GAUR8
KONTZIENTZIA EKOLOGIKOA

Munduko biztanleen %49k beste aldera begiratzen dute ingurumen arazoen aurrean

Munduko herritarren %49 eko-etsituak dira, hau da, kontsumo jasangarria eta kontzientzia ekologikoa urrutitik begiratzen dituzte. Beste muturrean daude eko-aktiboak, herritarren %16, ingurumena hobetzeko estrategia aktiboak bultzatzen dituztenak. Kulturak, ohiturek eta poltsikoak eragina dute kontzientzia ekologikoan.

Kontsumo jasangarriak eta kontzientzia ekologikoak egunez egun jarraitzaileak irabazten badituzte ere, munduko biztanleen %49 borroka horretatik aparte dago, pasiboak dira, eko-etsituak. Kontsumitzaile horiek ez dute interes handirik gainditu beharreko ingurumen erronken inguruan eta ez dute hobetzeko neurririk hartzen.

Mendebaldeko Europan, kolektibo hori kontsumitzaileen %37 da. Ingurumenaren aurrean ez kezkatzeko arrazoi edo gogoeta desberdinak erabiltzen dituzte; energia, dirua edota denbora falta zaiela edo ekintza ekologiko asko deserosoak direla kasu. Ikerketa desberdinek frogatutzat eman dutenez, ongizate sozial eta ekonomiko handiagoa duten gizarteetan (per capita errenta handiagoa, lan baldintza hobeak, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak, prestazio eta laguntza sozial gehiago, hezkuntza eta osasun sistema hobeak), herrialde eskandinaviarretan eta anglosaxoietan kasu, jendea askoz irekiago dago alternatiba global ekologikoak aintzat hartzeko, eta prest dago horiek borondatez babestu eta bultzatzeko.

Estatu espainolean eko-etsituena da talderik handiena, ikerketek mahaigaineratu dutenez. «Ingurumenarekiko kontzientzia ez dago oso zabalduta eta kontsumitzaileek ez dute ekimen propiorik ekintzak egiteko orduan, araudietara egokitzen dira besterik gabe». Horren adibide garbia da plastikozko poltsak derrigorrez ordaindu beharrak kasu batzuetan ekarri duen ohitura aldaketa.

Adituen esanetan, jarrera pasibo horren atzean bestelako arrazoiak daude; erakundeek neurriak hartzeko duten interes apala, sektore pribatuaren proposamenik eza, egoera ekonomikoa eta kontsumitzailearen arrazionaltasuna, hezkuntza eta kultura. «Krisiak kontsumitzailea bere erosketetan gastatzen duena oso gogoan duen erakunde arrazional bihurtu zuen; horri gehitzen badiogu sektore pribatuak bere produktuetan plastikoa murrizteko garatutako ekimenen kopuru eskasak eragin handia duela azken prezioan, kontsumitzaile horren erosteko motibazioak nabarmen murrizten dira», nabarmendu dute adituek.

Beste muturrean daude eko-aktiboak. Talde hori kontsumitzaileen %16 baino ez da, plastikoak murrizteko estrategiak bilatzen ditu, beti edo oso maiz, eta ingurumena hobetzeko estrategia aktiboak garatzen ditu. Kontsumitzaile horiek okela, botilak edo plastikozko ontziak saihesteko probabilitate bikoitza dute. Gainera, ekintzaile ekologikoak dira, beren ingurunean eta sare sozialetan sustatzen dute planetarekin duten jokabidea. Eko-etsituek ez bezala –horien ustez ez dute erantzukizun ekologikorik– aktiboek garbi dute kontsumitzaileak direla ingurumena hobetzeko erantzukizun handiena dutenak.

Aurreko bi taldeen tartean daude eko-sinistunak. Plastikoa beren kezka nagusitzat hartzen dute eta ingurumen inpaktua murriztea dute helburu. Neurri orokorragoak hartzen dituzte, hala nola, oihalezko poltsak erabiltzea plastikozkoak erabili beharrean, nahiz eta eko-aktiboek baino maiztasun txikiagoarekin. Adituen esanean, «ingurumenaren aldekoak dira, baina ez dute oso borondate sutsua». Europan aurki daiteke gehien profil hori: Mendebaldeko Europan biztanleriaren %19 da.

Hurrengo taldea eko-kontsideratuak dira, plastikoa beren kezka nagusitzat ikusten ez dutenak. Hori horrela, arraroa da plastikozko hondakinak murrizteko ekintzak egitea eko-kontsideratuek; eskala globalean, kontsumitzaileen %23 talde horretan sartzen dira, eta bigarren taldea osatzen dute jarraitzaile kopuruan eko-etsituen atzetik.

50 urtetik gorakoak

Ingurumenaren aldeko borrokan gazteak aktiboenak direla pentsa daitekeen arren –gai honekiko interes handiagoa dutelako eta ingurumenaren aldeko ekintzak garatzeko energia dutelako–, 50 urtetik gorako pertsonak dira eko-aktiboenak. Adituen esanetan, «50 urtetik gorakoak gazteak baino gogoetatsuagoak dira, eta gutxiago kostatzen zaie behar globalagoez jabetzea. Birziklapena bezalako gaietan konstanteagoak eta metodikoagoak dira, eta ez zaie axola behar den denbora erabiltzea egoki egiteko».

Argi dago klimaren aldeko milaka ekintza daudela, eta denak ez dira oso komenigarriak edo erosoak kontsumitzailearentzat. Beti plastikoz enbalatuta ez dauden produktuak erostea (munduko erosleen %22k bakarrik egiten dute), PVC botiletan edaririk ez erostea (% 38 saiatzen dira) edota haurrentzako berrerabili daitezkeen produktuak erabiltzea (kontsumitzaile globalen% 23k bakarrik egiten dute).

Jende askorentzat ingurumena ez da bere kezka nagusietako bat eta horretan kulturak, ekonomiak eta politikak zerikusia dute. Normalean, askoz garestiagoa da ingurumenarekiko kezka izan eta aktiboa izatea ez izatea baino. «Horregatik, munduko kontsumitzaileen ia erdiak jarrera disidentea dute zentzu horretan», azaldu dute adituek.

Izan ere, poltsikoak ere parte handia dauka horretan. Kezka ekonomiko larriak dituen kontsumitzailearentzat beste lehentasun batzuk daude. «Kontsumitzailearen borondatea hor dago, baina erosteko orduan prezioak agintzen du askotan», diote adituek. Beraz, aurrera begira eko-produktuak gizartearen multzo handi batentzat prezio onargarrian eskuratzeko modua baldin badago, eko-disidente gutxiago eta eko-aktibo gehiago egongo direla aurreikusten da.