Ainara Lertxundi
MANTALEN DIPLOMAZIA

Mediku kubatarren kontrako gurutzada Bolivian, Brasilen eta Ekuadorren

Brasil, Ekuador, Bolivia, El Salvador. Kubak herrialdeotan zituen mediku brigadak bertan behera utzi ditu, argudio desberdinak erabilita uhartearen kontra abian jarritako gurutzadagatik. 1963. urtetik, osasunaren arloko 407.000 profesionalek, horietatik 183.338 medikuak, esku hartu dute brigadetan munduko 164 herrialdetan.

Medikuntza Kubaren ikur eta oinarri bilakatu da Iraultzari esker. Estatuak lehentasuna eman dio bai mediku berrien formakuntzari bai ikerketari ere. Punta-puntako profesionalak trebatu ditu azken hamarkada luzeotan. Herrien arteko elkartasunari ere ateak zabaldu dizkio. 1963ko maiatzean, 55 pertsonak osaturiko nazioarteko lehen osasun brigada bidali zuen Aljeriara. Hamabi hilabetez egon ziren herrialde afrikarrean.

Ia lau hamarkada geroago, 1999ko azaroaren 15ean, Fidel Castro Kubako Iraultzaren buruzagi historikoak Latinoamerikako Medikuntza Eskola (ELAM) zabaldu zuen Habanan. Bertan, ehun bat herrialdetatik heldutako 29.000 mediku trebatu dituzte ordutik. Urtero-urtero, 1.500 bekadun baino gehiago iristen dira uhartera bertan ikasteko.

2005eko irailaren 19an, Henry Reeve Brigada sortu zuen Fidel Castrok. Izurrite larri eta hondamendietan –urakanak, uholdeak, lurrikarak– espezializatutako medikuek osatzen dute. Berez, urte horretako abuztuan jaio zen, New Orleansko herritar eta agintariei Katrina urakanak eragindako hondamendiari aurre egiten laguntzeko asmoz. Aldiz, Ameriketako Estatu Batuek Kubako Gobernuak egindako laguntza proposamena baztertu egin zuten.

Geroztik, baina, hogei bat naziotan egon da Henry Reeve Brigada, 3,5 milioi pertsonari laguntza medikua eskaini die eta 80.000 bizitzatik gora salbatu ditu. «Garatzeko bidean diren herrialde pobreetako herriek eta auzoek behar dituzten medikuak trebatu behar ditugu. Herri aberatsenetan ere, AEBetan kasu, milioika eta milioika afroamerikarrek, indigenek, haitiarrek, latinoamerikar jatorriko etorkinek ez dute osasun arretarik jasotzen. Horiek gure beharra dute. Heriotzaren kontra borrokatzeko profesionalak prestatzen ditugu; hondamendiei eta ezbeharrei aurre egiteko bideak eta baliabideak daudela frogatzen ari gara; gizabanakoa hobea izan daitekeelako, gizabanakoak hobea izan behar duelako. Kontzientzi sozialean eta etikan oinarritutako baloreak defendatzen ditugu. Mediku eta profesional kubatarrek biziaren alde egiten dute, bizia eskaintzea da guztion xedea», adierazi zuen Castrok Henry Reeve Brigada aurkezteko eginiko ekitaldian. Henry Reeve Kubako independentziaren alde borroka egin zuen iraultzaile estatubatuarra izan zen.

2018ko apirilean Habanan egin zen Osasunaren Nazioarteko III. Konbentzioan, Osasunaren Mundu Erakundearen zuzendari nagusiak, Tedros Adhanom Ghebreyesus medikuak, Kubako osasun sistema goraipatu zuen. «Munduan desparekotasuna eta pobrezia murrizteko eta izurriteak saihesteko ahaleginaren eredu da», nabarmendu zuen hitza hartu zuenean. 80 naziotatik heldutako 2.000 ordezkari baino gehiagok parte hartu zuten bilkuran.

«Mantala zurien diplomazia». Horrela ezagutzen dira Kubako osasun brigadak munduan zehar. Uhartearen diru-iturri garrantzitsuenetariko bat ere badira. Iaz 6.000 milioi dolar kobratu zituen guztira herrialdeak zerbitzu profesionalen truke, batik bat osasunarekin loturiko zerbitzu profesionalen truke.

