Amaia Urrejola
Sexologoa eta psikologoa Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolan

Sexuarekiko jendartearen jarrerak

Heziketa munduan badakigu mezu berbala bezain garrantzitsua dela zein jarrera dugun. Eta inportanteena ez da kontatzen duguna, hezten ditugun pertsonei gurekin kontatu dezaketela jakinaraztea baizik. Sexuaren gaiarekin gauza bera gertatzen da. Hortaz, norbanako bakoitzaren jarrera eta gaiaren aurrean erreakzionatzeko era, sexuaz dakiguna baino garrantzitsuagoa da. Hots, sexuaren inguruan aditua izan beharrean, sexuari buruz jarduteko prestutasuna naturaltasunez adieraztean datza. Zu zeu zaren bezala adieraziz eta esaten eta egiten duzunarekin eroso sentituz.

Sexualitatea etengabe bizi eta eraikitzen goazen giza dimentsioa da. Beraz, sexuarekiko ditugun jarrera sozialak eta emozionalak, kultura, heziketa eta biografiaren produktu dira. Horiek erabat ulertzeko, sexualitatea garatzen den testuingurua kontuan izatea beharrezkoa da. Euskal herritarron kasuan, tradizio judutar-kristauan oinarrituta eraiki da. Joserra Landarroitajauregi sexologoaren hitzetan, «gizakiaren existentzia sakrifizioaren ikuspegitik ulertzen da, eta sufrimendua eta plazerari uko egitea bezalako balioak sustatu dira». Ondorioz, sexualitatea erregulazio moralean eta tradizio sexofoboan oinarrituta eratu da. Hala ere, gure gizartean, sexuarekiko hiru jarrera sozial nagusitu dira.

Batetik, debeku jarrera. Horren ustetan, sexualitatea zerbait lotsagarria da, eta, batzuetan, beldurra eta gaitzespena eragiten ditu. Etiketa eta arau sozial zurrunak erabiltzen ditu eta sexua praktika erotiko batera murrizten du. Hau da, sexua prebenitu beharreko arrisku bat da. Bestetik, jarrera permisiboa dugu. Hemen aldaketa bakarra da debekuen permisibitatean oinarritzen dela eta askapena eta aldarrikapena bilatzen dituela. Jokabide arauak ondorengo ideiak baldintzatuta egongo dira: «Orain dena onartu beharra dago». Ostera, errepresioarekin eta erruduntasunarekin identifikatzen da. Azkenik, kultibo jarrera nagusitu da. Horri dagokionez, pertsona guztiak sexudunak gara eta sexualitatea oinarrizko dimentsio bat da. Giza Izate Sexuala ezagutzea eta ulertzea da garrantzitsuena. Laburtuz, sexua kultibatu beharreko balore bat da, hain zuzen.

Sexuarekiko jarrera emozionalei dagokienez, sexualitatea, gure biografian zehar nola barneratu dugun kontuan hartu behar da. Sexualitatearen inguruan ideia positiboak edo negatiboak garatu ditugun, alegia. Ondorioz, sexu estimuluen aurrean jarrera positibo edo negatiboa izaten dugun ala ez. Horri erotofilia-erotofobia dimentsioa deritzogu. Sexuarekiko jarrera emozional positiboari erotofilia izena eman zaio, eta, negatiboari, erotofobia. Pertsona kontserbadoreak ez dira zertan erotofoboak izan behar, ezta liberalak erotofilikoak ere.

Funtsean, erotofiliak, onura gehiago izan ditzake. Sexu informazio edo zerbitzuetara hurbiltzeko erraztasun handiagoa. Era berean, estimulu edo egoeren aurrean erantzun asertiboa eta eraginkorragoa emateko aukera. Gozatzeko gai izango garela sentitzea. Baita harreman positiboagoak osatzeko ere. Azken finean, autoestimu sexualaren garapen egokiarekin lotuta dagoen dimentsioa da. Eta erotofilia sustatzen eta bermatzen duen jarrera soziala kultibo jarrera da. Beraz, txertatu dezagun sexu hizkuntza gizarte hezkuntzan. •