UEU
TEKNOPEDAGOGIA

UEUk «IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan» argitaratu du EHUrekin

«IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan» izeneko liburua argitaratu du UEUk UPV/EHUrekin koedizioan. 2016-2017 ikasturtean bi erakunde hauek martxan jarritako graduondokoa dago liburuaren oinarrian eta 32 adituk osatu dute. Mikel Iruskieta, Montse Maritxalar, Amaia Arroyo-Sagasta eta Abel Camacho bertako arduradun eta irakasleek egin dituzte edizio lanak.

Liburua aurkeztu zuten prentsaurrekoan Kepa Sarasola Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) zuzendariak eta Mikel Iruskieta, Montse Maritxalar eta Amaia Arroyo-Sagasta liburuaren editoreek. «Teknopedagogiaren ikuspuntutik, hezkuntza arloko adituen formakuntza eta inplikazioaren beharra areagotzea da», Montse Maritxalarren esanetan, «IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan, etengabeko formakuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzan» UPV/EHUren berezko tituluaren atzean dagoena. Eta soka horri helduta dator joan den asteartean aurkeztu zuten argitalpen hau. Liburuak norbere ikaskuntza hobetzeko eta teknologiak ekar diezaiokeen balio erantsia erakusteko balio beharko lukeela dio Mikel Iruskietak.

Era berean, maila akademikoan hezkuntza eta teknologia gaiak jorratzen dituen euskarazko argitalpen baten hutsunea zegoela ere azpimarratu zuten editoreek. Liburuak teknopedagogiaren gai, ikuspuntu eta joera nagusien egungo egoeraren berri ematen du eta hori «oso baliagarria gerta daiteke hezkuntzaren testuinguru gehienetako ikasle nahiz irakasleentzat».

Orain da unea

Liburuaren egileen ustez, irakaspraktikak teknologiaren beharra du eta orain da teknologiak eta hezkuntzak, ikuspuntu kritiko batetik, bat egiteko unea. Ikuspuntu kritiko hori, besteak beste, ezagutzak dakar, Amaia Arroyoren iritziz; «ulertu behar dugu teknologia ez dela neutroa eta gu behar gaituela (gure balioak, gure ideiak, gure jakintza) gizartearen garapena osasuntsua eta etikoa izan dadin. Hortik dator ikuspegi kritikoaren beharra».

Teknologiak aukerak eskaintzen dizkigu, bai, baina arriskuak ere hor daude. Liburuan atal oso bat dago gai hori lantzeko. Esaterako, irakurleak arriskuen aurrean araudiak, jokabideak eta esku-hartzeak nolakoak izan daitezkeen ezagutuko du; gertatu aurretik saihesteko edota gertatzean esku hartzeko. Arriskuei buruzko informazioa izatea behar-beharrezkoa da; baina aukeren inguruko informazioa ere oso garrantzitsua dela deritzote. Izan ere, teknologiaren ikuspegi positiboa lantzen dute liburuan.

Ikerketa eta hezkuntza proiektuak garatzeko unean gaur egun teknologiak eskaintzen dizkigun hainbat aukera ere azaltzen dira liburuan, lizentziak eta legediarekin lotutako kontuak ahaztu gabe. Iruskietak dio gai anitz jorratu izanak liburua hartzen duen edonori bere intereseko zerbait aurkitzeko aukera emango diola.

Gaur egun teknologia-erabilerarako testuinguru pedagogikoak zein diren, konpetentzia digitalak zer diren, e-learning testuinguruetarako oinarriak zeintzuk diren, hezkuntza digitalerako baliagarri diren hainbat tresna eta aplikazioren berri, teknologiak jendartean eta hezkuntzan duen eragina, hizkuntzen i(ra)kaskuntzaren eta teknologiaren arteko loturak eta berrikuntzak zein ikerketa digitalen ingurukoak bildu dituzte liburuan. Askotariko gaiak, beti ere ikuspuntu pedagogikoa ipar hartuta. Euskal hezkuntza arloko teknologian aditu eta arituen eskutik. Liburutik aparteko notiziak, ikasleen lanak eta irakasgaietako laburpenak eta eskolan erabiltzeko zenbait material deskargatu www.hezikt.eus webgunean aurkituko duzue.