Elkartasun eredu

«1970eko maiatzaren 31n, 70.000 pertsonatik gora hil ziren Peruko Ancash departamenduan lurrikara baten eta ondoren egondako uholdeen ondorioz. Ezbeharra gertatu eta ordu gutxira, Kubak bost ospitale mugikor bidali zituen hondamendi naturalak suntsitutako bost probintzietara. Fidel Castrok berak eta beste 150.000 kubatarrek odola eman zuten, odol eskasia baitzegoen. Ez dut sekula ahaztuko herritar xume horien poza eta xamurtasuna mediku kubatarrak heltzen ikustean. Nekez elkar ulertzen zuten, kubatarren hitz egiteko modua eta doinua arrotza egiten zitzaien, baina maitasun lotura sendoak eraiki zituzten elkarren artean. Denboran aurrera eginez, 1988an Nikaraguan bizi nintzen, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren aholkulari gisa lan egiten bainuen Puerto Cabezasen. Bada, bertan zeuden mediku bakarrak kubatarrak ziren. Han egote hutsarekin hiltzeko arrisku bizia zuten, izan ere, Washingtonek bidali eta ordaindutako talde armatuentzat gerrako harrapakin ziren mediku kubatarrak. 1990ean, Managuan nengoela, seme txikiena gaixotu egin zitzaigun, belarrian infekzio bat hartu zuen. Lagun askoren elkartasun ekonomikoari esker, hainbat eta hainbat proba egin genizkion, baina inork ez zigun diagnostiko bat ematen. Ez genekien zer zuen. Mediku kubatar batek, ikusi orduko, infekzioak meningitisa eragin ziezaiokeela ohartarazi eta Habanara eramateko bidaia antolatu zuen. Bertako ospitalean sendatu zuten. Bost hilabete baino gutxiago zituen haurrak». Luis Varese Scotto poeta eta idazle perutar-italiarraren testigantza da, Cubadebate web orrialdean argitaratua. 24 urtez izan zen Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzako funtzionarioa.

«1995ean, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataritzan lanean ari nintzela, 12.000 errefuxiatu guatemalarren itzulera antolatu genuen. Guatemalan geundela, urrutiko herrietara heltzean, mediku bakarrak kubatarrak ziren. Ez zegoen argi indarrik, ezta ia ur edangarririk ere. Guatemalako Mediku Elkargoak protesta egin zuen kubatarrek bertako medikuei lana kentzen zietelakoan. Handik urte batzuetara, zonaldera itzuli nintzen berriro. Bada, Quicheko herrixketan mediku kubatarrek jarraitzen zuten bakarrik, ez zegoen bertako medikurik. Eta 2016ko apirilean Ekuadorren egon zen lurrikararen testuinguruan ere, bertara iritsi ziren lehen ‘atzerritarrak’ kubatarrak izan ziren», nabarmentzen du Varesek.

Bolsonaroren mehatxuak

Urteetan, testuinguru eta garai desberdinetan herrialde askotan jardun duten osasun brigada kubatarren kontra egin zuen lehena Jair Bolsonaroren Gobernu brasildarra izan zen. Iazko azaroan, Brasilen zituen 8.517 medikuei eta osasun arloko langileei uhartera itzultzeko agindua eman zien Kubak, Bolsonaro ultraeskuindarrak beraien aurka egindako adierazpenen ondoren. Osasun profesional kubatarren lan baldintzak salatu zituen Bolsonarok. Kubako Estatua langileon soldataren gehiengoarekin gelditzen zela eta «esklabo gisa» lan egiten zutela esan zuen. Osasun profesionalok soldata osotasunean kobratu ezean, agintera heldutakoan “Mediku gehiago” gizarte programa bertan behera uztearekin mehatxu egin zion Kubako Gobernuari Bolsonarok presidente izateko hauteskunde kanpainan.

Mediku kubatarrek uhartean dituzten senideekin Brasilen bizitzeko eskubidea zutela ere esan zuen Bolsonarok. «Familiak banatuta, medikuak irlara itzultzera derrigortu nahi ditu Habanak. Guk gure anai-arreba kubatarrak diktadura horrengandik askatuko ditugu. Presidente izendatzen banaute, ‘Mais Medicos’ programa aldatu egingo dut. Beraien senideei ateak zabalduko dizkiet eta, egingo diegun errebalida gainditzen badute, mediku gisa lan egiten jarraitu ahal izango dute», esan zuen. Handik bi astera, hauteskundeak irabazi zituen.

Bolsonaroren jarrera gogorra ikusita, Miguel Diaz-Canel presidente kubatarrak herrialdeak “Mais Medicos” programan zuen parte hartzea eten egin zuen. «Ez da onargarria gure mediku eta osasun langileen duintasuna, profesionaltasuna eta altruismoa zalantzan jartzea. Beraien familien babes eta laguntzari esker 67 herrialdetan ditugu brigadak. Afrikan, ebolaren kontra, Haitin, koleraren aurka. Hondamendi eta epidemia larrietan adituak dira. Henry Reeve nazioarteko brigadaren kideak Pakistanen, Indonesian, Perun, Txilen, Venezuelan... egon dira», goraipatu zuen Kubako Osasun Ministerioak.

