Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Nerea Elustondo Plazaola

«Nire ikara handiena Illunben txiki sentitzea da; ni izaten jarraitzeko nahiko indar izan nahi dut»

Legazpi, 1981. Etxeko sofan bere ikasleen matematikako azterketak zuzentzen ari zela Whatsapp bitartez jakin zuen finalista zela. Ez zuen espero, dagoeneko burua txapelketatik kanpo zuen. Ilusioa pizten dio bera finalean egoteak zenbat jende poztu duen sumatzeak. Behin baino gehiagotan ia-ia iritsi den arren, lehen finala da gaurkoa.

Orain fokupean zaude eta ez zaizkizu asko gustatzen fokuak.

Ez, ez ditut gustuko. Horretan partea izango dute norbere mamuek eta ahalduntzeek ere. Baina iruditzen zait txapelketan, dagoeneko lehen fasetik, asko galdetzen dela helburuez, asmoez... iruditzen zait airezko gazteluak eraikitzen ditugula. Kea alferrik saltzea ez zait gustatzen eta horrelako gauzei horretatik pixka bat sumatzen diet. Egin beharrekoak oholtzan egin behar direla konbentzituta nago. Ulertzen dut horrelakoak egin behar direla, kazetariek orrialdeak bete behar dituzuela, baina ez dakit benetan zer ekarpen egiten dion bertsozaleari.

Gainera, txapelketatik deskonektatuta bezala zinen dagoeneko.

Bai, egia da. Banekien aukeraren bat bazegoela, baina deskonektatuta nengoen. Dagoeneko urte batzuk baditugu eta ikasi dut tripak jaten egoteak ez duela ezertarako balio. Gertatu behar dena gertatu egiten da eta gauza asko ez daude gure esku. Nire esku dagoena da behin aukera dudanean bertsotan egitea eta saiatzen naiz momentu horretan kezkatzen, ez lehenago.

Kezkatzen zaitu Illunbeko fokuak?

Kezkatzen nau Illunbeko jendetzak. Sekula ez dut hainbeste jenderen aurrean hitza hartu eta ez dakit nire gorputzak, nire buruak, nola erantzungo duten. Nire ikararik handienetakoa da han oso txiki sentitzea, handitasun horren barruan. Sentipen fisikoak kezkatzen naute. Ez nuke nahi egoerak berak ni irenstea. Ni izaten jarraitzeko nahiko indar izan nahiko nuke Illunbeko oholtza handi horretan.

Txapelketa txukuna egin duzu.

Bai, uste dut erregular samar aritu naizela. Zaharrenetakoa izanik, adinak kezka berezia sortu dit [barreak]. Pentsa, parte hartzaileen artean Batxilergoan nire ikasle izandako bat zegoen. Horrek zure tokian jartzen zaitu. Adinari esperientzia deitzen diote eta badirudi gutxieneko batzuk behintzat bete egin behar dituzula. Nire kezka zen ipurdi bistan ez geratzea.

Askotan aipatzen duzu ipurdi bistan geratzearena.

[Barreak] Nire obsesioetako bat da. Tira, oso kezka erreala da, bat-batean aritzen gara eta edozein gairi buruz kantatzea egokitzen zaigu. Nik ez dakit denari buruz. Egoera horretan, bada aukera erreal bat ipurdi bistan geratzea.

Adinarena aipatu duzunez, oholtzan patxada pixka bat behintzat emango du, ezta?

Ez pentsa. Ni konturatzen naiz gero eta urduriago jartzen naizela. Gaztetxotan, egiten duzuna egiten duzula, balio du, gauza gehiago barkatzen zaizkizu. Baina adin bat daukazunean badirudi gauzak gehiago zaindu behar dituzula. Adinak, segur aski, gauzak erlatibizatzen lagundu dit, daukaten garrantzia baino gehiago ez ematen. Hori bai.

Orain Hernaniko bertso eskolan ari zara entrenatzen.

Bai. Donostian bizi naiz orain eta astean behin azaltzen naiz Hernaniko bertso eskolara. Bere garaian proposatu zidaten azaltzeko eta niretzat opari bat izan da, luxu bat.

Zergatik beti beltzez jantzita oholtzan?

Oholtzan eta oholtzatik kanpo. Nire kolorea da, eroso sentiarazten nauena. Neutraltasuna ematen didala uste dut. Oholtzan presentzia fisikoa izatea ez da erraza, eta gutxiago ni bezala oso lotsatia baldin bazara. Oso-oso lotsatia naiz eta beltzez jantzita eroso sentitzen naiz.