bakarra izango da. Klub ezberdina gara, inkonformista, kritikoa gaur egun ezarritako arauen aurrean. Askok hitz egiten dute emakumeen ahalduntzeari buruz, baina gutxi dira ekintzetatik hitzera pasatzen direnak. Flat Earth FCko kideak harro gaude hartutako erabakiarekin eta espero dugu etorkizunean emakumeek futbol profesionalean aukera berak izateko balio izatea», dio klubak agiri batean.

Ohar horretan, entrenatzailearen esperientzia goraipatzen da: «Zuzendaritzak duen esperientziagatik eta izaera berritzaileagatik egin du Laura del Rioren aldeko apustua. Gure babesa adierazten diogu, baita kirol hau egunero handiago egiten duten emakume guztiei ere». Klubak honakoa mezua gaineratzen du: «Lauraz harro, ezberdinak izateaz harro». Poves berak mezu bera errepikatu du elkarrizketan, eta talde teknikoaren garrantzia azpimarratu nahi izan du. «Entrenatzailea talde teknikoaren barne dago, eta niretzat entrenatzailea baino garrantzi handiago du talde teknikoak».

Adibide bat beste taldeentzat

Gauzak era ezberdin batean egin ahal direla frogatu nahi du Povesek, eta, berak dioenez, ez dago bakarrik futbol munduan. «Ni bezalako beste presidente batzuk badaude, baina beldurra dute. Ez dituzte gauza berriak egiten errepresalien beldur direlako. Agian ausardia falta zaie, eta, talde batzuetan, baita batzar nagusien babesa ere. Horregatik uste dut guk atea ireki dugula beste talde batzuek ere aldaketak egin ahal izateko».

Povesek beste talde batzuek beraiekin harremanetan jarri direla azaldu du. «Extremadura futbol taldekoek partida bat jokatzeko deitu zidaten, eta baietz esan nien. Madrilgo beste talde batek ere gure aurka jokatu nahi du», azaldu du. Povesek argi dio ateak zabalik dituztela. «Nik ez dut ahaztu nondik natorren. Jendea interesatzen zait, ez boterea. Eta ez zait inporta beste taldeetakoek haien kontra jokatzeko deitzen gaituzten edo ez. Gu, hori bai, guztiekin kolaboratzeko prest gaude».

Hasi berri den denboraldian, Flat Earth FC taldeak jokatutako bi partidak irabazi ditu. «Dena berria da, baina ondo hasi gara, batez ere etxean», adierazi du Povesek. «Talde sendoa» osatu dute eta oraingoz lehen postuan dira. «Beste taldeek zailtasunak dituzte guri golak egiteko. Ni atzelaria izan nintzen eta talde lehiakorrak atsegin ditut», onartu du Povesek.

Gero eta zale gehiago

Nahiz eta Hirugarren Mailan egon, Flat Earth FC taldeak gero eta zale gehiago ditu. Eta Castroserna futbol zelaira hurbiltzen direnak famatu bilakatu dira abesten dituzten leloei esker. Abestietan lurra laua dela babesten dute eta NASAk eta astronautek egindako lana kritikatzen dute. Klubaren webgunean argi ikus daiteke nortzuk diren talde berezi honen jarraitzaileak: Pachamama Flat, Globebusters, ArtFLAT, #TPCOLOMBA eta Plano Drako adibidez, lurra laua dela babesten duten beste elkarte batzuen artean.

Elkarrizketa honetan egindako galderen helburua ez da izan inoren sinesmenak kolokan jartzea. Dena den, askotan galdetu diote Povesi ea zergatik uste duen lurra laua dela. Dioenez, urteak daramatza ikertzen, «geologo, fisiko eta arkitektoekin hitz egiten», eta ondorio horretara heldu da. «Nire ezagutza maila handia da. Gai honi buruz ezer ez jakitea izango litzateke onena», dio. AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko gerra espaziala existitu ez zela ere uste du. «Sobietar Batasuna kontrolatzen zuten berek kontrolatzen zuten ere kapitalismo estatubatuarra», defendatzen du.

Bakoitzak bere ideiak publikoki defendatzeko eskubidea du, eta, kasu honetan, Povesek futbola erabiltzen du lurra laua dela zabaltzeko. Kontuak kontu, Facebooken 2.000 jarraitzaile ditu jada Flat Earth FC taldeak eta Twitterren zenbaki hori gainditu dute. Lurra laua dela babesten dutenen taldea dira-eta!