“Mais Medicos” programa Brasilgo Langileen Alderdiko Dilma Rousseff presidente ohiak ipini zuen martxan, 2013an, osasun arreta herrialdeko eremu guztietara zabaltzeko, bereziki, medikurik ez zuten urrutiko herrixka indigenetara eta herri nahiz hirietako auzo pobreenetara. Mediku brasildarrek ez dute leku horietan lan egiterik nahi oso urruti daudelako, pobreak direlako edo arriskutsuak direlako. “Mais Medicos” ekimenaren baitan, atzerriko 18.000 profesional heldu ziren Brasilera, horietatik 8.517 ziren kubatarrak.

«Estatu batzuetan, doako osasun arreta eskaintzen zuten klinikak eta bertako gaixoak medikurik gabe gelditu ziren kubatarrek Brasil utzi zutenean. Atzerapauso nabarmena da. Diagnostiko goiztiarrak egiterik ez da jada, haurdun dauden emakumeek eta umeek ez dute tratamendua jasotzea lekurik pobreenetan...», nabarmendu zuen Ligia Bahiak, Rio de Janeiroko Unibertsitateko irakasleak, “The New York Times” egunkariari egindako adierazpenetan. «Mediku kubatarrek baldintza zailetan lan egiteko prestutasuna zuten. Osasun arretarik ez zen zonaldeetan zeuden. Brasilgo osasun sistemaren funtsezko pilarea ziren».

Ekuador eta Bolivia

Ekuadorren, Lenin Morenoren Gobernuak bertan behera utzi ditu Kubako Osasun Ministerioarekin sinatuta zituen sei hitzarmenak. 400 mediku kubatar zeuden herrialdean. Hedabideek Ekuadorren egondako mobilizazioetan parte hartzea leporatu zieten. Habanak ukatu egin zuen.

Osasunaren alorrean Ekuadorrekin elkarlana 1992an hasi zen, hots, Rafael Correa boterera heldu baino askoz lehenago. Aurretik ere Ekuadorren egonak ziren mediku kubatarrak. 1986an, brigada bat bidali zuen Kubak euri jasek eragindako larrialdi egoera dela eta. 2001ean, denge epidemia larri batengatik. 2016ko apirilean, Manta gogor astindu zuen lurrikaragatik. 1992tik Lenin Morenok elkarlana bertan behera utzi arte, 3.565 osasun langile kubatar egon ziren Ekuadorren; 212.360 ebakuntza egin zituzten, 3.548 erditzetan lagundu zuten, 10.000 txerto banatu zituzten.

Oraintsu, Boliviako estatu kolpearen ondoren, Jeanine Añezen Gobernuak ere mediku kubatarren kontra egin du. Brigadaren koordinatzailea eta beste hiru kide atxilotu zituzten Evo Moralesen aldeko mobilizazioak sustatzea leporatuta. 431 profesional Kubara itzuli dira jada Boliviatik, tartean atxilotutako lauak.

 

Ekonomia itotzeko, blokeoa estutu du Trumpek

Donald Trumpen Administrazioak Kubaren kontrako blokeoa nabarmen gogortu du. Nazio Batuen Batzar Nagusian aurkeztu zuen txostenean, Kubak 2018ko apiriletik martxoaren 2019ra bitartean blokeoak eragindako kalteen gaineko ikerketa sakona aurkeztu zuen. Epe horretan, 4.343,6 milioi dolarreko galerak eragin zizkion irlari. Blokeoa estutzeko eta ekonomia kubatarra itotzeko, Washingtonek hainbat neurri hartu ditu, hala nola Helms Burton legearen III. titulua indarrean jarri eta itsas bidaiei Kubara joatea debekatu die, turismoari kalte handiak eraginez, are gehiago, turismoa irlaren ekonomiaren zutabe izanik. AEBen eta irlaren arteko hegaldiak zein familien arteko diru bidalketak ere murriztu eta mugatu dituzte. 2019ko ekainaren 5az geroztik, «Herriz herri» programaren baitako hezkuntza arloko bidaiak ere bertan behera utzi ditu Trumpen Gobernuak. NBEeko Batzar Nagusiak 27 ebazpen onartu ditu blokeoaren kontra. Orotara, 922.630 milioi dolarreko kalteak eragin dizkio Kubari.