2019/12/07

Juan martinez de irujo
Pilotari ohia

Juan Martinez de Irujo (Ibero, Nafarroa, 1981) fin-fin mantentzen da. Bi kilo baino ez ditu irabazi pilotari jarduna utzi zuenetik. Zaindu egiten da. Pilotari lotuta bizi da, gazteenei erakusten, partidak ikusiz, Joseba Ezkurdia lau eta erdiko txapeldunaren aholkulari. Trabarik gabe mintzatzen da erretiroa hartzera behartu zuen gaixotasunaz, bere egunerokoaz, euskaraz, baina ez hainbeste pilotako mito bat izan zela galdetzen diotenean, edota politika kontuez. Familia bizitzaz gozatzen jarraitu nahi du, baina garbi aitortzen du pilotari zeneko garaia faltan botatzen duela.

«Pilotari profesionala izateak eta bizitzeak talka egin zuten; eta nik bizi egin nahi dut»
Andoni URBISTONDO
1207_juan1

Alabak ikastolan utzita azaldu da hitzordura, Mutiloagoitiko taberna batera. Irribarretsu, natural. Bi urte luze pasa dira komunikabideen, zaleen fokutik aldendu zela, eta beste herritar arrunt bat bilakatu da.

Zer moduz bizi zara?

Pozik, lasai. Hiru urte eta erdi pasa dira pilota utzi nuenetik eta pilotari nintzenean baino askoz lasaiago bizi naiz, familia bizitza eginez erabat.

Parrandarik egin al zenuen Arbizun, Ezkurdiarekin, lau eta erdiko txapela irabazi ostean?

Bai, pixka bat. Baina gero eta zaharragoa naiz. 38 urte ditut, eta gehiago kostatzen zait animatzea. Halere, biharamuna baldin baduzu, bezperan gozatu duzun seinale, ezta?

Ezkurdiaren oso hurbilekoa zara.

Bai, oso lagunak gara. Bera profesionala izan baino lehenago kilometro piloa egin zituen nirekin autoan, entrenamenduetan-eta, eta harreman ona dugu. Mesede asko egin dizkit, eta ni orain bere ondoan egotea egin zizkidan mesede piloa bueltatzeko modua da.

Zer da Juan Josebarentzat?

Lagun on bat. Asko hitz egiten dugu, batez ere bietako batek laguntza behar duenean.

Ezkurdia «Irujotu» egin dela, zure antza hartu duela esan eta idatzi da han eta hemen azken asteotan. Zer diozu?

Ba Ezkurdia Ezkurdia dela eta ni Juan Martinez de Irujo. Ezin dira bi pertsona horrela parekatu, nahiz eta niretzat polita izan nire antza duela esatea. Izaeran, jokatzeko moduan ezberdinak gara. Hiru final jokatu eta hiru txapel irabazi baditu ez da nire antza duelako, pilotari aparta delako baizik, eta kito.

Ustekabea izan al zen Ezkurdiak irabaztea?

Ba pixka bat bai. Finala baino hamar egun lehenago galdetu izan bazenit, oso zaila zegoela pentsatzen nuen, batez ere Jokin Altuna ikaragarri jokatzen ari zelako, eta Ezkurdia, aldiz, zalantza askorekin. Finala gerturatu ahala, lasaitzen joan zen, final atariaz gozatzen, eta konfiantza irabazi zuen. Eta berak irabazten zuen neurrian, nik ere bai.

Zu bezain lehiakorra da.

Eta nor ez? Egun pilotari denak dira lehiakorrak. Ezkurdiak lan handia egin du hain lehiakor izateko, entrenamendu gogorrak egin ditu. Horrek konfiantza eman dio finalei begira. 24 ordu pilotan pentsatzen ematen ditu, eta dena zaintzen du: prestakuntza, elikadura, buruko indarra…

Inbidiarik pasa al zenuen lau eta erdiko finalean? Pasatzen al duzu frontoira joatean?

Ez asko. Onartua daukat bukatu zela, eta ez dela egoera hori bueltatuko. Lagunak lurrean ezinean ikusten ditudanean, jota, eta ni, sofan, lasai-lasai, ez dut faltan botatzen pilota.

Zer moduz doakizu bizitza, zer egiten duzu egun normal batean?

