Amagoia Mujika Telleria
Elkarrizketa
Jon Maia Soria

«Oraingo hau da jokatu ditudan txapelketa guztien artean gehien asebete nauena»

Urretxu, 1972. Gipuzkoako laugarren finala du. Beteranoa, 47 urterekin ezustekoa emateak daukan graziaren jakitun eta lehiaren estutasunetik inoiz baino askeago.

Jende askoren galdera: ze nezesidade dauka Jon Maiak Gipuzkoako Txapelketan aurkezteko?

Bai, badakit jende askok galdetzen duela hori. Nik niregatik egiten dut gehiago. Zalantza handiak izan nituen izena eman edo ez. Gainera, oso aurretik eman behar da izena eta une horretan burua ez neukan txapelketan. Zalantza horretan, pentsatu nuen ez banuen izena ematen erretiratzea bezala zela, besterik gabe erretiratzea. Euskal Herriko Txapelketara begira eman nuen izena. Gipuzkoakoan ez baduzu parte hartzen, ezin duzu Euskal Herrikoan parte hartu. Aurreko Euskal Herrikoan BECen atean geratu nintzen eta ez nuen besterik gabe utzi nahi txapelketa. Horregatik eman nuen izena Gipuzkoakoan.

Badakit nire txapelketetako ibilbidean azken zatira iritsi naizela eta ondo agurtu nahi dut, bai Gipuzkoakoan eta bai Euskal Herrikoan. Badakit bukaerara iristen ari naizela eta bukaera ona eman nahi diot.

Ibilbide oparoa eta askotarikoa daukazu. Txapelketaren arantza kentzeko beharra al daukazu?

Ez, ez daukat behar hori. Daukadana da zentratzeko beharra. Gauza asko egiten ditut eta txapelketak behartzen nau etxera bueltatzera. Bertsolaritza niretzat enborra da, eta, besteak, adarrak. Txapelketak erdigunera bueltatzera behartzen nau eta mesede egiten dit, bestela asko dispertsatzen naiz.

Bestetik, nahiz eta gauza batzuk oso gazterik egin ditudan, uste dut nahiko berantiarra naizela gauza batzuetan. Beti pentsatu izan dut nire onena berandu samar iritsiko dela. Niretzat Jon Lopategiren eredua oso garrantzitsua izan da. Euskal Herriko txapela 55 urte zituela jantzi zuen. Ez dut pentsatzen Euskal Herriko txapela irabazte horretan, baina nirea heltze prozesu bat dela uste dut; umetan euskaraz pentsatzen hasi nintzenetik orain arte. Eta pentsatzen dut gero eta hobeto egiten dudala. Ilusio hori daukat.

Zure onena etortzear dagoela pentsatzea sekulako jarrera da, ezta?

Bai, inoiz ez naiz geratu erabat gustura egin dudan txapelketa batekin. Oraingo hau da jokatu ditudan txapelketa guztien artean gehien asebete nauena. Txapelketa guztietan sufrimendu osagai handia izan dut; blokeatu eta asko estutzen naiz. Txapelketa honetan oraindik ez zait gertatu eta oso prozesu atsegina izaten ari da. Plazetan oso gustura nabil eta txapelketan ere bide ona hartu dudala uste dut.

Desberdin prestatu duzu?

Erabat desberdin planteatu dut. Ez nuen sufritu nahi eta berandu hasi naiz prestatzen, sei-zazpi bertso eskola bakarrik egin ditut. Ez naiz beste saioak ikustera joan. Etxean errimak pixka bat landu ditut, baina konturatu naiz aurreko txapelketetako prestaketaren emaitza orain ari zaidala etortzen.

Ez duzu sufrimendurik transmititu.

Ni horrela nagoelako. Niretzat nire bizitzako partidan bola estra bat da txapelketa hau, eta egin dudan lanketa nagusia azken urteetan ikasi ditudan bizitzako lezio denak presente izatea da. Gai bat entzutean, horietatik tira egiten dut. Asko irakurri dut, asko hausnartu dut, asko landu ditut jarrera pertsonalak... hori guztia ekarri nahi izan dut oholtza gainera. Lanketa desberdin honek emaitza onak ekarri dizkit. Nik ez dut uste teknikoki nabarmendu naitekeenik, ni baino gazteagoak diren bertsolari horiek denak teknikoki oso onak dira. Gaiei heltzeko moduan bereizi naiteke; jarrerei eta bizitzaren ideologiari begira.

Lanketa desberdina, emaitza pozgarriak eta helburua?

Nire ilusioa, ametsa eta motibazioa bizi naizen momentuan eta gizartean eragitea da. Beste Euskal Herri batekin amesten dut eta nire bide guztiak horri begira daude eta, ahal bada, nik ongi pasatuz. Hori da nire leloa eta iparrorratza eta bertsoa horren zerbitzura jartzen dut, ja ez diot beste emaitzarik eskatzen nire buruari. Hori asko barneratu dut eta sekulako liberazioa sentitu dut lehiarekin.

Illunbera iristeko puntu ona da.

Oso momentu onean nago, oso txukun daukat burua eta bertsoa bere jario naturalean etorri egiten zait. Askotan, hainbeste prestaketarekin, errimarekin, hainbeste gauza esan nahiarekin... bertsoari ahora iristeko bidea labirinto bihurtzen zaio. Aurten erabat aldatu dut hori eta bertsoari uzten diot datorren bezala etortzen. Plazetan daukadan arintasuna eta umorea ekarri ditut txapelketara. Jon Maia bertsolaria eta Jon Maia pertsona oso konektatuta daude.