GAUR8
AUSTRALIA SUTAN

Mila milioi animalia desagertu dira jada herrialdeak bizi dituen suteen ondorioz

Belgika bi aldiz adinako lurraldea kiskali da irailetik hona Australian suteen ondorioz. Larrialdiak eragin zuzena du ekosisteman eta, Sydneyko Unibertsitateak jakitera eman duen ikerketaren arabera, mila milioitik gora basapizti hil dira dagoeneko. Adituen ustez, hamarkadak beharko dira egoerari buelta emateko. Ematerik baldin badago.

Australiako fauna aberatsak, gure begietara batez ere koalek eta kanguruek irudikatzen dutena, hamarkadak beharko ditu uhartea zigortzen ari diren suteen eragina gainditzeko. Egiten badu.

Iazko irailean hasi ziren suteen ondorioz, hogei pertsona zendu dira jada eta Belgikako azalera bikoizten duen lurraldea erabat kiskali da. Hori bai, suteak basapiztientzat izan dira batik bat kaltegarriak: kaleratu berri den ikerketa baten arabera, 500 milioi inguru animalia desagertu dira Australiako estatu bakar batean.

Australia bizitzen ari den krisiak agerian utzi du larrialdi klimatikoaren eragin zuzena. Izan ere, suteak ohiko sute aroa heldu baino lehenago iritsi dira. Ez hori bakarrik, suteak inoiz baino bortitzagoak izaten ari dira.

Australiako Gobernua bera ere jarri du jomugan egoerak. Larrialdiaren aurrean ezer gutxi egitea eta ingurumenaren alde are gutxiago egitea egozten diote herritarrek. Irudiak izugarriak dira: suhiltzaileak egarriak jota hilzorian diren koalei botiletatik ura ematen, sugarretatik ihesi noraezean ageri diren kanguru izutuak...

Australian mundu osoan bakarrak diren animalia ugari bizi dira. Bertako 300 espezie baino gehiago daude, tartean martsupialak (koalak, kanguruak...), monotremak (ornitorrinkoak, ekidnak...) eta dingoak bezalako plazentarioak. Gainera, espezie horietatik 288 (%81), Australian baino ez dira bizi, Sydneyko Unibertsitateak jakitera eman duenez.

Aurrekaririk gabeko sarraskia

Sydneyko Unibertsitateak egin duen ikerketa baten arabera, Hegoaldeko Gales Berria estatuan, 40 milioitik gora animalia hil dira irailaz geroztik suteen ondorioz. Nola kalkulatu dute kopuru izugarri hori? Ikertzaileek Hegoaldeko Gales Berriko animalia populazioa hartu eta kiskalitako lurralde azalerarekin erkatu dute. WWF Naturarentzako Mundu Funtsak egindako ikerketa bat ere baliatu dute Sydneyko Unibertsitateko adituek. Hain zuzen, baso mozketak animaliengan duen eraginaren ingurukoa.

Hegoaldeko Gales Berrian, 36.000 kilometro karratuko hedadura guztiz kiskali da. Hau da, Taiwan uharteak duen azalera. «Faunaren ikuspegitik aurrekaririk ez duen sarraski baten aurrean gaude», ohartarazi du Chris Dickmanek, Sydneyko Unibertsitateko ekologoak. Dickmanen ikerketak, Hegoaldeko Gales Berrian bizi diren ugaztun, hegazti eta narrastiak hartu ditu kontuan, ez ordea intsektu, arrain, txantxiku eta saguzarrak moduko piztiak. Azken horien populazioek ere pairatu dute, noski, suteek eragindako sarraskia.

Mila milioi animalia hilik

Australiako Animalien Elkartearen lehendakari ohia den Dickmanek azaldu duenez, esku artean dituzten datuak kontinente osora hedatu eta intsektuak eta gainerakoak kontuan hartuta, hildako basapiztien kopurua mila milioitik gorakoa izan daiteke. Izan ere, Australia osoan guztira 50.000 kilometro karratu kiskali dira, Belgikako azalera bikoizten duen lurralde zatia (Costa Ricaren pareko azalera).

«Animalia asko sutan kiskalita hil dira. Ahal zutenek hegan egin dute ihes edota lurpean babestu dira», azaldu du Dickmanek. «Arriskuak, ordea, hor jarraitzen du itzuli edo azalera ateratzen direnean. Azeri gorriak eta basakatuak zelatan dituzte zain».

Basapiztietan adituek aditzera eman dutenez, gutxienez 2.000 koala zendu dira irailean hasi ziren suteen ondorioz. Gogoratu behar denez, koalena aurrez desagertzeko zorian zegoen espeziea da. Suteak ez dituzte, hori bai, soilik animalia basatiek pairatu: dozenaka milaka abere sakrifikatu behar izan dituzte abeltzainek, erredurek sortutako sufrikarioarekin amaitzeko.

Suteen benetako eragina ez da zehatz-mehatz ezagutuko zientzialariak kiskalitako zonaldeetara iristen ez diren bitartean, baina jada argi dago kaltea izugarria dela. Ekosisteman arteko oreka bera ere arriskuan geratu da, kaltetutako espezie askok ezinbesteko lana egiten baitute landareen polinizazioan edota hazien garraioan. Are, Dickmanen esanetan, kiskalitako zonaldeak suteen aurreko egoerara itzuli ahal izateko behar-beharrezkoak dira desagertu egin diren hainbat espezie, habitaten osasuna bermatzeko ezinbesteko papera jokatzen baitute.

Kalteak jasan dituzten ekosistemak bakartuta dauden kasuetan, urte asko pasako dira hainbat espezie itzuli arte. «Narrasti eta ugaztun askok ez dute mugikortasun handirik eta litekeena da batzuk sekulan ez bueltatzea kiskalitako eremuetara», ohartarazi du Dickmanek. Gainera, egoerak eragin zuzena izango du beste ekosistema batzuetan, ibaiak kasu. «Uraren kalitatea okertu egingo da eta horrek bertan bizi diren piztien jakietan eragina izango du», gaineratu du.

Suteak sute, Australian piztiek bizi duten egoera larria ez da gaurko kontua. Dickman ekologoak gogora ekarri duenez, «kolonizazioarekin Australia bertakoak ziren 34 ugaztun espezie desagertu egin dira azken 200 urteetan. Datu izugarria da. Inon emandako galera-tasa handiena da».

Etorkizuna iluna da. «Aldaketa klimatikoaren azkartzearekin lehorte luzeagoak jasango ditugu eta suteak gero eta larriagoak izango dira», ohartarazi du Dickmanek. Egoera ikusita, Gobernuak eta zientzialariek elkarrekin lan egin behar dutela aldarrikatu du.

Dromedarioak tiroka hil

Suteekin batera, herrialdeak bizi duen lehorteak era badu, nola ez, eragina animaliengan. Dromedarioak herrietara, batez ere aborigenen erreserbetara, hurbiltzen ari dira ur bila. Hori dela eta, Gobernuak 10.000 dromedario hiltzea erabaki du eta frankotiratzaileak erabiliko ditu.

Dromedarioak ez dira bertakoak. Kolonoek 1840ko hamarkadan eraman zituzten lur berrien esplorazioan zamabere moduan erabiltzeko. Indiatik 20.000 inguru eraman zituzten 60 urteko epean. Australian dromedarioak predatzailerik ez duenez, egun milioi bat bizi dira herrialdean, mundu osoko dromedario basatien populaziorik handiena.