Familiarekin denbora pasa [Gema emaztearekin eta bi alabekin, June eta Arhane, 9 eta 6 urte]. Egunero eramaten ditut ikastolara goizean, eta arratsaldetan haien bila joan. Profesionala nintzenean ezinezkoa zen hori, beti neukan entrenamenduren bat edo beste konturen bat. Asteburuetan, beti partida bat edo bi, eta alabekin egoteko tarte bat bilatzen. Orain nahi beste tarte daukat. Normalean korrika egiten dut egunero, erritmo lasaian, pixka bat sasoian mantentzeko, tripotxa ez ateratzeko. Erosketak, bazkaria prestatu… Astean bitan pilota eskolak ematen ditut, Elkarpilota enpresarekin. Gero etxera bueltatu, afaria… Familia bizitza lasaia daramat.

Zer da Elkarpilota?

Patxi Eugik, Peio Martinez de Eulatek, Fernando Goñik eta laurok sortu genuen enpresa. Pilota eskolak ematen ditugu Nafarroako herrietan. Pilota dugu gustuko, eta Nafarroan lizentziak gutxitzen ari zirela ikusita, zerbait egitea erabaki genuen. Imarkoain eta Etxarren herrietan aritzen naiz ni, ordubeteko entrenamendu berezituak gidatzen, bakoitza lauzpabost pilotariko taldearekin. Teknika eta taktika erakusten saiatzen gara. Bizioak, jarrera jakin batzuk ezabatzen saiatzen gara, pilota egoki nola kolpatu behar den erakusten saiatu eta beste.

Eta zer diote gazteek, irakasle pilotari ezagunak dituztela ikusten dutenean?

Hasieran ezustekoa hartu zuten, baina dagoeneko bost urte daramatzagu, eta ohitu dira gurekin.

Zenbat urteko gazteak dira? Txintxoak al dira?

Txintxoak dira, bai. 8 eta 18 urte bitartekoak. Etortzen direnak ikasteko asmoz etortzen dira, ez jolasera. Klaseak nahiko dinamikoak dira, gazteak mugituak direlako eta motibatu egin behar dituzulako. Ni oso gustura nabil. Neguan agian ez hainbeste, frontoian hotz handia egiten duelako, baina tira.

Eta zein da Elkarpilotaren helburua? Pilotari onak sortzea?

Ez, pilotan jokatzea. Gero hortik jornala lortzen badute, ba aurrera. Gure gaixotasuna beraiei kutsatzea da asmoa.

Zenbat denbora, dagoeneko, erretiratu zinenetik? Gogoratzen al zara?

Bai, bai. Ondo gainera. 2016ko uztaila.

Nola izan zen agurraren prozesua?

Beno, urtero egiten dituzun mediku azterketa horietako bat izan zen. Badakizu, bukatu, eta medikuari esaten diozu: ‘zer, dena ondo ez?’, lehenbailehen martxa egiteko. Eta hor segundo batzuetako isilunea eman zen. Hor hasi zen dena. Azterketa zehatzagoak egiten hasi ziren, eta panorama gero eta beltzagoa zen. Ezusteko ikaragarria izan zen niretzat egun hura, baina gero jabetzen zara eskerrak eman behar dituzula gaixotasuna antzeman zidatelako. Horri esker nago gaur zurekin hitz egiten. Bestela, agian ez.

Nolakoak izan ziren bihotzeko gaixotasuna zeneukala esan osteko hilabeteak?

Ez pentsa egoera onartzea asko kosta zitzaidanik. Ondoan neukan emaztea, eta alaba txikiak, eta horrek pisu handia du hausnartzen duzunean. Han eta hemen galdetu genuen, prestigio handiko medikuak, beti emaitza edo analisi on bat bilatzen, zirrikituren bat bilatzeko asmoz. Baina egunek eta asteek aurrera egin ahala, diagnosia berbera zen, eta agurraren etorrera gerturatu egin zen.

Noren belarrira jo zenuen barruak askatzeko?

Emaztea, aita eta ama, lagun onak… Jende guztiak berdina esaten zidan. Arriskurik ez hartzeko. Ez zen pilotan jokatzea bakarrik, entrenatzea baizik, gu 200 pultsazioko mugara askotan iristen garelako. Ez pentsa kolpe ikaragarria izan zenik. Nik garbi neukan, bizi egin nahi nuela, eta pilotari profesionala izan eta bizitzeak ba talka egin zuten. Erabakia erraza izan zen, benetan.

Pilotalekuetako erregea zinen. Trantsizioa ez zen erraza izango, noski…

Prestatuta nengoen. Esan bezala, banekien eguna etorri egingo zela. Egin nezakeen guztia egin nuen, bueltatu ahal izateko, baina egun batean, mediku batek deitu zidan, eta galdetu zidan: ‘zer, nola nahi duzu hitz egitea, gordin eta zuzen, edo zurikeriekin?’. Nik garbi hitz egiteko esan nion. Esan zidan ez zegoela zer eginik. Etxean nengoen, solasaldi horretan. Hondoratu egin nintzen, baina jaiki nintzen, pixkanaka.

