Amagoia Mujika Telleria

«HOUSTON, ARAZOTXO BAT DAUKAGU»

1999ko abenduaren 28an, Hernanin. Joxerra Garzia gaiak jartzen eta Andoni Egaña bertsotan, bera bakarrik. Ez da edozein saio, apartatzeko moduko ale asko geratu ziren han, saio esperimental hartan. Lankuk disko-liburu batean jaso du altxorra, hogei urteren ondoren jenialtasuna izaten segitzen duena.

Duela bizpahiru urteko San Sebastian eguna zen, goizean goiz samar. Antigua auzoko kaleetan gaua tarrapatapan pasatutako danborrada batetik mutil gazte bat hurbiltzen zait, eta besoa lepoan ezartzen dit. Ezaguna zait egoera, eta beldur naiz hala moduzko bertso bat kantatzeari ekingo ote dion, marru batean noski, edo puntu hankaluzeren bat jarrita ni tentatzeari bestela, marruka betiere. Apur batean isilik iraun eta gero, honako hau xuxurlatu zidan mutilak belarri-ertzera, buruz ikasitako mantra lilurazkoa balu bezala: ‘Torturatzailea bere lanaldia amaitu eta etxean dago gozo-gozo, bere katua maitekiro laztantzen’».

Joxerra Garziak kontatzen duenez, erabat harrituta geratu zen mutil gazte haren ateraldiarekin. Gai hori, torturatzailearena, 1999ko abenduaren 28an Hernanin izandako saio oso berezi batean berak jarri zion Andoni Egañari. Saio hartan bertsolari bakarra aritu zen ordu eta erdi luzean Garziaren esanetara: Andoni Egaña bera. Parrandan Antiguan topatu zuen gazte hark kontatu zion etxean kasete batean grabatua zuela saio hura eta ez zela aspertzen behin eta berriro entzuten, sekulakoa iruditzen zitzaiola.

Duela hogei urteko inuzente egun hartan berrehun lagun baino gutxiago zeuden Hernaniko Biterin. Han egondakoek laster sumatu zuten saio oso berezi baten publiko izateko zortea izan zutela eta saio hari buruz hitz egin izan da han eta hemen. Orain Lankuk saio hura jasotzen dituen CDa eta liburuxka argitaratu ditu, nahi duenak behin eta berriz gozatu dezan Garziak eta Egañak egun hartan jositako saio gogoangarriaz.

Joxerra Garziak Hernaniko Iraulio Pantalone Bertso Kabiyatik jaso zuen deia. «Une hartan, Andoni Egañak dagoeneko Euskal Herriko bi txapela zituen eta nik hamalau egun neramatzan doktore tituluarekin. Hori zen testuingurua. Zerbait esperimentala egin nahi zutela esan zidaten –uste dut Aitor Mendiluzek deitu zidala–, plazan nekez egiten zen zerbait. Aukera bat baino gehiago eman zizkidan, baina saioa bertsolari bakarrarekin egiteko aukera entzundakoan, balekoa eman nion, baldintza pare batekin; bertsolari bakar hori Andoni izatea eta joango zen entzuleria egitera gindoazenaren zailtasunaz jabetuko zena izatea, eta, beraz, hanka sartzeko baimena emango ziguna».

Saioa prestatzeko hamabost bat egun zituen Garziak. Aurretik egina omen zen saio esperimentalen bat, uste baino okerrago joan zena. «Gaiak prestatzen hasi nintzenean berehala konturatu nintzen jolas dibertigarria zena desafio handia bihurtzen ari zela Andonirentzat, noski, baina baita niretzat ere. Nire helburua bat-bateko bertsogintzaren mugak esploratzea zen. Andonirekin askotan hitz egiten nuen, konexio handia genuen, eta ezagutzen nituen bere erreferentziak». Saioa prestatzen hasi eta lehen korapiloak sumatuta jarri zion izena saioari: “Houston, arazotxo bat daukagu!”.

Korapiloak askatzen ederki asmatu zuen Andoni Egañak, orduko zuzeneko entzuleak eta orain saioaz gozatu dutenak harrituz eta mugituz. Egañak ere testuingurua kokatu du. «Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa jokatzetik nentorren –Zarauzko taldeak irabazi zuen– eta saio horren zati bat Mantxiri eta Julen Zulaikari zor diet. Oso gazteak ziren eta txapelketarako entrenamendu asko egin genituen. Alde batetik, entrenatuta nentorren, lana eginda. Eta, bestetik, etxean desgrazia handi bat pasatu zitzaigun lau egun lehenago; amaginarreba hil zen. Horregatik ez nintzen iritsi kezkatuta edo larrituta, inguruan bizi izan nuen egoera askoz okerragoa zen, bueltarik gabea. Konbinaketa perfektuarekin iritsi nintzen: entrenamendu asko eta presio gutxi».

