Isidro Esnaola

Nazioarteko lan banaketa, behar-beharrezko kategoria

AEBetako demokratek “New Green Deal” (Itun berde berria) aurkeztu berri dute. Egitasmoaren helburua ekonomia eraldatuz klima larrialdiari aurre egitea da. Izen horrekin Depresio Handia gainditzeko Roosevelt presidenteak proposatutako “New Deal” historikoarekin lotu dute egungo proposamena. Roosevelten egitasmoarekin egin bezala, demokratek inbertsio publiko handien bidez ekonomia eraldatu nahi dute, lanpostu berriak eta ondo ordaindutakoak sortuz. Inbertsio publikoak baliatuko lirateke trantsizio energetikoa posible egiteko, “zero isuri” helburua lortzeko asmoz. Oso programa indartsua proposatu dute, lan eta bizi balditzen hobekuntza naturaren zaintzarekin lotuz.

Baina dena ez dira hitz politak. Programak kontrako iritziak jaso ditu garatzeko bidean diren herrialdeetako hainbat eragileren aldetik. Kritikoek diote proposamenak ez duela kontuan hartzen nazioartean indarrean dauden ekoizpen eta hornikuntza kateak. Beraien ustez, oso posible da “New Green Deal” egitasmoak planteatzen dituen helburuak lortzea AEBetan, baina, aldiz, hori beste estatuen kalterako izatea. Hau da, ekoizpen prozesuaren “alderdi zikinak” herrialde pobreetara eramatea gerta liteke: etxeko helburuak lortu besteen kontu. Kritikoen aburuz, programak kolonialismo eredu berria indar dezake, mendekotasun harremanak betikotu. Azken batean, kritikoek uste dute ezinezkoa dela estatu baten arazoak konpontzea beste estatuak kontuan hartu gabe. Klima larrialdia da adibide argiena, baina migrazioarena ere bada egoera horren adibidea.

Egia da munduan dena lotuta dagoela. Baieztapen hori inork ez du ukatzen, baina motz gelditzen da. Ez da soilik harreman sare batek dena lotzen duela, baizik eta hierarkia baten arabera antolatuta daudela harreman horiek. Estatuak, ekoizpen prozesuak, informazio kanalak... botere harremanen kate batean lotuta daude. Herrialde garatuenetan bizi garenok askotan ahaztu egiten dugu estatu guztiek ez dutela baldintza berdinetan lehiatzerik mundu globalizatu honetan. Ondorioz, ezkerreko proposamenek askotan ez dute kontuan hartzen indarreko nazioarteko testuinguruak ezartzen dituen mugak. Hori horrela, garatzeko bidean diren herrialdeetakoen begietara, proposamenok erabat inozoak dira.

Paradoxikoki, ezkerreko indarrek jaiotzatik bertatik izan dute bokazio globala. «Herrialde guztietako langileok, elkar zaitezte!» aldarria abiapuntu hartuta, ezkerrak bere jarduera politikoan mundu mailako ikuspegia landu izan du beti. Globalizazioak bandera hori kendu zion ezkerrari eta orain arte ez da gai izan egoerari buelta eman eta ikuspegi alternatiboa lantzeko. Hutsune horren ondorio kaltegarriak begi bistakoak dira: globalizazioaren galtzaileen haserrea eskuin muturreko indarrek kapitalizatu dute. Herrialde garatu guztietan indartu dira. Herrialde pobreetan, aldiz, sekta erlijiosoak izan dira uzta jaso dutenak. Ibilbide horretan, ezkerrak berezko zituen kontzeptu garrantzitsuak galdu ditu, esate baterako, “nazioarteko lan banaketa”. Kategoria horrek nazioartean ematen den botere harreman hierarkikoa agerian uzten zuen, eta, ondorioz, analisi edo proposamen orok mendekotasun hori kontuan izan behar zuen ezinbestean. Beraz, bada garaia “berdinen arteko lehia” eta antzeko kontzeptuak behingoz albo batera utzi eta ezberdinen arteko harremanetan sakontzen hasteko. •