Zer sentitu zenuen Labriten ofizialki agurtu zinenean, hainbeste jenderen aurrean, etxekoak, lankideak…

Beldurra atarian, eta lasaitasuna gero. Baikorra izan behar da. Gehiegizko arriskurik ez hartzeko aholku batzuk eman zizkidaten, betetzen ditut, eta aurrera. Bihotzak ez du minik ematen, baina, kale eginez gero, agur. Kontuz ibili behar da.

Jendeak nola hartu zuen zure agurra?

Ba bitxia da, baina erretiroa jakinarazi ostean jendearen gertuko babes handia sentitu dut, herritar asko hurbildu zaizkit, errespetu handia eduki dute nirekin, gaiaz galdetu gabe. Komunikabideena ere bai. Bazekiten zer zegoen, zer pasatzen ari nintzen, eta errespetatu zuten nire barruko dolu hura.

Herriaren pilotari kutuna izan zara, Juan.

Pilotan hasi ginenetik hori erakutsi digutelako. Takoak jarri aldagelan, solasean aritu lankideekin, aurreko partida ikusteko atera eta harmailetan dauden zaleak agurtu… Niretzat galtzen ari diren ohiturak dira. Pilota profesionalizatzen ari dira etengabe, eta herritik, afiziotik, urruntzen ari da.

Zer esango zenieke aginte makila dutenei?

Ba profesionalizatzea ondo dagoela, baina ez dela pilotaren esentzia alboratu behar. Eta esentzia zaleak dira. Kirol hau indartsua bada, hain eremu txikian, zaleengatik da.

400 eserleku libre geratu ziren lau eta erdiko finalean, Nafarroa Arenan. Deigarria egin zitzaizun?

Beno, pilotaleku batean 3.000 lagun sartzea ere ez da erraza.

80 eta 120 euro arteko sarrerak ez al dira garestiegiak?

Nik ez dakit zein den salneurri egokia. Badakit harmailak hutsik ikusten badira, sarrerak garestiak direlako dela. Kontra, dena betetzen bada, ez dira garestiak. Eskaintza eta eskaeraren legea da. Finalak finalak dira, eta sarrera onak ordaindu egin behar dira…

Hamahiru txapela lortu zenituen. Aurretik pasatzen zarenean begiratzen al diezu?

Begiratzen diet, baina hor daude. Txapel asko irabazteko aukera izan dut, baina pasatako garaia da.

Zein txapelek egin dizu ilusiorik handiena?

2006ko lau eta erdikoak, Juan Angel aita izan bainuen botilero. Abel Barriolaren aurka 22-21 irabazi nuen. Hiru txapelak irabazi nituen lehen urtea izan zen, gainera. Aitari mesede egin zion beste botilero bat hartzeak, hark ikaragarri sufritzen zuelako aulkian. Aitak gutxi hitz egiten zuen, baina, esaten zuena, beti zentzuzkoa. Oso-oso gustura aritzen nintzen bera laguntzaile izanda.

Jende askok miresten zaitu. Jende askok esaten du: «inoizko onena, pilota aldatu zuena», Aimar Olaizola edo Julian Retegiren gainetik.

Eskertzen diet horrela ikusten nauten zaleei, benetan, baina ez naiz eroso sentitzen halako loreekin, laudorioekin. Betiko onena izan ote naizen eta halakoak. Beste pertsona normal bat izatea dut gustuko, nire lagunen laguna. Galdera hori egin didazu, eta zer esan ez dakidala geratu naiz, deseroso.

Baina aireko joko harekin pilota klasikoa desagerrarazi zenuela zure zaleak ez direnek ere aitortzen dute.

Nik eta Aimar Olaizolak, esango nuke. Final asko izan dira elkarren aurka. Ez da hainbesterako. “Eredugarri”, “bakar”, “handi” eta antzeko terminoetatik urrun sentitzen naiz, eta harro diot gustuko nuena eginez atera ahal izan dudala bizitza, izan naizela txapeldun. Horrek loreek baino gehiago asebetetzen naute.

Airez jokatze hori, bat-batean bururatu zitzaizun edo hala jokatuko zenuela bazenekien partida hasi aurretik?

Ez ez, banekien. Niretzat airez jokatzeak pentsatzeko denbora gutxiago edukitzea esan nahi du, aurkariak azkarrago pentsatu behar izatea, eta abiadura horretan hobeto moldatzen nintzen. Lehen urtean denei sufriarazi nien, baina bueltan nik ere sufritu egin nuen, besteak nire jokora moldatu zirenean.

