Xabier Izaga Gonzalez
KLK TREBAKUNTZA ZIKLOA

Bost hilabeteko zikloa, militanteen ahalduntze politiko eta soziala helburu

Datorren astean hasiko da Iratzar Fundazioak Ipar Hegoa eta Ernairekin batera antolatu duen KLK trebakuntza zikloa. Bere burua ezkertiar eta independentistatzat duen edonorentzat pentsatuta, bost hilabetean zehar eztabaidatzeko, hausnartzeko eta bertan jasotako jakintza eta tresnak erabiltzen ikasteko aukera da.

Iratzar Fundazioak, Ipar Hegoa Fundazioak eta Ernaik gazte erakundeak antolatuta, datorren astean hasiko da KLK jabekuntza politiko eta sozialerako trebakuntza zikloa, martxora arte luzatuko dena. Taldeak asteartetik aurrera osatuz joango dira Donostian, Bilbon eta Iruñean, eta baliteke Arrasaten ere laugarren bat eratzea, Gipuzkoako eta Arabako parte-hartzaileentzat. Idoia Zengotitabengoa eta Joseba Permach trebakuntza arduradunek azaldu diote GAUR8ri KLKren nondik norakoa.

Iratzar Fundazioa duela bi urte hasi zen trebakuntza arloan bidea egiten, oraindik diseinu borobil bat egin gabe, baina XXI. mendeko trebakuntza politikoa zer izango zen zehazten joateko feedback etengabean. Hasieratik argi zuten kontu horrek ez zuela Iratzarrena edo Sorturena bakarrik izan behar, baizik eta beste eragile batzuekin batera jardun behar zutela, kasu honetan Ipar Hegoa Fundazioarekin eta Ernai gazte erakundearekin.

Iparrorratzetik KLKra

2017an Iparrorratza izenburupeko zikloa antolatu zuten, hiru orduko lau saio zenbait galdera «potoloren» inguruan: Nondik gatoz? Non gaude? Nora goaz? Nola goaz? Orduan, saio horiek ez zutela askorako ematen ikusi zuten, edukietan lan handia egin beharra zegoela, oinarri bat emate aldera. Eta, bestetik, gaitasunetan trebatzeko aukera ere eskaini beharra zeukatela pentsatu zuten; alegia, jendeak jakintza eta tresnak erabiltzen ikastea ere garrantzitsua dela, hala nola jendaurrean hitz egiten edo herriko mapa bat egiten ikastea.

Iaz KLK zikloa antolatu zuten, aurreko urteko Iparrorratza bezala nolabait itxia, batez ere LABeko, Ernaiko eta Sortuko militantziari eskainia. Aurten, berriz, irekia izatea erabaki dute eta edonork parte hartzeko aukera dauka, bere burua ezkertiar eta independentistatzat jotzen duen edonork. «Ongi etorriak izango dira denak», diote.

Gela iraulia

Zikloaren «hanka bat» online saioak dira eta bestea, presentzialak. Gela irauliaren filosofiaren ikuspegia dute eta. Denek materialak eta edukiak jasotzen dituzte eta bakoitzak horiek lantzeko aukera du. Ondoren, saio presentzialean, denek informazio bera dutela, eztabaidatu eta ariketak egingo dituzte. Iritzi trukaketarako gunea izango da, elkarri ikasi eta irakasteko ariketa.

Iazko KLK zikloa beste modu batez diseinatu zuten, eta praktikara eramandakoan aurtengo eskaintza birformulatu egin dute. Hartara, pentsamendu kritikoari buruzko saioarekin hasiko dira, eta bigarrena bileren dinamizazio edo barne dinamizazioari buruzkoa izango da, oinarrizkoa baitira. «Alde batetik, militantziarentzat, eta oro har pertsonarentzat. Pentsamendu kritikoa bultzatu nahi dugu herri ahalduntze horretan, eta bileren dinamizazioa KLK bigarren ziklo hau osatzen dugun taldeari buruzko begirada bat da». Bertan botere harremanez hitz egingo dute, joko arauak zehaztuko dira eta hitza hartzen ikasiko dute, baita noiz isildu ere. Funtzionamendu arauek ahalik justuenak izan behar dutela diote.

