2020/01/18

Kronika
 
ISILEGI BIZI ETA ISILEGI JOAN DIRENEN IZENAK ETA IZANAK, AHOTS GORAN

Askotan historia zuloz betetako oihal zahar bat da. Historia kontatu dutenek ahaztu dituztenak edo isildu dituztenak begitantzen dira zulo horietan. Horrekin konturatu dira Seguran; herriko historia kontatzerakoan ez dela bertako emakumerik aipatzen. Lan isilean aritu eta modu isilean joan diren emakumeen izenak eta izanak lehen lerrora ekarri dituzte orain eta «Hariz hari, sorgindu hadi!» ibilbidea osatu dute. Bederatzi geldialdi Segura beste begi batzuetatik deskubritzeko.

Amagoia Mujika Telleria
0118_segura2
Jagoba Manterola | FOKU

Azkenean, bederatzi geldialdi proposatzen dituen ibilbidea osatu dute Seguran, «Hariz hari, sorgindu hadi!» izenekoa. Ertz ugari ukitzen ditu bideak; amatasuna, zaintza, baserria, ostatuak, lan mundua, kirol arloa, osasuna…

XX. mendean, Seguran, emagin ugari izan ziren: Ermaxoko amona, Frantxika Galparsoronekoa, Iñazi Osinalde... Ohikoa zen, batez ere baserri munduan, emakumeak beste emakume batzuen laguntza izatea erditzerako garaian

Segurako emakumeek lixibalekuetan egiten zuten topo elkarrekin. Lixibalekuak arropa garbitzeko lekuak izateaz gain, harreman sozialak garatzeko espazioak izan ziren. Zaintzatik eta topagunetik, bietatik zuten gune horiek

«Konturatu ginen Segurako historian bazela hutsune handi bat. Segurako emakumeen historia ez zegoen inon, kale guztien izenak gizonezkoenak dira, adibidez. Hutsuneari bueltak ematen eta prozesu hau martxan jartzen hasi ginen»

Lan isila edo isildua, ikusten ez den haria, igartzen ez den puntada. Beharrezkoa etxea eta herria harilkatzeko, zuloak konpontzeko, josturak indartzeko. Historia emakumerik gabe kontatzen bada, zuloz beteriko historia da. Segurako emakume talde batek erabaki du herriaren historia ahalik modu osoenean kontatu nahi duela eta orain arte falta izan zaizkion txatal batzuk erantsi dizkio.

2015ean emakumeen mundu martxarekin piztu zen txispa, gogoeta feminista horretan sumatu baitzuten herrian hainbeste lan isil egindako emakume asko ez direla ez ikusten ez aitortzen. Hasiera hartan Lixibalekue berreskuratu zuten, garai batean herriko emakumeen topalekua zena. «Espazio hori berreskuratu genuenean, konturatu ginen Segurako historian bazela hutsune handi bat. Segurako emakumeen historia ez zegoen inon, kale guztien izenak gizonezkoenak dira, adibidez. Hor hasi ginen hutsuneari bueltak ematen eta prozesu hau martxan jartzen. Prozesu horren baitan emakume talde bat sortu genuen eta ahalduntzea bultzatu. Horretarako ere balio izan du», kontatu du Eider Murgiondok. Murgiondo proiektuaren bultzatzailea da eta aurreko legealdian Parekidetasun zinegotzia izan zen.

Farapi kooperatibaren laguntza izan dute bidean. «Ahalduntze prozesu horren barruan, taldea bera hasi zen irizpideak ezartzen tokiak, izenak, jarduerak… aukeratzeko. Prozesua askotarikoa izan da. Gertatu izan zaigu espazio bat edo emakume bat erreferentziatzat jotzea taldeak eta, gero, emakume horrek parte hartu nahi ez izatea edo nabarmendu nahi ez izatea. Oraindik askotan kostatu egiten zaigu emakumeei lehen lerrora etortzea».

Azkenean, bederatzi geldialdi proposatu dituen ibilbidea osatu dute Seguran, “Hariz hari, sorgindu hadi!” izeneko bidea hain justu. Ertz ugari ukitzen ditu bideak; amatasuna, zaintza, baserria, ostatuak, lan mundua, kirol arloa, osasuna… Atzetik dokumentazio lana dago; bai han eta hemen topatutako dokumentuetatik eta baita nabarmendu nahi diren emakumeen senideen eta ingurukoen testigantzetatik jasoa.

