Nekane Zinkunegi Barandiaran

Gugan, betiko

Bihar beteko dituk zortzi urte gure artetik joan hintzela. Bi lau urteko, denbora legealdika gehiegitan kontatzen dugun herri honetan. Egia esan, hire kasuan, legealdiek ere baziaten zer esana, hirutan egon hintzen-eta herriko alkate karguan. Eta joan hintzen urteko maiatzean, ikusi ahal izan huen hire joera politikokoek nola berreskuratu zuten Udaleko aginte makila. Hor segitu diagu eta segitzen diate oraindik ere, hik urratutako bidean, boto emaileez gain, herritar guztientzako alkate eta hautetsi izateko ahaleginean.

Hutsune handia utzi huen gure artean. Hutsune fisikoa, gure etxean ohikoa denez, gizon handia hintzelako. Baina baita bestelako hutsunea ere. Alferrik hizketan aritzen diren horietakoa ez hintzen arren, isilik eta disimuluan pasatzea gustuko huen arren, hengoen tokian hire presentzia nabarmena zelako.

Gure bigarren aita izan hintzen, urteetan hirekin bizitzeko ohorea izan genuen ilobentzat. Eta hi agurtzerakoan herrian bildu zen jendetza ikusita, seme, anaia eta osaba izateaz gain, jende askoren laguna hintzela frogatu ahal izan genian. Etxeko mahai bueltan utzitako hutsunea handia delako, baina hire falta sumatzen dutelako elkarteko sukaldean ere. Seguru asko, hik prestatutako saltsako bakailaoarena.

Asko ikasi genian higandik. Eta ikasi genuenarekin egiteko gai izan garena hiri erakusteko aukerarik ez izateak ematen zidak pena. Baita familian kontatu nahi ditudan nobedadeak entzuteko ez haizela egongo sinetsi beharrak ere. Gugan hago, hala ere, eta hala mantenduko haugu. Beti arte, Joxe! •