2020/02/08

Omar H. Rahman
Apartheida eta Trump

Erasoak, zaurituak, hildakoak, atxilotuak... Palestinarren etxeak hauts bihurtuta. Zisjordaniako C eremua Israelek bereganatu dezan Trumpek egindako egitasmoak haserretu egin ditu palestinarrak. Baina Israelen, aldeko ugari ditu apartheid sistemak.

Donald Trump AEBetako presidenteak eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Etxe Zurian, Washingtonen, eman zuten ezagutzera “Mendeko Hitzarmena”. Analista askok nabarmendu dute dokumentua bi agintariek bizi duten egoera politiko zailaren erdian aurkeztu izana, hitzarmenaren beraren helburua alde batera utzita.

Urte askoan, Israelek lurralde palestinarrak okupatzea babestu izan du, moralki eta politikoki justifikaziorik ez duen posizio batetik. Orain, berriz, Ameriketako Estatu Batuez baliatzen da okupazioaren defentsarako. Herritar juduak Zisjordanian kokatzeko Israelgo Estatuak egin duen ahalegin etengabeak Palestinako lurralde historikoa bi zati independenteetan banatzeko edozein aukera zapuztu egin du, eta modu horretan milioika palestinar aberrigabe bihurtu ditu, erregimen militar amaiezin baten menpe bizitzera zigortuta, eta inolako eskubide zibil zein politikorik gabe.

Trumpen «hitzarmena» Palestina historiko osoa israeldarren subiranotasunaren barruan uzteko diseinatuta dago. Aldi berean, Israelek bereganatzen ditu desiragarriak iruditzen zaizkion zatiak. Palestinar herritar gehienei autonomia mugatu bat eskaintzen zaie, ghetto bihurtutako artxipelago baten gainean. Palestinarrek ezetz esango zutela jakinda, hasiera-hasieratik begi bistakoa zen «hitzarmenaren» helburua ez dela inoiz izan bake plan izatea, ekimen diplomatikoaren mozorroarekin aurkeztutako posizio-dokumentua baizik. Garbi esanda, «hitzarmena», munduko estaturik indartsuenak defenditu ezin daitekeenari emandako babesa da.

Israelgo lurraldearen maximalistei beti falta izan zaie lurra bereganatzea eta bertan bizi direnen gehiengoari botoa emateko eskubidea ukatzea uztartzeko plan garbi bat. Analista askok, baita begirale israeldar askok ere, aspaldi onartu zuten gauzak horrela egitea Apartheidaren Estatu bat zutitzeko errezeta dela: milioika lagun elkarrekin bizitzen, baina modu ezberdinean, norberaren etnia edo nazioaren arabera. Estatu horixe sortu da, batez ere juduak ez direnek Israelgo Estatuaren mendean bizi direnen artean gehiengoa osatzen dutelako.

Horrexegatik, Hegoafrikan orain hamarkada batzuk horrelako gobernantza sistema bat zutenean mundu osoak errefusatu egin zuela jakinda, zaila da Israelek 2020an hori nolaz defenditzen duen ulertzea. Sistema hori babesteko Israelgo funtzionario batzuek egin dituzten ahaleginak barregarriak dira, harrigarriak izateaz gain. Esaterako, 2017an, Bezalel Smotrich parlamentari eta ministroak –Juduen Etxea eskuineko alderdikoa– bere “Erabaki Plana” aurkeztu zuen: Israelek Zisjordania osoa bereganatzea proposatu zuen.

Smotrichek orduan esan zuenez, hori ez litzateke apartheida izango, demokrazia modu bat baizik. «Judea eta Samariako (Zisjordania) eremu guztietan ezarri daiteke Israelgo burujabetza, bertan bizi diren arabiarrei Knesset (Israelgo Parlamentua) aukeratzeko botoa emateko eskubidea lehen egunetik eman gabe eta demokrazia izaten jarraituta. Ez perfektua, baina demokrazia da, azken finean», idatzi zuen Smotrichek.

Bi aukera eskaini zien Israelen mendean geratzen ziren palestinarrei: herritar juduek dituzten eskubiderik gabe herritar bezala segi, ala etxea eta herrialdea utzi.

