Iñaki Soto

Botereari xuxurlatzen diotenenganako lilura

Madril eta Londres artean mugitzen den gaurkotasun politikoak iradoki zidan lotura. Alde batetik, Pedro Sanchezen erabakietan eragin nabarmena duen aholkularia dago, Ivan Redondo donostiarra. Misteriotsua da, itzalean lanean dabil. Beste alde batetik, Boris Johnsonen spin doctor delakoa dago, Dominic Cummings. Animaliekin gertatzen ohi den bezala, bere ugazabaren geroz eta antza handiagoa du; xelebrea da, deigarria, lotsagabea.

Steve Bannon ere asko aipatzen da. Garai batean Tony Blairren aholkulari zenak, Alastair Campbell gorrotagarriak, eragiten zuen lilura gogora ekarri didate. Gaur egun gauzak beti lehendabizikoz gertatzen direla pentsatzen dugun arren, sarri fartsa gisa ematen den errepikapenaren aurrean gaude, besterik ez.

Jakina, espainiar Estatuaren eta Britainia Handiaren egoera politikoak zeharo desberdinak dira uneotan. Edonola ere, krisi politiko eta instituzional betean daude biak. Horrexegatik, agintearen atzean horrelako bi pertsonaia aldi berean egotea harrigarria da.

Esan bezala, berria ez den baina indarra hartzen ari den joera orokor baten aurrean gaude. Aholkulari politikoen eragina handitzen ari da, erakundeen gainetik, egituren gainetik. Logikoa ere bada, egotismoa hain indartsua den eta hain hedatua dagoen garaiotan. Kontalaria kontakizunaren parte zentrala bihurtu da. Globalizazioaren eraginez, erreferentziak ere komunak dira. Bai klasikoak –Sun Tsu, adibidez–, baita katodikoak ere –“The West Wing” fantasia guztien iturri gisa, parodiaraino–.

Lotura nabarmenak

Toni Aira aditu katalanak lotura berdina egin du. Bere web orrialdean aholkulariei buruzko artikuluen saila egiten hasi da eta abiatzeko bi hauek hautatu ditu [www.toniaira.cat]. Airak honetaz zerbait badaki, bera konbergenteen spin doctor delakoa izan baita.

Pertsonez harago, pertsonaia gisa, famatu hauek lilura eragiten dute. Beren kontakizuna sinistuko badugu, boteretsuengan eragin zuzena dute. Belarrira ideiak, erabakiak, adeitasunak eta etsaitasunak xuxurlatzen dizkiete. Ingurukoen zoriaren arduradun dira. Alderdien edo herrien patuaren arduradun gisa azaltzen dira. Misterioa saltzen dute, eta, gainera, garesti saltzen dute.

Hein handi batean, Cummings eta Redondoren karguak baliokideak dira. Biak kabinete buru dira, zuzenean izendatutakoak, hauteskundeen gainetik, are eta alderdien gainetik ere. Ildo horretan, bien boterearen izaera antzekoa da: legitimitate demokratikorik gabea eta, aldi berean, meritokraziaren ikuspuntutik zalantzazkoa.

Bien arteko aldeei begiratuta, Redondo mertzenarioagoa dela esango nuke. Cummings ingeles kontserbadore klasista bat da. Redondok, ordea, berdin lan egiten du PPrentzat edo PSOErentzat. Horrek badu beste irakurketa bat, guretzat ezaguna dena. Ideologien gainetik, nolabait esateko, Redondo espainiarra izatea. Horrek hauteskundeen osteko jokabidea ulertzen lagunduko luke.

Lehen Campbell aipatu dut. Iragan maiatzean Alderdi Laboristak bota egin zuen, protesta gisa liberal demokratei boza eman ziela aitortu zuelako. Harro, Corbyn liderra den bitartean alderdira ez dela itzuliko esan zuen. Azken batean, guztiek dute zerbait amankomunean: balioen ikuspuntutik, jendilajea dira. •