Iñaki Sanz-Azkue

LUPULU USAINEKO UDA AMAIERAK

Gordexolako Ibarra baserrian duela berrogeita hamar urte pasatxo ateratako argazkiak dira ondokoak. Gutxien esperotakoan tiradera baten ilunetatik azaldutako altxorra. Bertan ageri dira baserritarrak garagardoa egiteko erabiltzen den lupulu sail baten erdian. Artean argazkitan kontatu ez den istorio bat janztera datoz irudiok zalantzarik gabe.

Gutxien espero duzunean azaltzen dira altxorrak bizitzan. Bila dezakezu artxibo handienetan, edota Internet orojakilean. Jo dezakezu Madrilgo artxiboetara eskean, edota adituengana, eta ez duzu aurkituko. Eta bat-batean, guztia ezinezkotzat ematen duzunean, lagunen arteko elkarrizketa batean gaia atera, eta ordu gutxira bidaltzen dizute horrenbeste desio zenuen hori. Eta Bizkaiko etxe batean, argazki zaharren artean ahazturik zeuden irudi eder batzuekin egiten duzu topo pantaila aurrean. Horrenbeste buelta eman ostean, ia nahigabean iritsi zaizu eskuetara altxorra argazki itxuran.

Floren Elorduy Torrontegi mungiarrak 1966-67 urte inguruan atera zituen argazkiez ari naiz. Kamerak sei eta zortzi metro arteko luzerako makilen artean harrapatu zuen bere koinatua: Jose Maria Otaola Arechaederra, Gordexolako Ibarra baserrikoa. Arba luzeen txikitasunean, momentu berezi, eta era berean, eder batean geldiarazi zuen denbora: garagardoa egiteko erabiltzen den lupulu landarearen (Humulus lupulus) lorea usaintzen zegoenean. Baina, zer egiten zuen bizkaitar batek (garai haietan) garagardoa egiteko landare artean?

Garagardoa Euskal Herrian?

XX. mendearen hasieran gero eta ugariagoak ziren garagardoa egiteko fabrikak Euskal Herrian. Juan y Teodoro Kutz (Donostia), La Cervecera del Norte (Bilbo), La Salve (Bilbo), La Vizcaina (Bilbo) eta Cervezas Knorr (Gasteiz) ziren, esaterako, Hego Euskal Herriko ezagunenak. Horien jabeetariko asko alemanak ziren, eta euren herritik ekartzen zuten garagardoa egiteko behar zuten lupulu lorea. Galizia inguruan emaitza onak eman zituen lupulua aldatzeko saiakeraren bat edo beste egin zen arren, eta Bizkaian bertan 1930erako probaren bat egin bazen ere, fabrikek Alemania eta Austriatik jarraitu zuten ekartzen landarea, are eta gertakizun berezi bat gertatu zen arte: II. Mundu Gerra lehertu zen.

1944an, II. Mundu Gerraren ondorioz, Alemaniatik ez zen lupulurik iristen jada, eta Espainiako Nekazaritza Ministerioak dekretua atera zuen 1945ean lupulu landaketei buruzko legeak jarriz. Garagardo fabrikek, kanpotik lupulurik ez zetorrela ikusita, “Sociedad Anónima Española de Fomento del Lúpulo” sortu zuten, eta Espainiako lupulu landaketen kudeaketaz arduratu ziren, Espainiako Gobernuaren begiradapean betiere. Euskal Herriko garagardo fabrikak tartean zirelarik, bertako garagardo fabrikak hornituko zituzten lupulu sailak hasi ziren azaltzen gure baratzeetan. 1950erako, dagoeneko, 20.000 lupulu landare zeuden 225 nekazariren ardurapean. Bizkaian, Araba iparraldean eta Nafarroako Goizueta herrian eta Baztan, Arakil eta Iruñeko bailaretan ezarri ziren. Gipuzkoako hogei herritara ere iritsi ziren landaketak: Hondarribian, Oiartzunen, Astigarragan, Hernanin, Usurbilen, Orion, Gabirian, Mutiloan, Azpeitian, Mutrikun, Oñatin…

Euskal Herriko landaketek, ordea, 20 bat urte baino ez zituzten iraun. Gerraren amaieraren ondorioz, lupulu lorearen prezioen jaitsierarengatik eta egin behar zen lan gogorra zela eta, 70eko hamarkadan ia landare sail guztiak desagertuak ziren dagoeneko.

Irudietan agertzen den lupulu saila ere orduan kendu zuten, 1972an. Bilboko La Cervecera del Norteko kudeatzailea zen Gandariasbeitia jaunak bultzatuta landatu zituzten Maria Angeles Gonzalez Aranak eta Jose Maria Otaolak lupuluak Gordexolan, 1964an, eta zaindu ere eurek egiten zuten. 500 metro karratuetan 120 landare izatera iritsi ziren, eta jabeen hitzetan euren inguruan ez zuten beste lupulu sailik ezagutu. Izan ere, ez zen nolanahikoa egin behar izaten zen lana.

Lorea zegokion garaian bildu beharra

Garagardoa egiteko lupulu landarearen lore emea erabiltzen da, eta horixe bera jasotzen zuten baserritarrek uda amaieran. Guraizeekin edo eskuz, baserriaren arabera ezberdin biltzen ziren loreak. Askotan familiako lana izaten zen. Gutxitan, Hernaniko Antonino Pagola zenaren lurretan gertatzen zen moduan, herriko emakumeak eta umeak izaten ziren uda amaieran, txanpon batzuen truke, eguraldi onarekin lupulua jasotzera Urumeako erriberara joaten zirenak.

Lorea zegokion garaian bildu behar zen, ez lehenago, ez beranduago. Izan ere, horrek ziurtatuko zuen lupulina, garagardoa egiteko erabiltzen dena, bere punturik onenean egotea. Hori dela eta, baserritar askori erakutsi egin behar izan zitzaion zein zen lorea biltzeko momentu egokia, urte osoko uzta galtzeko arriskua baitzegoen bestela.

Hilabeteak lore preziatua noiz helduko zain egon ostean, lorearen koloreak eta usainak esango zion baserritarrari jasotzeko ordua zen ala ez. Eta une erabakigarri horretan, ez lehenago, ez beranduago, hilezkortu zuen Florenek bere koinatu Jose Maria: uda amaierako lupulu lorearen usainetan murgildurik.