Geldialdi bakoitzean azalpenak jasotzen dituen panela paratu dute, euskaraz. Gero, QR kode baten bidez azalpen hori bera beste bost hizkuntzetan jasotzeko modua dago; espainolez, katalanez, frantsesez, ingelesez eta alemanez.

Joan den asteburuan lehen aldiz ibilbidea osatu ahal izan zen aparteko gidariekin; Maider Murgiondo bera eta Izarra Urdailleta Segurako alkatea. Hamarnaka herritar batu ziren gonbidapenera eta benetan paseo ederra izan zen, bertaratutakoek jakin-minez eta une batzuetan hunkituta osatu zutena, aipatzen ziren emakume horiek etxekoak zituztelako edota kontatzen ziren egoerak beren azalean bizi izan zituztelako gazte garaian.

Garai bateko emakume segurarren eskutik eta begietatik, Segura modu berrian deskubritzeko ibilbidea da zalantzarik gabe.

1 • Kontxixiren etxea

“Jausi danok atsoen bila,

herri honetan badira mila

egin dezagun danakin pilla

eta iguin dezagun hazi hila”

“Atso zaharraren atorra zarra

beria balu ezerrez,

kearre baino beltzago dago

Garbitzeko alperrez”

San Joan bezperan abesti hori kantatzen zieten herriko mutil gazteek Seguran haurrik izan ezin zuten (edo izan nahi ez zuten) emakumeei. Emakumea izan eta umerik ez izatea «baliorik gabeko» emakume izatea baitzen haientzat, «hazi hila», bertsotan esaten zietenez. Eta hori gutxi ez eta, gainera, pulamentu gutxikoak omen ziren, alferrak eta garbitasun eskasekoak.

Maila horretako burlak eta irainak jasan behar izaten zituzten emakume horiek San Joan bezperan, ekainaren 23an, kalean parrandan zebiltzan segurar gazteen ahotik.

Kontxixi XVIII. mendeko emakume alarguna omen zen, beheko errebaleko etxe batean bizi zena. Hortxe topa daiteke ibilbidearen lehen panela. Kontxixi oso gazte alargundu zen eta ez zuen haurrik. Hartara, San Joan bezperako ohitura mingarri hori ere sufritu behar izaten zuen. Horrekin nazkatuta, herrian «atsotzat» hartzen zituzten emakume guztiei dei egiten zien San Joan bezperan bere etxera. Eta, hantxe, denak elkarrekin pasatzen zuten trago txarra eta taldean egiten zieten aurre bertso mingarri horiek abestera gerturatzen zirenei. Orain ahizpatasuna esaten zaio.

2 • Katalina Goia Murgiondo

Bigarren geldialdia, Katalina Goia Murgiondo (1911-1979) sukaldari sonatuaren Urnausi baserri inguruan. Jaiotzez mutiloarra zen Katalina, baina oso ume zela etorri zen Segurara familia. Oso gaztea zela Bilbora joan zen neskame, Sota familiaren etxera. Garai hartan familia aberatsa eta ezaguna zen Bilbon. Sotatarrak laster konturatu omen ziren Katalinak oso esku ona zuela sukalderako eta akademia batera bidali zuten ikastera. Sukaldaritza frantsesaren eragina nabarmena zen XX. mende hasiera hartan Bilbon. Herrira itzulitakoan (guda garaiko hainbat gertakizunen ondoren), Urnausira ezkondu zen eta bertan hasi zen sukaldaritza ikastaroak ematen, bereziki ezkontzera zihoazen neska gazteei. Baina etxea txiki geratu zitzaion, gero eta sona handiagoa zuten bere ikastaroek eta herriz herri hasi zen orduan klaseak ematen; Beasain, Zegama, Legorreta, Zaldibia... Horrez gain, Goierriko hainbat baserritan ezkontzako banketeak antolatzen zituen, baita Segurako Imaz jatetxean ere.

Indar enpresako sukaldeko arduraduna izan zen 60ko hamarkadatik erretiroa hartu zuen arte, bere bi alabekin batera. Sukaldaritzari buruzko bere ezagutzak “Libro de cocina” izeneko liburuan jaso zituen, 50eko hamarkadan. Liburuak 500 errezeta baino gehiago jasotzen ditu, hiru edizio argitaratu ziren eta guztiak saldu.