Azaldu dutenez, saio presentzialetan konfiantza esparru bat sortzea oso garrantzitsua da, denen artean eraikitzen joateko. Guztien artean eztabaidatzeko guneak dira, guztien artean ikasteko guneak, eta nork bere esperientziatik ekartzen dituenak mahaigaineratzen ditu. Horregatik, irekia izan arren, taldea egin eta konfiantza sortzen dela diote, eta inongo erakundetan antolatuta ez dagoena ere saio horietan sortuko den komunitateko kide izango da eta ondo sentituko dela uste dute, parte-hartzaileek ekar ditzaketen ideiei buruz ere eztabaidatzen dela ikusita.

Zazpi saio

Aurten, zikloak iraungo duen bospasei hilabeteetan zazpi saio presentzial izango dira, eta hasierako galdera horiez gain, beste aztergai batzuk izango dituzte, baita «gaitasunetan trebatzeko aukera» ere. Honako gaiak landuko dituzte:

–Ikuspegi kritikoaren ezinbestekotasuna. Nola eta nondik begiratu?.

–Barrura begirada. Gure funtzionamendutik ahaldunduz.

–Nondik gatoz? Ezker Abertzalearen historiaz eta borroken uztarketaz.

–Non gaude? Zeintzuk dira egungo garaiak ulertzeko gakoak? Zer ari da gertatzen mundu mailan? Zer ari da gertatzen gurean?

–Nola goaz? Nola pentsatu eta egin gaurdanik askapen prozesua? Nola ezaugarrituko dugu? Estrategiaren egokitzapena, militantzia ereduaz, dinamizazio politikoaz…

–Nora goaz? Beste mundu bat dugu xede? Zertan datza euskal demokrazia ereduak? Zertan zerumuga sozialistak eta feministak?

Azkenik, esan bezala, «ahalduntze tresnak» eskainiko dituzte: jendaurrean hitz egiteko teknikak, dinamizazioa, analisiak egiteko tresnak, prospekzioa egiteko ariketak…

Online saioetan, berriz, astero materiala jarriko dute eta, «nahiz eta ez den naturaltasun berarekin egingo», talde bakoitzak duen foroan edukien araberako eztabaida sortzeko helburua dute, proposatutako bideo, testu edo dena delakoa oinarri hartuta.

Trebakuntzaren garrantzia

Ondorio batzuk atera dituzte azken bi urteetan egin dituzten Iparrorratzari eta KLKri buruzko feedback eta baloraziotik: Saioetan jendea oso gustura egoten dela, egia dela eztabaidatzeko konfiantza marko bat sortzen dela gutxika-gutxika, edo tresna aberasgarriak jasotzen dituztela... Eta beste ondorio batzuk epe luzeagoan ikusiko direla diote. Hala ere, beti korapilo bat geratzen omen zaie, urgentziarena, hain zuzen: «Gure militantzian, gure oinarri sozialean eta arlo zabalagoan ere oso aktiboak garen herri honetan urgentzia lehenesten da beti».

Parte-hartzaileen profilari dagokionez, badirudi ez dutela gazte jenderik falta eta datu bat eskaini dute adibide gisa: Bizkaian, 1990eko eta 2000ko hamarkadetakoak dira Bilboko talderako izena eman dutenen %90. «Trebakuntzarako arazoa orain ez dago gazteengan». Saio presentzialetan hainbat belaunalditako jendea egotea oso baliagarria dela diote, jakintza trukerako. Uste dute ezker abertzalean oso txertatuta dagoela aurremilitantziaren ideia, eta trebakuntza aurremilitantziarekin lotu izan dela. «Badirudi erakunde batera sartu aurretik trebatu behar duzula eta gero praktikaren bitartez ere trebatuko zarela, eta hori egia da, ez dugu mespretxatu behar, egunerokotasun horretan asko ikasten baita, baina tarteak hartzen ere jakin behar da premia horretatik aparte, geure burua trebatu eta egiten dugunaz hausnartzeko», bukatu dute.