Eskailerak kostata jaitsi zituen

Orduko saioaren oroitzapen lainoa omen du Egañak. Baina ondo gogoan du Hernaniko Biterira gerturatzen den aldiro akordura etortzen zaion detaile bat: jaialdia bukatuta, eskailerak jaisten lagundu behar izan zioten. «Gerora konturatu naiz, kontzentrazio handia lortzen dudan jaialdietan, gehiago kostatzen zaidala eskailerak jaisten».

Gai-jartzailearen garrantzia ere nabarmendu du. «Beste sortzaile bat da gai-jartzailea eta guri, bertsolariei, oso ondo datorkigu. Saio ona egiten dugunean txaloak bertsolarientzat izaten dira eta, txarra irteten denean, erantzukizuna gai-jartzailearengan uzteko joera daukagu. Saio horretan bion lana dago begi bistan. Joxerrak ezagutzen zituen nire erreferentzia kulturalak, nire indarguneak eta ahulguneak, bazekien non galka eta non pasa, bageneramatzan urte batzuk esperimentuak egiten. Eta saio hau esperimentuak egitearen ondorio pilatu bat izan zen».

Saioari buruz ez du «apenas ezer esateko». «Bertsolariek bota eta ahaztu egiten dugu eta horrela komeni da egitea. Xabier Amurizak esan zuen bertsotan asko ibiltzeko gutxi pentsatu behar dela. Geroztik 3.000 saio baino gehiago egingo nituen... Beraz, berezia izan zen, baina atzendua nuen gogoan».

Saio hartako gaietako bat hauxe izan zen: «Azken urteotako hire bizimodua amets kolektibo bat izan duk, errealitate birtual bat. Ez duk egia, besteak beste, Gasteizko hire funtzionario postu hori utzi huela eta bertsolari profesionala egin hintzela».

Gai horretan ondo ikus daiteke testuingurua. Hogei urteren buruan, pozik dago Egaña hartutako bidearekin. «Bertsolari bizi izateko zortea izan dut. Bizitzeko modu hori hautatu nuen, joan-etorrikoa, ziurtasunik gabea, abantailarik bilatzen ez duena... tira, azken hogei urteotako laburpen bat eginda, errazago bizi nintekeen, baina hobeto ez. Eta egia da horrela bizi ahal izateko ekosistema oso baten babesa izan dudala. Adibidez, duela hogei urteko saio hartan, Joxerrak egin zuen jokaldi osoa eta nik errematatu egin nuen –egia da chilena bat izan zela– ; Hernaniko Bertso Kabiyak urtero antolatzen zuen bertso-lata; Xenpelar dokumentazio zentroak jaso zuen saio hura; ‘Hitzetik hortzera’ telebista saioak jaso zituen irudiak... bertsolariak beharrezkoa du ekosistema hori guztia. Bertsolaritza bat-bateko jarduna da, baina inguruan koltxoi handi batek ematen dio zentzua guk egiten dugunari».

Gogoangarria eta gozagarria da duela hogei urteko saioa. Joxerra Garziak paratzen dituen egoerak eta gogoetak bereziak dira, edonor zirikatzeko modukoak. Eta Andoni Egañak horiek konpontzeko josten dituen hitzen segidak, sekulakoak. Bere ahotsa bakarrik egonagatik oholtza gainean, beste bertsolari batzuen presentzia ekartzen asmatzen du, imitatzen. «Errazagoa da imitatzea. Batzuetan errazagoa da gai baten aurrean Sebastian Lizasok, Maialen Lujanbiok edo Mañukortak zer kantatuko ote zuten pentsatzea, gai horren inguruan nik zer kantatuko nukeen pentsatzea baino».

Malen Amenabar bertsolariak eta ilustratzaileak jantzi du liburuxka irudiz. Bere testuingurua ere, esanguratsua. «1999ko abenduaren 28an nik bost urte nituen eta segur aski Olentzeroren opariekin jolasean ari nintzen». Ez omen zuen, beraz, orain arte saioa ezagutzen, baina bikaina iruditzen zaion saioa ilustratzeko aukera izatea pozik hartu du. Titanic ontziaren inguruan osatu ditu ilustrazioak, gai bat horren bueltakoa baita. Titanic hondoratzen ari da eta nagusiak Egaña ikusi du kubiertan. «Histeria hau nola hala gozatzeko, kanta itzak bertso batzuk hondoratzen garen bitartean».

Titanic hondoratu egin zen; Andoni Egaña ez. Eta hortxe hogei urteren buruan jenialtasun bat izaten segitzen duen saioa. Entzun eta gozatu.