2019/11/30

Burgosko epaiketaren aurka, Montserraten itxita

1970eko abenduaren 3tik 9ra bitartean Burgosko Prozesua egin zuten hamasei euskal herritarren aurka. Bertan, tribunal militarrak bederatzi heriotza zigor eta bostehunetik gora kartzela urte ezarri zizkien akusatuei. Heriotza zigorrak kommutatu egin zizkieten, Euskal Herrian, Estatuan eta New York, Buenos Aires, Caracas eta beste hainbat hiritan izan ziren mobilizazio handiak zirela-eta, baita Europako eta Ameriketako zenbait gobernuren presioengatik ere. Epaiketaren aurka protesta egiteko, abenduaren 12tik 14ra bitartean Montserraten itxialdi bat egin zuten 300 intelektualek. Han epaiketaren aurkako agiri bat idatzi zuten, heriotza zigorra indargabetzea eta preso politikoentzat eta erbesteratuentzat amnistia eskatuz eta Euskal Herriarekiko eta haren aldarrikapenekiko atxikimendua agertuz. Besteak beste, Lluis Llach, Joan Miro, Antoni Tapies, Joan Manuel Serrat eta Nuria Espertek sinatu zuten agiria. Hiru egunen buruan, monasterioa Guardia Zibilak inguratuta zegoela, itxitakoak irten egin ziren Guardia Zibilaren eta monasterioko abadearen arteko negoziazioen ondoren. Argazkiak itxialdiko une bat islatzen du.