Kepa Sarasola UEUko zuzendariak argitaletxe moduan egiten duten lana azpimarratu nahi izan zuen: «Liburugintzaren alorrean UEUren helburua bikoitza da: azpiegitura bibliografikoa sortzea, batetik, eta arlo teknikoetan euskarazko terminologia eta sintaxia finkatzea, bestetik. Unibertsitate-mailako ikasketa zein ikerketan bibliografia zabala edukitzea ezinbesteko baldintza da unibertsitate-eredu osasuntsu bat lortzeko. 1978. urtean lehen liburua argitaratu genuenetik, dagoeneko 463 izenburu ditugu gure katalogoan, eta unibertsitate-mailako euskarazko testugintzan dekano bilakatu gara. Gaur aurkezten dugun liburu hau, UPV/EHUrekin koedizioan argitaratu dugu, eta guretzat elkarlan hau ezinbestekoa da orain aipatu ditugun helburuak lortzeko bidean. Emaitza ederrak ematen ari da bi erakundeen arteko lana, eta aurrerantzean ere horrela izatea espero dugu».

 

ikasle-irakasleen artean ikertzen duen komunitatea, bat

Liburu mardula izan arren, irakurterraza da “IKTak eta konpetentzia digitalak hezkuntzan”, gaika antolatuta baitaude bertako artikulu guztiak. 376 orrialde horietan aurkitzen diren ideia interesgarri eta praktikoak hezkuntza eta teknologia arloko aditu hauek idatzi dituzte: Itziar Aldabe Arregi, Jon Altuna, Nere Amenabar Perurena, Lorea Aretxaga, Amaia Arroyo-Sagasta, Abel Camacho, Urko Fernandez Roman, Rakel Gamito Gomez, Urtza Garay, Xabier Gardeazabal, Josune Gereka, Maite Goñi, Lourdes Guardia, Make Irigoien, Jennifer Isasi, Gorka Julio, Mikel Iruskieta, Aitziber Iturricastillo, Mikel Larrañaga, Ainhoa Latatu, Hiart Legarra Uruburu, Oier Lopez de la Calle, Montse Maritxalar, Xabier Mujika, Inma Muñoa, Iñaki Murua, Juanan Pereira, Josi Sierra, Iñaki Telleria, Andoni Tolosa, Maialen Urbieta eta Arkaitz Zubiagak.

Egileon ustez, irakaspraktikak teknologiaren beharra du eta orain da teknologiak eta hezkuntzak, ikuspuntu kritiko batetik, bat egiteko unea. Teknologiak berrikuntza ekarri behar dio hezkuntzari, batetik, ikaskuntzan egin beharreko atazak lagunduz edo hobetuz, hots, aurrez aurreko ikaskuntzako kalitatea hobetuz eta, bestetik, ikaskuntzari balio erantsia emanez; hau da, testuinguru digitalean zentzu handiagoa duten atazak eta metodoak bultzatuz.

«Baina nola garatuko dugu ikuspuntu kritiko hori, euskal jendartean dauden arazoak aztertuz eta horietako zenbait gabezia betez, nazioartean egiten ari direna kontuan izanik? Galdera horri erantzuteko, ezaugarri hauek izango lituzkeen hezkuntza irudikatu nahi izan dugu liburu honetan, online irakaskuntza eta baliabide digitalak ere kontuan hartuz: inklusioa, ubikuotasuna, ikasmaterialen aniztasuna eta moldagarritasuna, arreta pertsonalizatua eta euskal curriculuma inplementatzeko aukera, besteak beste. Bestalde, teknologiak dituen aukerak aipatzeaz gain, berekin dakartzan arriskuak ere kontuan izan ditugu».

Horien guztien bilgune, eztabaidagune eta ikergune izateko asmoz sortu zituzten www.hezikt.eus webgunea eta UPV/EHUren “HEZikt: IKTak eta Konpetentzia Digitalak Hezkuntzan, Etengabeko Formakuntzan, eta Hizkuntzen Irakaskuntzan” graduondokoa, UEUren laguntzaz. «Orain, liburu hau ere bide horretan laguntzera dator: ikasle-irakasleen artean ikertzen duen komunitatea batu dugu liburu honetan, eta euskarak eta hiztun komunitateak behar dituzten tresnak, baliabideak eta metodologia interesgarriak aipatu eta aztertu ditugu».