Xabier Izaga
analisia

Hizkuntza gutxituak eta garapen iraunkorra

Hizkuntza gutxituek eta garapen iraunkorrak ba al dute elkarrekin zerikusirik? Itziar Idiazabal EHUko katedradunaren eta Patxi Baztarrika hizkuntza plangintzan adituaren ustez, ez dago bata bestea gabe.

EHUko Letren fakultateko 1.04 ikasgelan Euskararen Didaktika irakatsi ohi dute asteazken arratsaldeetan. Joan den astean, ordea, irakasleak joaterik ez zuenez, “Hizkuntza aniztasuna, hizkuntza gutxituak eta garapen iraunkorra” izenburupeko mintegi bat antolatu zuten bertan Elebilab ikertaldeak eta Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak.

Zer lotura du, baina, garapen iraunkorrak hizkuntza aniztasunarekin edota hizkuntza gutxituekin?

Lehenengo hizlaria Itziar Idiazabal EHUko katedraduna izan zen. Idiazabal, besteak beste, EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedraren koordinatzailea da eta mintegiari izena eman zion liburua aurkeztu zuen, “Linguistic diversity, minority languages and sustainable development”, berak eta Manel Perez-Caurelek editatua. Lan horrek, hain zuzen, hizkuntza aniztasunaren eta garapen iraunkorraren arteko lotura azaltzen du, eta herrien kulturak eta hizkuntzak bazter utzita ez dagoela garapen iraunkorrik baieztatu ez ezik, erakutsi ere egiten du.

Hainbat esperientzia

Hizkuntza gutxituen galera ez dela arazo linguistikoa bakarrik esanez hasi zuen Idiazabalek bere solasa, garapen iraunkorraren arazo ere baita. Munduko Hizkuntza Ondarearen Unesco Katedrak hizkuntza aniztasuna aldarrikatzen du garapen iraunkorrerako helburu gisa NBEren 2030 Agendaren markoan, agenda horrek modu esplizituan aipatzen ez badu ere. Aurtengoa NBEk Hizkuntza Indigenen Urtea izendatutakoa da, hizkuntza gutxituak desagertzen diren erritmoa gero eta bizkorragoa dela kontzientzia hartzeko, eta, Idiazabalek liburuan dioenez, esperientzia erakusten ari da hizkuntza aniztasuna garapen iraunkorrerako faktorea dela eta, hortaz, garapen iraunkorreko helburuetako parte izan behar duela, eta tokiko hizkuntzek hezkuntzan, osasungintzan eta beste hainbat arlotan duten garrantzia azpimarratzen du.

Liburua sarean dago irakurgai, eta Idiazabalekin batera beren ekarpena egin duten nazioarteko autoreek hizkuntza gutxituek beren komunitateen garapenerako faktore gisa duten balioa nabarmentzen dute. Denak ere prestigio handiko adituak eta hizkuntza gutxituen aldeko ekintzaileak dira, eta munduan zehar hizkuntza gutxituak biziberritzeko egin diren hainbat gogoeta eta esperientzia agertu dituzte ingelesez, frantsesez eta gaztelaniaz.

Artikulu horietatik hartutako zenbait ideia nabarmendu zituen Idiazabalek bere hitzaldian. Lehenengo, ez dagoela herrien garapen iraunkorrik tokiko hizkuntzak kontuan hartu gabe. Bigarren, hizkuntzak biziberritzeko legeak eta erakundeen onespena beharrezkoak eta, beraz, balio handikoak direla, baina, komunitateak zuzenean parte hartzen ez badu, hizkuntza biziberritzeko politikek nekez izango dutela arrakasta. Hirugarren ideiaren arabera, hizkuntza bat biziberritu eta indartzeko hezkuntza garrantzitsua da, baina eleaniztuna izan behar du; tokiko hizkuntzan oinarritua bada ere, helburua ikasle gutxienez elebidunak izatea izan behar da. Azkenik, hizkuntzek balio espiritualekiko lotura ere badutela, batez ere herri indigenetan, eta nortasunaren eraikuntzan eragiten dutela nabarmendu zuen.

Ez dira oztopo

Idiazabalen ondoren, Patxi Baztarrika hizkuntza plangintzan aditu eta Gasteizko Gobernuko Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hartu zuen hitza, liburuan egin duen ekarpenaren nondik norakoa azaltzeko; alegia, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuak zentzu guztietan errentagarriak direla erakusteko.

Bada aurreiritzi bat, oso zabaldu eta interesatua, giza garapen iraunkorrerako hizkuntza gutxituak biziberritzea galera ekonomikoa eta garapenerako oztopoa den ideiak eragindakoa. Horren arabera, hizkuntza horien biziberritzea ez da garapen iraunkorrarekin bateragarria.

Baztarrikak, hain justu, kontrakoa erakutsi zuen «euskal eredua» aztertuz. Hala izendatu zuen EAEko biziberritze prozesua, Euskal Herriko administrazio banaketaren ondorioz eredu desberdinak daudela gogorarazi bazuen ere. Izan ere, Ipar Euskal Herrian euskarak ez du balio ofizialik ere, eta Nafarroan zonifikazioak erabakitzen du ofizialtasun maila eta are ofizialtasunik eza ere. Onartu beharra dago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eredua dela eraginkorrena eta herritarren berdintasuna bermatzen duen bakarra, gabeziak gabezia.