3 • Emaginen etxea

XX. mendean, Seguran, emagin ugari izan ziren: Ermaxoko amona, Frantxika Galparsoronekoa, Iñazi Osinalde... Ohikoa zen, batez ere baserri munduan, emakumeak beste emakume batzuen laguntza izatea erditzerako garaian. Emaginok oso gutxitan aitortu zaien ezagutza zeukaten, emakumeen gorputzaren eta erditze prozesuaren inguruko ezagutza sakona.

Garai hartan seme-alaba ugari izaten ziren eta ez zegoen egungo osasun zerbitzu egiturarik. Gainera, herrian ziren medikuen zerbitzuak ordaintzeko moduan ziren familia gutxi izaten ziren; medikua etxera ekartzea bost pezeta kostatzen zen.

Medikuntza zientifiko-arrazionala (gizonen esku zegoena) orokortzen hasi zen unean, alde batera geratu ziren bestelako ezagutzak; emaginenak, senda-belarrak erabiltzen zituztenenak... Emakumeen esku zegoen ezagutza bigarren mailan geratu zen, egindako lanaren aitortzarik gabe. Horregatik, ez da ahaztu behar denbora luzez emaginek lagundu izan zietela haurrei jaiotzen.

4 • Lixibalekua

XIX. mendearen bukaeran (XX. mendearen hasieran kasurik gehienetan) hasi ziren pixkanaka orokortzen zerbitzu publikoak; argi elektrikoa, ur hornikuntza... Segurako lehen ur hornikuntza 1904. urtean egin bazen ere, arropen garbiketarako errekako ura erabiltzen zen, XX. mende erdialdean ur horniduraren hobekuntza egin zen arte. Seguran, gutxienez, bi lixibaleku zituzten.

Segurako emakumeek lixibalekuetan egiten zuten topo elkarrekin. Lixibalekuak arropa garbitzeko lekuak izateaz gain, harreman sozialak garatzeko espazioak izan ziren. Emakumeek espazio propio gutxi zituzten beste emakume batzuekin bakarka harremantzeko eta lixibalekuek hutsune hori betetzen zuten.

Fisikoki lan gogorra zen arropa garbitzea, indarra eta abilezia eskatzen zituena. Seguran jasota geratu denez, «lixiba astelehenetan itten zan, goizena eta txurina zabaltzen zuna, emakumeik haundina».

5 • Ostatue

XX. mendean taberna eta ostatuz betea zegoen Segura. Gehienak herri barruan zeuden eta beste batzuk inguruko baserrietan ere bai; Malkorran, Etxe Zurin, Madalenan... Baserriak izan eta tabernako zerbitzuaz gain beste hainbat gauza ere eskaintzen zituzten txoko hauek; barberia, denda…

Etxeko gizonak fabrikara joaten ziren lanera eta emakumeak izaten ziren eguneko ordu guztietan bertan lanean aritzen zirenak. Jendea zerbitzatzeaz gain, sukaldeko martxa, familia eta sortzen zen gainerako guztia beraien gain izaten zen.

«Emakumeak lan asko egindakoak gara», dio Madalenako Jesusak. Bere antzera ibiliak dira beste hainbesteren artean Etxe Zuriko Trinidad, Malkorrako Nati eta Imazeneko Teresita ere.

6 • Baserri mundua

Ukaezina da emakumeek baserrien biziraupenean izan duten garrantzia. Baserrian lanaren bi esparruak gurutzatzen dira espazio berean: ardura produktiboak (animaliak, baratza, produktuen ekoizpena eta salmenta) eta ardura erreproduktiboak edo zaintzakoak (haur eta adinekoen zaintza, arropak, janariak, eta abar).

Baserrietako emakumeek bi ardurok izan dituzte, hau, da paper bikoitza: animaliez eta baratzeaz arduratzeaz gain, inguruko guztien ongizateaz ere arduratu izan dira.

Horrela kontatzen zuten Joxepak, Beatrizek... duela gutxira arte Erbiola baserriko kanpoaldeko petrilean eseri eta kontu kontari aritzen ziren emakume baserritarrek. Beatriz baserrira ezkondu zen eta baserriarekin batera baserrian ziren adinekoen zaintza hartu zuen bere gain. Gainera, urte luzez etxean ekoizten zuten esnea partitzeaz arduratu zen. Joxepa Arrondok baserriko lanen gogortasuna oroitzen zuen, berorik handienean belarra mozten ibili izana.

