Amagoia Mujika Telleria
GURE HISTORIA, GURETIK

Lur eta Ametsek historia abentura modura kontatuko dute film batean

Historia nork eta nola kontatu gako garrantzitsua da. Horrekin konturatuta, 2015ean Lur eta Amets proiektua abiatu zuten Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkarrek. Orain, Lotura Films batu zaie eta «Lur eta Amets» filma estreinatuko dute otsailaren 7an. Filma aurkezteko, Euskal Herrian barna bira egingo dute ikuskizun berezi batekin.

Lur eta Amets proiektua 2015. urtean sortu zuten Ikastolen Elkarteak, Katxiporretak eta Elkar argitaletxeak. «Gure herriaren historiaren irakurketa geure ikuspuntutik berreraiki eta eskuragarri jartzea» izan du helburu nagusia proiektuak martxan jarri zenetik eta norabide horretan urrats desberdinak eman ditu. Lehendabizi, “Lur eta Amets, Euskal Herriaren historia” ezagutza liburua kaleratu zuten eta ondoren etorri ziren haurrei zuzenduriko bederatzi ipuin eta galdera-erantzun mahai jokoa.

Orain, liburuko, ipuinetako eta mahai-jokoko Lur eta Ametsek kanpora salto egin dute eta benetako pertsonaia bihurtu dira. Dagoeneko Durangoko Azokan aurkeztu ziren jendaurrera eta orain beren hurrengo proiektuarekin datoz; datorren otsailaren 7an Euskal Herriko zinemetan estreinatuko den “Lur eta Amets” filma. Lotura Films batu da urrats honetan proiektura.

Filma etorri bitartean eta horren berri emateko, Lur eta Amets anai-arrebak Euskal Herrian barna ibiliko dira ikuskizun berezi batekin. Ordubete inguruan, historiako pasadizo berezienetakoak ekarriko dituzte jendaurrera eta horien baitan biziko dituzten abenturak kontatuko dituzte. Autobus propioan iritsiko dira Lur eta Amets herrietara, ondo ikusteko moduan beraz.

Familia osoarentzat egokia

Aida Solores proiektuaren partaideak kontatu digunez, «euskaraz sorturiko proiektu bat da eta gabezia bat ikusten zelako sortu zen. Euskal Herriko historia haurrei beste era batera kontatzeko beharra ikusten zen. Horren harira sortu ziren liburua, ipuinak eta mahai-jokoa. Baina gaur egungo haurrek beste era batera jasotzen dute informazioa eta beharrezkoa ikusi zen ikus-entzunezko formatu bat sortzea. Hortik dator filmaren ideia. Animaziozko film bat da eta historia abentura moduan kontatzen du. Haurrentzako ez ezik, familia osoarentzat ere bada oso egokia. Abenturaz abentura, Euskal Herriko historiaren garai desberdinetara bidaiatzeko proposamena da. Haurrentzat erakargarria da, istorio ugari ezagutzeko aukera eskainiko dielako. Eta helduentzat ere oso berezia eta hunkigarria da, beraiek bizitako historiako pasarte zenbait identifikatuko dituztelako filmean».

Pelikula 2017an hasi zen ekoizten LA Ekoizpenak AIE-ren eskutik (Ikastolen Elkartea, Katxiporreta, Elkar eta Lotura Films) eta Joseba Ponce eta Imanol Zinkunegi dira zuzendariak. Sinopsiak jasotzen duenez, Lur eta Ametsen gurasoak ezkontza bat dutela-eta, amona Andereren etxean utziko dituzte asteburu-pasa. Baina Andereren eta bere katu Baltaxarren botereei esker, ez da asteburu arrunta izango. Bidaia batean murgilduko dira, garai eta sasoi desberdinetan abentura gazi-gozoak biziko dituzte eta gure historian zehar bidaiatuko dute.

Esanda bezala, otsailaren 7an iritsiko da euskal hiriburuetara “Lur eta Amets”, baita hainbat herritara ere. Familia osoarentzako eskaintza da. «Proba egin dugu eta haurrentzat zein helduentzat da erakargarria. Oso hunkigarria da. Batzuek garai batzuen berri ikasiko dute eta beste batzuek zenbait garai gogoratuko dituzte», gaineratu du Soloresek.

 

Ikuskizun berezia herriz herri

Urtarrilak 11- BILBO BilboRock aretoa,12:15

Urtarrilak 12 - ALTSASU Iortia kultur gunea, 17:00

Urtarrilak 17 - EIBAR Armeria Eskola, 18:00

Urtarrilak 18 - GASTEIZ Aldabe kultur gunea, 18:00

Urtarrilak 19 - GETXO Erromoko kultur etxea, 12:00

Urtarrilak 22 - IRUÑEA Katakrak liburu denda, 18:00

Urtarrilak 29 - DONOSTIA Aieteko kultur etxea, 18:00

Urtarrilak 31 - BARAKALDO Clara Campoamor, 18:00

Otsailak 1 - BEASAIN Usurbe antzokia, 17:00