Ula Iruretagoiena Busturia - @ulissima5
Arkitektoa

Mapak eta poesia

Mapez eta mapekin ari da Iñigo Astiz bere azken lanean, «Analfabetoa» izenekoa (Susa, 2019); mundua, errealitatea eta aktualitatea ulertu nahian. Entzun dut poeta esaten poesia bide paregabea dela ulertzen ez dituen gauzez mintzatzeko, eta, horregatik, gaineratu du, prosan baino egiatiago dira hitzak poesian, baina ez argiago.

Europa Mendebaldeko maparik zaharrena du hizketagai poema batean; bertan dio haitzulo garaiko lurraldearen mapa eta marraketan, leku bat deskribatzearekin batera bizitza nolakoa zen azaldu nahi zutela gure arbasoek. Oro har, poema liburuak orainaldiaren lurraldea hartzen du hizketagai, poesiak maparen funtzioa betetzen duelarik edo poesiak mapa bat –edo gehiago– marrazten duelarik. Maparen linea eta irudien testualizazio ariketa bat da, mapak ohiko argibide funtzioa galduz: mapa ez da “zu hemen zaude” ziurtasuna eskaintzen dizun euskarria izango eta mapak ez du helmuga batera iristeko biderik laburrena erakutsiko. Arkitekturaren eta filosofiaren nahasduraren toki ez jakin horretatik, poesia bide ez-jarraitua, erritmo geldoan eta praktikotasunik gabeko lokarrietan aritzeko proposamena da beti.

Ezinezkoa egin zait arkitekturarekin lotura saihestea, mapa edo lurraldearen irudikapena hain denez arkitekturarako gaia. Maparen poetikotasuna gutxitan izaten da eztabaidagai, funtzionaltasunaren atzamarretan galtzen direlako mapak. Baina poesiaren antzera, mapa errealitatearen begirada baten emaitza da, benetakotasunetik urruti dagoena. Bizi garen testuinguruaren esentzia zirriborratu, gerturatu, korapilatu nahi dituzte biek. Ariketa espekulatiboak dira errealitatea abiapuntu eta helduleku dutenak, berorren ulerpenerako saiakera edo ahalegin gisa hartu behar direnak, konplexutasun handiko gaien azalpen partzialak. Poesian hitzak aukeratzen dira; mapan, elementu grafikoak. Eta paperean itsatsitako hitzek zein lineek errealitatearen transformazioarekin amets egiten dute.

Leku batek milioika mapa ditu, zenbatezinak dira. Eta leku baten errealitateaz jabetzeko mapa bat baino gehiago behar dira, existitzen ez diren errealitateenak ere bai. Zer pentsa eman dit mapez ari den “Helbiderik gabeko lekuak” izenburuko Astizen poemak, zeinak dioen badirela lekuak koordenadarik ezagutzen ez dutenak, baina, izendatzeko gaitasun hutsagatik, izan badirela. Norbaiten ahotan entzundako lekuak dira horiek, sekula bisitatu gabekoak baina gure ulermenean existitzen direnak, “aho-belarri” interakzioan. Errealitatearekiko fideltasuna galdu eta norbanakoak testuinguruaz irudikatu duen ideia maparen material bilakatzean, errealitatearekin zeharkatzen diren oroitzapenak eta irudimenaren mapak erdiesten dira. Baliteke poesiak zein mapak ustez ezaguna zaigunaren errebelaziorako giltza izateko, errealitatetik aldendu, fikzioan eta memorian nahasi eta buelta egin behar izatea, betiere, ulertzeko zaila den horretaz aritzeko. •