Iñaki ETAIO
VENEZUELA ERASOPEAN (II)

Chavismoaren kontraesanak areagotu egin dira presioa handitu den garaiotan

Venezuelaren kontrako presioa handitu den garaiotan, chavismoaren barneko kontraesanak areagotu egin dira. Militante chavistekin mintzatzeak eta zenbait komuna bertatik bertara bisitatzeak barne talkak hobeto ulertzen laguntzen dute. Historiaren motorra klase borroka baldin bada, chavismoaren barruan ere badauka bere isla.

Venezuelan bi konfrontazio nagusi bizi dira azken bi hamarkadotan. Lehena, Venezuelako herriaren eta inperialismo yankiaren artekoa; alde batean bide propioa egin nahi duen herri bat, eta, aurrez aurre, eredu eraldatzaile batekin bukatu eta Monroe doktrinari eutsita “atzeko patioko” baliabide naturalak bereganatu nahi dituen inperialismo yankia. Bigarrena, gainditu beharreko estatu eredu baten eta eraikitzeko bidean den estatu berri baten arteko lehia.

Lehenengo talkari dagokionez, chavismoaren indarrak batuta aritzen dira inperioaren kontra eta kanpoko interbentzioa txalotzen duten eskuineko sektoreen aurka. Prozesuaren garapenari buruz ezkerreko eragileek irakurketa ezberdinak izan arren eta gobernuaren eta erakundeetako kargu batzuen kontrako ustelkeria eta klientelismo salaketak presente egon arren, chavistak oso kontziente dira batasunaren garrantziaz eta era neurtuan jokatzen dute. Chavismoaren sektore eta eragile guztiek dakite gobernua mantentzea ezinbestekoa dela prozesua salbatzeko, bai sozialismoaren eraikuntzan aurrera egin ahal izateko, bai eragile iraultzaileek estatuaren errepresioa jaso gabe lan egiten jarraitu ahal izateko. Hein handi batean, kanpoko eraso bortitza da uneotan chavismoaren batasuna mantentzen duena. Era berean, esan daiteke ere Maduro bera dela chavismoa batuta mantentzen duena, chavisten artean sostengu zabala baitu.

Bigarren konfrontazioa, jendarte sozialista eraiki nahi duten iraultzaileen eta erreformista eta burgesen artean gertatzen da, mugimendu chavista zabalaren barruan ere presente daudenak. Pentsa, Chavez presidentearen lehenengo urteetan hasi zen jada “boliburgesiaz” hitz egiten: gobernuan bertan eta estatuaren aparatuan inkrustatuta zeuden “pseudochavistak”.

Burokrata horiek, diskurtso chavista ahoan eta franela (kamiseta) gorriz jantzita, beren botere posizioez baliatzen dira interes propiorako, proiektu bolivartarrean eta sistema eraldatzean sinetsi gabe. Are gehiago, sistema eraldatzeak beldurra ematen die, beren pribilegio egoera galduko luketelako.

Chavismoaren gorakada geldiezina ikusita, proiektura gehitu ziren goranahiek eta oportunistek karguak okupatzen dituzte gobernuan eta estatu egituretan, departamentuetan, alkatetzetan eta bestelako administrazio gune askotan kasu. Horietako batzuk beren negozioak egiteko aritu dira botere guneetatik, beren influentzia erabiliz, eta burgesia berri bat osatu dute.

Horiekin nahastuta, mugimendu soziopolitikoaren militante ohi batzuk ere badaude, boterea kudeatzen eroso sentitzen direnak. Gaizki ulertutako pragmatismoa ardatz, jarrera kontserbadorearekin jokatzen dute. Bada, sektore eta jokabideok prozesuaren garapena ahultzen dute, baita kargu politiko eta administratiboetan dauden beste buruzagi eta militante chavista askoren lan zintzo eta saiatua ere.

Chavismoaren hasieratik presente egon badira ere, Chavezen figuraren desagerpen fisikoarekin eta azken urteetako egoera larriarekin indartu egin dira jarrera desbideratzaile eta erreformistak. Izan ere, Madurok aurre egin beharreko testuingurua benetan zaila izan da. Chavezen desagerpenari lotutako etsipen emozionalari, krisi ekonomikoari, guarinba eta eskuin faxistaren erasoei, atentatu saiakerei, desinformazio mediatikoari eta mota guztietako eraso inperialistei aurre egin behar izan die, denbora eta arreta handia arazooi emanda.