Zale guztiak aho bete hortz utzi zenituen, 2005ean, manomanistako finalerdian. 21-21, Patxi Ruizen aurka, sakea errestatzera joan, eta boleaz erantzun zenuenean. ETBko esataria, Xabier Euzkitze bera ere sinetsi ezinik utzi zenuen, final hartan. Baina irabazi egin zenuen.

Bai, baina jendeak ez zekiena hauxe zen: ezker eskuko hatza hautsita neukan eta sake hura botearekin errestatzea ezinezkoa izango zen. Gogoratzen naiz, bai, sortu zen harrabotsa.

Hamarkada pasa pilotan, erretiroa hartu bitarteko lasaitasun ekonomikoarekin erretiratu al zara?

Ez, ez. Dirua irabazi, irabazi dut, baina erretiratu aurretik lanen bat bilatu beharko dut, noski. Gastuak handiak dira familia batean: etxea, autoa, bi alabak… Baina tira, pribilegiatua sentitzen naiz daukadanarekin, eta orain ezin hobe bizi naiz.

Zer jardunetan aritzea gustatuko litzaizuke? Pilota munduan edo hortik aparte?

Urte batzuk atzera gustura emango nuke enpresaren batean lana egiteko baiezkoa, baina egun… Asteburuetan askatasuna edukitzea gauza ona da, eta, pilota profesionalean hasiko banintz, asteburuei agur esan beharko nieke bai edo bai. Entrenatzaile jardunak erakartzen nau gehien, agian.

Botilero edo laguntzailearen figura ere kendu zuten. Zu horren aurka mintzatu izan zara publikoki.

Bai, pilotaren esentzia delako. Beti egon izan dira, eta egon beharko lukete. Nik jokatu izan ditut hainbat partidu laguntzailerik gabe, eta oso monotonoa, aspergarria egiten da. Nire ustez pilotari guztiok botatzen dugu faltan. 18. tantora iritsi, eta denok eskertzen dugu aholkuren bat, kantxan ikusten ez dugun xehetasunen bat, «ez egin hau», «kontuz kolpe honekin»... Batez ere pilotaria animatu eta kontzentrazioa mantentzen lagundu. Laguntzaileak kentzeak helburu garbia du nire ustez: dena kontrolatzea, euren taldean ez dagoen jendea barruan egotea, hori saihestu nahi dute. Eta laguntzailearekin ezin zuten halakorik lortu.

Egun pilotarien baldintzak zuen garaikoak baino kaskarragoak omen dira.

Ez daukat informazio zehatz-zehatzik. Entzuten dira gauzak, eta baliteke, bai, gu baino okerrago egotea. Dena den, enpresek erabakitzen dituzte zenbakiak, soldatak, eta pilotariak nahi ez badu, eskaintzen diotenarekin ados ez badago, ez du kontratua sinatzen.

Urrutikoetxea eta Aimar elkarrekin jarri dituzte binakako txapelketan. Zer diozu?

Beno, arriskatu beharra dauka Baiko enpresak. Aspek zazpi txapela irabazi ditu jarraian, eta zerbait asmatu beharra dauka bolada txar hori nola edo hala eteteko.

Aimar Olaizola aipatuta, bada jende franko biok gaizki moldatzen zaretela uste duena. Ez da hala…

Bai zera, ondo moldatzen gara! Tira, ez gara geratzen egunero ardo batzuk edateko, baina harreman ona dugu ikusten garenean. Gure garaian Barça eta Real Madril bezalakoak izan ginen. Nire aldekoa zenak Aimarren kontrakoa izan behar zuen, eta alderantziz. Dikotomia hori elikatu zen. Berak joko molde jakin bat zuen, nik bestea, batzuetan berak irabazten zuen, besteetan nik… Pike sanoa eduki genuen, bioi ondo etorri zitzaiguna, pilotari hobeak egin ginelako bata besteari esker. %120a eman beharra izan genuen bestea menderatzeko. Mundu honetan denak moldatzen gara ondo, ez dago atzera bueltarik ez daukan ikusezinik gure artean. Bi astez behin frontoian gaude, eta han batzen gara sarrien. Telefonoz ere askorekin hitz egiten dut: Abel Barriolarekin, Mikel Idoaterekin…

Damutzen zaren zerbait ba al da?

Noski. Kale egin dudala onartu dut, baina denok bezala, ezta? Barkamena eskatu eta kito.

