Joana Garmendia

Epaileak, apaizak eta maitagarriak Bolivian

Egun hauetan nonbait irakurri dut Europarlamentuak, EAJren eta beste batzuen laguntzaz, erabaki duela Bolivian ez dela estatu kolperik gertatu. Alegia, Bolivian gertatutakoa –zerbait gertatu baita– ez dela estatu kolpea izan. Aditz arraroa iruditu zait albistearen berri emateko. Gertatu den zerbait zer izan den erabaki dezake inork?

Kazetariak esan nahi zuena izango zen, nik uste, Europarlamentuak erabaki duela Bolivian gertatutakoari ez diola “estatu kolpe” irizten, eta ez diola izen hori emango. Eta izen bat edo bestea ematearekin, ematen du gertatu dena gauza bat edo beste bihur dezakeela –makila magikorekin maitagarri batek nola–. Europarlamentariek erabaki dute gertatutakoari ez diotela “estatu kolpe” esango, eta, ttak, gertatu zena, dena delakoa ere, ez da estatu kolpe izan.

Hizkuntzarekin gauza asko egin daitezke, hitzek badute botererik, baina, gertatua den zerbaiten izaerari eragitea, ez ote doan botere horretatik harago.

Gure gizartean badira hizketa-ekintza batzuk errealitatean bereziki eragiten dutenak. Adibidez, herriko alkateak “Senar-emazte izendatzen zaituztet” esaten duenean, hori esatea bera da aurrean duen bikotea senar-emazte egiten duena. Edo, sinestunen seme-alabak urez busti eta apaizak “Zure izena Gorka da” esaten duenean, hori esatea bera da haurrari bizi guztirako izena ematen diona –ahantz ditzagun, gaurkoagatik, esaldi horiek esan eta gero bete behar diren agiri eta paper guztiak–. Ezin du edonork halakorik egin, ordea: ezin joan naiteke kalean oihuka inguruan ditudan guztiak elkarrekin ezkontzen, edo jendeari izena aldatzen, zergatik eta “Senar-emazte izendatzen zaituztet!” edo “Zure izena Maite da!” esan diedalako. Jende arruntaren makilek ez dute magiarik egiten.

Europarlamentuan izena erabaki diote Bolivian gertatutakoari, baina ez dira apaiz-lan hutsean geratu: ez dute, edo ez soilik, hemendik aurrera gertaera horri nola esango diogun adostu nahi izan; gertatutakoaz zerbait adostu dute. Izena erabakitzearekin, zer gertatu den erabaki nahi izan dute.

Horrek antza gehiago du, akaso, epaileek egiten dutenarekin. Epailearen ardura da gertatu den zerbait zer izan den erabakitzea. Era batean edo bestean gertatu direnak bildu, lotu, zentzuz jantzi, eta zer osatzen duten erabaki behar du epaileak: lapurreta izan den, edo hilketa, edo jazarpena, edo zer bestela. Ondo pentsatuta, baina, epaileak, erabaki baino, argitu egiten du –egin nahi du, egin behar luke– gertatutakoa. Epailearen zurmailua ez da makila magikoa, ezin dezake gertatutakoa zernahi bihurtu. Ezin dezake gertatutakoa erabaki. Egin dezakeena zera da, gertatu den zerbaiti, horrela-edo-honela gertatu denez eta hori dena argitua geratu denez, zer izen emango zaion erabaki. Eta, epaileen izen-emate horren atzean, bada zerbait potoloa gordea: “honi ‘lapurreta’ esango diogu”-k esan nahi du gertatutakoa lapurretatzat hartuko dugula; “horri ‘hiltzaile’ esango diogu”-k atzean duena da halako hari hiltzaileak merezi duena egingo diogula. Epailearen hitzek ezin dute gertatutakoa aldatu; epailearen hitzek, gertatuko dena bideratzen dute.

Europarlamentariek epaile-lanak egin dituzte. Ezin dute erabaki zer gertatu den Bolivian; erabaki dutena da nola esango dioten gertatu denari eta, bidenabar, nola jokatuko duten han gertatutakoaren aurrean. Egunkari eta telebista askotan ere egin dute gauza bera, hartu dute erabaki hori –erabaki dute nola esan Bolivian gertatu denari, eta nola jokatuko duten gertatutakoaren aurrean–; ez digute erabaki dutenik esan, ez digute erabakiaren berri eman, baina ikusi dugu nola aplikatzen duten zintzo-zintzo.

Gauza bakarra ahaztu zaie europarlamentariei eta kazetariei: ez dira epaileak, ez dira apaizak, ez dira alkateak. Eta, bereziki, ez dute maitagarritik batere. •