Prozesu hori EAEko bilakaera sozioekonomikotik bereizezina dela ziurtatu zuen. 80ko hamarkadaren hasieran Euskararen Legearekin batera abiatu zen prozesu horren gaur arteko bilakaera erakutsita, zama izatetik urrun, bilakaera linguistikoak eta denbora tarte bereko bilakaera sozioekonomikoak elkar elikatu dutela ondorioztatu zuen. Esan zuenez, euskararen aldeko jarrera demokraziari eta balio positiboei lotzen zitzaion, eta prozesuaren oinarrian ekitatea, askatasuna, berdintasuna eta gisako balioak zeuden, giza garapenaren balioak, hain zuzen. Baztarrikaren ustez, euskararen biziberritze plana gizarte kohesiorako ekarpen handia izan da.

Hiru herrialdeotan, 80ko hamarkadako lehen erdiaren datuek sare industrialaren gainbehera, ekonomiaren egoera kaskarra, %20tik gorakoa langabezia tasa eta gatazka politikoaren adierazpide bortitzak erakusten dituzte. Egoera soziolinguistikoari dagokionez, euskara ahula, gutxitua eta gainbeheran.

Hiru hamarkada eta erdi geroago, datu sozioekonomikoek bestelako egoera erakusten dute guztiz: per capita errenta eta giza garapeneko indizeak inguruko altuenetakoak, babes soziala... Eta bilakaera soziolinguistikoa norabide berekoa izan da, euskaldunen prestigioarekin batera euskaldun kopuruak nabarmen gora eta erdaldun elebakarrenak behera eginda, besteak beste.

Baztarrikaren ustez, hizkuntzak garrantzitsuak dira desberdintasunarekiko, aniztasunarekiko, norbanakoaren eskubideekiko errespetuaren aldetik eta kohesio eta bizikidetza faktore gisa; baina, gainera, hizkuntzek, baita hizkuntza gutxituek ere, balio ekonomikoa ere badutela esan zuen. Hainbat hizkuntza gutxituk milaka lanpostu sortzen dituzte Europan. Euskarak, gainera, eragina dauka barne produktu gordinaren hazkundean. Gasteizko Gobernuak 2015ean Siadecori eskatutako ikerlan baten arabera, EAEko enpleguaren %6,3 sortzen du euskararen sektore ekonomikoak, eta bertako ekonomiaren barne produktu gordinari egiten dion ekarpena %4,2koa da. Euskararen balio ekonomikoa, hortaz, nabarmentzeko modukoa da.

Herri gogoa

Jakina, datu hotzak dira, eta haien atzean badaude eztabaida eta desadostasun ugari; esate baterako, hezkuntzan, hizkuntza ereduek helburua betetzen ez dutelako; Mintegian aurkeztutako liburuko zenbait artikuluren arabera, tokiko hizkuntza ikasgai bezala erabiltzeak ez du hizkuntza horretako hiztunik lortzen.

Bestetik, Baztarrikak aztertu duen prozesua Euskararen Legearekin batera hasi zen, baina gogorarazi behar da 80ko hamarkada baino lehen euskararen biziberritzea abian zela jada, abian baitziren aurreko hamarkadetan sortutako ikastolak eta gau eskolak. Ondoren, legez babestuta, mugimendu haren bultzadaren eraginkortasuna biderkatu egin zen. Izan ere, eskumenak, botere politikoak, finean, berebiziko garrantzia du hizkuntza gutxituak biziberritzeko.

Edonola ere, bilakaera positibo horren «giltzarri nagusia» herri gogoa dela esan zuen Baztarrikak, eta Euskararen Legea sortu zen garaiko Hezkuntza sailburu Pedro Miguel Etxenikeren hitzak erabili zituen: «Egia da botere publikoen hizkuntza politika eraginkorra izan dela, [...] baina bada beste arrazoi bat are erabakigarriagoa: jendartearen borondatea. Jendarteak berak erabaki du euskara bultzatzea. Urte hauetako esperientzia kontuan hartuta, bada gertatu denaren balorazio baikorra egiteko arrazoirik, denok aurkitu ditzakegun itzalguneak alde batera utzita. Egia baita euskaraz bizi nahi duenak bere aukera linguistikoa gauzatzeko zailtasunak dituela oraindik ere».

Amaitu baino lehen, «hau ez da atzera bueltarik ez duen prozesua» esan zuen sailburuordeak, eta aurrera begirako erronkak eta arriskuak aipatu zituen, erronketako bat nabarmenduta: «Euskaraz edo euskaraz ere bizi diren milaka eta milaka herritarren bizipenen eta sorkuntzaren berririk gabe bizi dira erdaldun elebakarrak (%44), haiei bizkar emanda bezala. Eten hori da, nire ustez, gure bizikidetzaren defizitik handienetakoa, eta hori gainditzeko interesa, interes sozial orokorra izateaz gain, euskararen beraren biziberritze prozesuaren ikuspegitik interes ikaragarrizkoa da».