Koldo Sagasti

Konpainia arriskutsuak

Urriaren 23an Eran Efratik agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean. Efratiren ibilbide pertsonal eta politikoa berezia bezain eredugarria da. Jerusalemen, tradizio militar eta sionista handiko familia batean sortua, bigarren mailako ikasketak bukatutakoan harengandik espero zitekeen gauza bakarra egin zuen, Israelgo Armadan sartu. Bertan, Zisjordaniako Hebron hirian soldadutza egiten ari zela, okupazioaren aurpegi lazgarrienarekin egin zuen talka; eta bizi-esperientzia horrek iraultza pertsonala eragin zion. Armada utzi eta Israelgo disidentziako zenbait talderekin lanean hasi zen, gudaroste sionistak eremu okupatuetan burututako giza eskubideen urraketen inguruko testigantzak jasotzen. Egun, Researching the American-Israeli Alliance erakundean, Israelekiko armagintza merkataritzaren inguruko ikerkuntza lana egiten du.

Horixe izan zen, hain zuzen, Legebiltzarrean egindako mintzaldiaren helburua; Euskal Herriko enpresa-sarearen eta Israelgo erregimenaren arteko armagintza salerosketen berri ematea. Baina anfitrioien ezinegonerako, ikertzailea ez zen diskurtso generikora mugatu; aitzitik, oso esplizitua izan zen bere jardunean gerra merkataritzako arduradunei izen-abizenak jarriz. Batetik, elkarlan militarrarekiko salaketa segurtasunaren eremura zabaldu zuen. Hala, Ertzaintzak Israelen egiten dituen trebakuntza ariketen berri eman zuen, eta euskal poliziari jazarpen eta tortura tekniketan formakuntza ematen dion enpresaren dokumentazioa aurkeztu zuen. Bestetik, okupazioa egonkortzeko azpiegiturak ere sartu zituen gerra-merkataritzaren esparruan, eta salatu zuen Gipuzkoako CAF trengintza enpresak esku artean duen proiektua, kolonia ilegalak tranbia sareaz hornitzeko. Informazioa ez zaie falta euskal erkidegoko erakundeetako kudeatzaileei; falta zaiena, akaso, Efratik behinola erakutsi zuen ausardia da, berak egin zuen bezala, historiaren alderdi zuzena aukeratzeko. •