Oihane Larretxea de la Granja

Loretxu

Ez dakit nola deitzen zaion lagun talde batek elkartzeko duen lekua desagertzeari. Agian ez du izenik; horrela balitz eta ez balu, existitu beharko luke. “Hutsunea”, “falta”, “herrentasuna” adieraziko lukeen hitzen bat. Bizitzak handik eta hemendik ekarri eta eraman gaitu, baina, gaur-gaurkoz, gure kuadrillaren sustraiek sortu ziren lekuan jarraitzen dute 34 urte ondoren, Donostiako Alde Zaharrean. Koxkerak, joxemaritarrak eta kaskarinak. Peto-petoak.

Duela hamar urte hartu zuen Fermin Calbeton kalean Loretxu taberna klasikoaren ardura lantalde gazte batek. Etxeko giroa, goxoa, aurpegi ezagunak, auzotarrak. Bai, eskertzen da barraren beste aldean zure izena ezagutzen dutenean. Errondaren hasiera edo bukaera. Batzuetan erronda bera zen Loretxu (orduak handik mugitu gabe). Eta inor deitu beharrik gabe lehenago edo beranduago agertzen zen handik lagunen bat.

Azken egun hauek intentsuak izan dira auzoan. Eta tristeak. Portuko Ostertz taberna kuttun zutenentzat itxieraren albiste gordina ailegatu zen. Jarraian, beste hainbeste Fede mitikoarekin. Urte hasieran Loretxurena izan da txanda. Lokala saldu dute jabeek gaur egun zeramatenek ezin izan baitute mahi gainean zegoen eskaintza ekonomikoa hobetu. Ostalaritza talde batek aurretik eraman duen enegarren taberna izan da.

Bitartean, guk, bihotzez bertakoak diren tabernetara soilik joatea erabaki dugu. Elkartzeko leku bila gabiltza. Bitartean eta beti, eskerrik asko Loretxu! •