Israelgo kazetari batek «errendizioaren edo transferentziaren ultimatuma» deitu zion planteamenduari.

Edonola ere, Smotrichek erantsi zuenez, Estatu judua ukiezina da edozein egoeratan, etniaren araberako bazterketa sistema lortzeko egitura zibil, legal eta demokratiko berriak sortu behar badira ere.

Egitasmo eskandalagarri hori ez zaie zorakeria iruditzen Israelen bertan, inolako ondoriorik ez duten joera politiko erradikalak arau bihurtuta baitaude. Gaur egun, jarrera politiko guztietako funtzionarioek disimulurik gabe eskatzen dute Zisjordania beretzeko, Etxe Zuriaren laguntza dutela jakinda.

Giro horrek politikari belaunaldi berri bat eragin du. Eskuin Berria bezalako taldeek, inolako ironiarik gabe, «nagusitasun juduaren sistema» eskatzen dute. Iaz faxismoarekin txantxetan ibili ziren, «demokraziaren usaina» duela esanez. Israelgo erakunde demokratikoei, prentsa libreari, gizarte zibilari eta justizia administrazioari eraso egin diete.

Prozesu horren ondoren 2018ko uztailean Nazio Juduaren Estatuaren Legea aldarrikatu zen. Bertan esaten denez, Israelgo Estatuak menperatzen duen lurraldean juduek baino ez dute autodeterminazio eskubiderik.

Edonola ere, israeldar guztiak ez datoz bat. Batzuek esaten dute bidea aldatu beharrean dagoela Israel, beranduegi izan baino lehen. Arrakasta handirik gabe. Beste batzuek badakite Palestina historikoa bereganatzeak apartheida ekarriko duela, baina mugimendu hori oztopatzeko borondaterik ez dute. Horiek esaten dutenez, orain egin dezaketen gauzarik onena anexiorako nazioarteko babesa lortzea da.

Ez da harritzekoa, beraz, Israelgo politikako buru asko Washingtonen/Trumpen «hitzarmenari» babesa ematen egotea, bi hautagai nagusiak, Benjamin Netanyahu eta Benny Gantz, barne.

Orain arte egungo egoerak ezinezkoa zirudien. AEBetako gobernuek nazioarteko eremuan Israel babestu egin dute. Bakea adostuz gero, asentamenduak –kolonia juduak– bere mendean edukitzea Israelen «eskubidea» dela esatera ere iritsi dira.

Baina orain Trumpek asentamenduen zilegitasuna zalantzarik gabe defenditu du. Esan du Jerusalem hiri osoan israeldarren burujabetza dela nagusi, baita Golanen ere, eta nazioarteko zuzenbideak esaten duena –kolonia guztiak legez kontrakoak direla– ukatu egin du. Ez da kasualitate hutsa: Trumpen egitasmo hori garatzen aritu diren hiru funtzionarioak asentamenduen aldekoak dira. AEBetako Gobernuan dituzten postuak israeldarren maximalismoa goratzeko erabiltzen ari dira. Eta hori egin dute Israel Handiaren aldekoekin, Israelgo eskuinarekin, koordinatuta.

Israelek aurki defenditu beharko du Apartheidaren Estatu berezia sortzea. AEBak alde izatea urrats handia da. Nazioarteko ordenaren ahultasunak lagunduko dio. Nazioarteko erakundeen eta zuzenbidearen hustuketak ere bai. Baita palestinar politikaren erabateko kolapsoak ere. Zer egingo du nazioarteko komunitateak, hain ahul egonda? Bigarren Mundu Gerraz geroztik nazioarteko komunitatea eraikitzeko nagusi izan diren printzipioak babesteko prest egongo al da?

Gauza bat oso garbi dago: lurraren eta burujabetzaren inguruko borroka bat izatetik, gatazka berdintasunaren eta eskubide zibilen aldeko borroka izatera pasako da. Aro berri honetan, seguru asko, gainerako herrialdeek beren posizioak aztertu beharko dituzte berriz. Trump Administrazioak dagoeneko egin du bere azterketa.