Ekimen pribatua berrindartzen

Ekoizpena handitzea Venezuelan lehentasuna den garaiotan, gobernuko sektore batzuetatik enpresa pribatuak efizienteagoak direla ikusarazten da. Hala, enpresoi bidea zabaltzearen alde egiten da, esku pribatuetatik berreskuratutako lurrak bueltatuz, finantzazioa erraztuz edota aktibitate batzuen kudeaketa transferituz (kanpoko produktuen inportazioa kasu). Ildo horretan, enpresa publiko eta kooperatiba batzuek izandako porrotak sektoreon alde jokatzen du.

Betiko familia handien esku ez ezik, egindako kontzesioen zati garrantzitsu bat boliburgesiaren esku geratzen dira. Modu horretan, gobernuan bertan txertatuta dauden sektore sasichavista boteretsuak atzerapausoak ematen ari dira ekonomiaren sozializazioan, eta burgesiari kendutako hainbat esparru ekonomiko burgesiaren esku geratzen ari dira berriro ere.

«Burgesia iraultzailea»

Testuinguru horretan kokatu behar da Wilmar Castro Nekazaritza eta Lurren ministroak erabilitako kontzeptu kontraesankor berria: “burgesia iraultzailea”, hau da, barne ekoizpena handitzeko prest legokeen burgesia. Produktu eta zerbitzuak lortzeko estutasunaren aurrean, enpresa kapitalisten bidez ekoizpena eta inportazioak handitzeak hornikuntza arazoa leuntzen lagunduko luke, bai behintzat gobernutik ondo planifikatuta eta kudeatuta eta salmenta prezioak kontrolatuta eginez gero (egungo Venezuelan oso zaila dena). Horrek ez luke prozesuaren erradikalizazioan lagunduko, baina prozesua babesteko lagungarria izango litzateke, gobernuari arnasa eman eta herriaren sektore zabalen egoera zaila arinduko bailuke.

Uneotako erresistentzia fasean, tresna kapitalisten erabilera prozesua bizirauteko kontzesio bezala ulertzerik egon badago. Pauso bat atzera, bihar bi pauso aurrera eman ahal izateko. Hala ere, hori onartzetik irabazi tasa handitu eta kapitala biltzeko logika kapitalistan aritzen den burgesia bati “iraultzaile” deitzera tarte bat dago, chavista askok adar jotze gisa hartzen dutena.

Sistema komunala

Agertoki horretan, barne tentsioak azaleratzen dituen elementu gako bat dago: sistema komunala. Behetik eraikitako estatu komunala egungo estatua ordezkatzeko pentsatuta dago, herriaren protagonismoan eta ahalduntzean giltza jarrita eta jendarte berri baten antolaketaren osagaiak bilduta: ekoizpen baliabideen jabegoa (lurra barne), ekoizpena eta banaketa, parte hartzea eta erabakitzeko prozedura, segurtasuna, autodefentsa…

Aurretik esperientzia batzuk bazeuden ere, Chavezi aitortu behar zaio apustu ausart eta estrategiko hori, behin estatu burgesaren egiturak erabiliz estatu hori bera gainditzea ezinezkoa dela egiaztatuta abian jarritakoa. Marxismoak estatuaren aferari arreta jarri badio ere, ez dago esperientzia arrakastatsurik sozialismoa eraikitzeari dagokionez, behin estatu burgesaren aginte politikoa lortuta, bere eremu eta logiketan aritu baldin bada. Kontrakoarena, bai. Estatu burgesaren egiturak erabiliz sozialismoa eraikitzeko saiakera gehiegi ito dituzte odolez historian zehar.