Frontoiren batean pilotaren bat kale egin, aurreko atetik irten eta atzekotik bueltatu zinen partidaren bat ba omen da…

Bai, Bilbon. Begira, kalera irten eta sekulakoak botako nituen, ziur. Barruan geratu izan banintz agian ez, eta gaitz erdi. Ni geratu naiz markatuta, nire imintzioekin, iskanbila sortu zalea nintzela eta beste. Baina nire antzeko asko zeuden.

Ze kezka ditu Juan Martinez de Irujok egun? Inguruan dagoen jendartea ikusi eta ze pentsatzen du? Politikak erakartzen zaitu, ez…

Nire iritziak, joerak ditut, eta besteenak errespetatzen ditut, noski. Ez zait publikoki zein diren adieraztea gustatzen, baina Bilduko lagunak ditut, Vox-ekoak ere bai… Hauteskundeak izan ditugula-eta, Espainian utzikeria handiz jokatu dutela esango nuke… Hilabeteetan lortu ezin izan dutena, bi egunetan lortu dute orain? Bozkatzera inor ez joatea merezi dute agintari zenbaitek. Seriotasun gutxi ikusten dut, eta arazoak konpontzeko prestutasun eskasa, hori egitea euren lana denean.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin gertatutakoa dabil, bili-bolo, Iruñean. Ze iritzi daukazu?

Ba ez zaidala normala iruditzen egin dutena. Ekitaldiak ingelesez, frantsesez edo gaztelaniaz egin behar badira, ba egin ditzatela, baina euskaraz ere bai, ezta? Ez al da ba lingua navarrorum, gure hizkuntza? Euskarak sortzen du, oraindik, halako gorrotoa nafar herritar zenbaitengan, eta ez dut ulertzen zergatik.

Futbolean bihotza banatua daukazu. Realeko eta Osasunako zalea zara.

Bai, biena. Idatzi parte igualetan, polemikak saihesteko. Lortu nuen lehen kamiseta Realarena izan zen, izenik agertzen ez zen garaikoa. Horregatik zaletu nintzen. Gero nafarra naiz, eta nola ez izan Osasunakoa, batez ere orain, Jagoba Arrasaterekin, eta taldearen bizkarrezurra etxeko mutilek osatzen dutenean? Jendea askoz gehiago identifikatzen da etxeko jendearekin, hori da Osasunaren bidea.

Joaten zara Sadarrera?

Neguan gutxi, hotza egiten du-eta.

Ze kirol ikusten duzu telebistan?

Txirrindularitza, baina uztailean, Tourrean, alabek oporrak dituzte, eta beti daukagu igerilekua, beste ekintzaren bat… Futboleko euskal derbiak ere ikusten ditut.

Bi alaba dituzu. Pilotalekura eramaten dituzu?

Jokatzen nuenean ez, ze jende guztia, nirekin ikustean, astun samarra izaten zen beraiekin. Orain bai, orain lasaiago ibiltzen gara.

Zergatik Mutiloagoiti eta ez Ibero?

Ni Iberon gusturago egongo nintzen, baina… Bizitzan dena negoziatu behar da [barrez]. Mutiloagoitin zerbitzu piloa dugu, eta ondo bizi gara, baina ahal dudan guztietan herrira jotzen dut, Ibero eta Bidaurretara, amaren herrira. Hura da nire tokia.

Non ikusten zara urte batzuk barru?

Ba ez dakit. Egunean egunekoa bizitzea gustatzen zait. Lagunak Iberon, Etxaurin, toki askotan ditut. Hemen lasai bizi naiz, orain jendeak ez nau kalean une oro geratzen, lehen bezala. Pilotari nintzenean, eta finalen atarian, ezin nuen taberna batera sartu, edo Iruñera paseatzera joan, jendeak geratu egiten ninduelako kaletik. Aukera izango banu, hauxe aukeratuko nuke: pilotaria, baina egungo lasaitasunarekin.

«Urtero egiten dituzun mediku azterketa horietako bat izan zen. Badakizu, bukatu, eta medikuari esaten diozu: ‘zer, dena ondo ez?’, lehenbailehen martxa egiteko. Eta hor segundo batzuetako isilunea eman zen. Hor hasi zen dena. Azterketa zehatzagoak egiten hasi ziren, eta panorama gero eta beltzagoa zen»

«Pilotan hasi ginenetik hori erakutsi digute; takoak jarri aldagelan, solasean aritu lankideekin, aurreko partida ikusteko atera eta harmailetan dauden zaleak agurtu… Niretzat galtzen ari diren ohiturak dira. Pilota profesionalizatzen ari dira etengabe, eta herritik, afiziotik urruntzen ari da»