7 • Xesteria

Segurako beste hainbat neskatoren moduan, 14 urterekin hasi zen Joxepa Albizu Xesterian lanean. Neskametza baina nahiago izan zuen lantegiko lana. Soldatapeko lanari dagokionez ez zegoen aukera gehiegirik garai haietan. Erregimen Frankista boterean egon zen bitartean, emakumearen rolik tradizionalena indartu zuen, amatasuna eta etxekoen zaintza erdigunean jartzen zituen rola. Hori bermatzeko, eta emakumeak soldatapeko lanetik urruntzeko, 1938ko Langileen Foruan «emakumeak lantegi eta tailerretako lanetatik askatzeaz» hitz egiten zen. 1942an, behin ezkonduta soldatapeko lana uzteko derrigortasuna ezarri zitzaien emakumeei (salbuespen gutxi batzuekin).

«Ezkondu ginenen, xesterin dotea eman ziguen. Hori izantzan gu despeditzeko modu elegantea».

8 • Txanbolinpe

Pilota profesionalaren historian gutxi dira emakumeei eginiko erreferentziak. 1920tik 1950era bitartean erraketisten loraldi bat eman zen, baina Euskal Herritik kanpo; espainiar Estatuan, Kuban eta Mexikon nagusiki.

Frontoia “gizonezkoen” espazioa izan da beraz, bai jokalariei dagokionez baita ikusleei dagokionez ere. Baina noski, baziren pilotan aritzea maite zuten neskatoak ere. Eskolatik korrika bizian ateratzen omen ziren Axun, Nati, Etxezuriko Arantxa, Aldatxeko Lurdes eta Edurne Galparsoro Txanbolipen esku pilotan jolastera. Pilotan «mutilek baino hobeto» egiten zutela gogoratzen dute herrian. Garai hartan ez zen ohikoa neskatoak frontoian ikustea, bestelako jolas batzuetan aritzen ziren edo eskola eta gero etxeko lanetan laguntzera joaten ziren.

“Marimutil” deitzen zieten Axun, Nati, Arantxa, Lurdes eta Edurneri, baina haiek pilotan aritzea zuten maite, tantoak bata bestearen atzetik jokatzea, etxeratzeko presarik gabe.

9 • Anita Arzelus

Anita Artzelus Imaz (1913-1998) zenaren etxe parean amaitzen da ibilaldia. Anitari ume-umetatik zetorkion artearekiko zaletasuna eta modu askotara garatu zuen zaletasun eta gaitasun hura: buztinezko irudiak, oleoz nahiz pastelez margotutako bodegoi, paisaia edota Grekoren kopiak, altzariak zahar-berritu, arropak diseinatu, sukaldaritza, nobelak idatzi…

Beleanisten Elkarteak antolatutako lehiaketa batera aurkeztutako lan bati esker, Parisera ikastera joateko irabazitako bekari uko egin beharra izan zuen. Etxeko laguntza behar zuen Parisa joateko eta ukatu egin zioten. Bere etxean semeek goi mailako ikasketak zituzten, baina alabek ez. Eta Anitak ozen aldarrikatzen zuen berak ere ikasi egin nahi zuela. Ez zuen etsi eta urte batzuk geroago, bere urterik gozoenak eta beteenak igaro ahal izan zituen Madrilen. Gizarte laguntzaile ikasketak hasi zituen. Baina ama gaixotu egin zitzaien eta zaintza lanek deituta, Segurara itzuli beharra izan zuen, ikasketak bukatu baino lehen.

Ikasteko eta irakasteko grina ez zitzaion itzali bizitza osoan. Alabei irakurketarako eta jakin-minerako zaletasuna transmititu zien eta herrian ere lan handia egin zuen, haur eta gazteei marrazketa eta margolaritza erakutsiz.

Eta horraino, ibilbide fisikoa. Baina hori baino gehiago da, bidea sinbolikoa eta aldarrikapenezkoa ere badelako. Amaieran, hausnarketak piztuta segitzen du; isil-isilik bizitu ziren eta isil-isilik hil ziren emakumeak gogoan. Ondo merezi dute beren izena eta izana ahots goran kontatzea, «Segura posible egin duten ezinbesteko emakumeak» direlako.