Chavezek 2006an planteatu zuen estatu komunala eraikitzeko beharra. Handik gutxira, osaketa eta funtzioak zehazten dituzten legeak garatu eta komunetarako ministerioa sortu zen. Egiturak ere hasi ziren sortzen, txikitik handira: kontseilu komunalak (gutxienez 150 familiaz osatuta), komunak (gutxienez bost kontseilu komunal barnebilduta) eta hiri komunalak (egitura eta eskumen askoz konplexuagoekin). Hiri komunal guztiak batuta, estatu komunala osatuko litzateke azkenean, estatu zaharra ordezkatuko lukeena. Prozesu horren garapena, ordea, ez da batere erraza izan.

Chavismoaren lehen hamarkadak (1999-2008) herentzia oso astun zeukan gainean: hamarkada askotan pilatutako inertziak, bizioak, kontrol falta, ustelkeria, petrolioaren guztiz menpekoa zen dibertsifikatu gabeko ekonomia, ekonomia informal orokortua, delinkuentzia, bazterketa sozial izugarria...

Arazoak arazo, sistema komunala eraikitzeko prozesua indartsu hasi zen, herri sektore handi bat mobilizatuz. Baina laster hasi ziren gauzak okertzen. Chavez 2013an fisikoki desagertzeak agerian utzi zuen Latinoamerikan hain ohikoa den “buruzagikeria” arriskutsuarekiko dependentzia, bere gauza on eta txarrekin. Chavezekiko atxikimenduak bideratu zuen aldaketa, Chavezek gerturatu zuen populazioaren sektore zabal bat sozialismora, Chavezen diskurtso zein neurrien bidez herria politikoki formatu zen. Baina prozesu baten norabidea pertsona baten esku (buruan, hobeto esanda) egoteak ahultasun handia erakusten du ere. Eztabaidaezinezko liderrik gabe, prozesu bolivartarra ahulduta geratu zen.

Gauzak horrela, Maduro presidentearen lehen pausoak ez ziren batere samurrak izan. Hasteko, bere presidentetzaren lehen urteetan izandako petrolioaren prezioaren jaitsiera handiak diru sarrerak nabarmen mugatu zituen (2013tik 2017ra Venezuelako barne produktu gordina %36,9 jaitsi zen). Aldi berean, prozesuarekin bukatzeko ofentsiba areagotu egin zen barrutik zein, bereziki, kanpotik.

Ebidentea da testuinguru hori ez dela sistema komunala eraikitzeko aproposena, chavismoa ugaritasun eta hedatze egoeratik eskasia eta erresistentzia egoerara igaro ostean bat-batean. Hala ere, gabeziak beste bide batzuk asmatzera behartu du, efizientzia eta ekoizte hutsa borroka ezinbesteko bihurtuta. Horrela ulertu dute komunero askok eta autogestionatzeko eta ahalduntzeko ahaleginak indartu egin dituzte, baina, ekidinezina zen bezala, gobernuan eta administrazioan azken urteotan indartutako sektore burgesekin egiten dute talka.

Interes kontrajarrien borroka

Esperientzia komunal batzuk beste eredu bat posible dela erakusten ari dira. Herria antolatuta eta baliabideak erraztuta, herritik herrira ekoiztea eta bitarteko enpresa pribaturik gabe produktu asko merkatura helaraztea posiblea dela erakusten ari dira. Horren aurrean, aipatutako sektore burgesen asmoa komunen zabaltzea oztopatzea da, nahiz eta publikoki ezin duten aitortu.

Paradoxa izugarria da. Gobernuko ministerio batzuetatik komunak sostengu materiala eta ideologikoa jasotzen ari diren aldi berean, agerikoa da beste instantzia batzuen komunen kontrako jarrera. Bide batez, gobernuaren barruko interes eta asmo kontrajarrien borroka isila plazaratu egiten da horrela.

Komunetan antolatutako chavisten erronka nagusia sistema komunala indartzea, sektore gehiagorekin saretzea da, jendartean gero eta presentzia eta botere handiagoa izateko. Modu horretan, beste eragile eta sektore kontzienteenekin batera, aurre egin ahal izango diote burgesia tradizionalak eta boliburgesiak gobernuan duten eraginari. Bakarrik antolakuntzatik eta ahalduntzetik geldituko dute chavismoan egon den atzera-martxa graduala, soilik horrela erradikalizatuko dute prozesua.

Komunero asko kontziente dira beren eguneroko borroka etorkizuneko estatu komunalaren enbrioia dela.