Iñaki Soto

Irlandar errepublikanoen gorakadaren zenbait gako

Hegoaldeko irlandarrak Taoiseach delakoa eta Parlamentua hautatzeko bozkatzen hasi dira gaur. Irlako hauteskunde sistema deabruaren ondorioz, bozkatzen gaurko eguna emango dute eta botoak zenbatzen, ordea, datozen egunak. Orduan, emaitzez gain, aliantzak ere aztertu beharko dira.

Kanpaina luze eta bizi joan da. Inkestek Sinn Feinen gorakada nabarmendu dute, zenbait kasutan lehendabiziko indar bihurtzeraino. Adibidez, Londreseko Survation inkesta-etxeak alderdiarentzat egindako azterketaren arabera, Sinn Fein (SF) bozkatuena izango da, %25ekin. [Survation da Britainia Handiko azken hauteskundeetan emaitzetatik gertuen ibili zen enpresa]. Orain arteko establishmentaren alderdiek –Fianna Fail (FF) eta Fine Gael (FG)– bozen %22 eta %17 lortuko lukete, hurrenez hurren. Laboristen (%6) Berdeen (%9) eta independenteen (%10) emaitzak jarraitu beharko dira, sistemaren zitalkeria dela medio, determinanteak izan daitezke-eta. Adi, inkestak frustrazio iturri izan daitezke.

Leo Varadkar lehendakariak kalkuluak gaizki egin zituela argi dago. Inkesta guztiek hirugarren indar gisa kokatzen dute FG alderdia. Varadkarrentzat, agian, Sinn Fein bere aurretik izatea are tamalgarriagoa izan daiteke. Kanpainan SFrekin ez duela sekula akordiorik egingo esan du, lotsagabe, kontrako eztarritik joan dakiokeen bideo batean: http://tiny.cc/1xgojz. Edonola ere, nire ustez, inkestek FF eta FGren okerrak baino gehiago alderdi errepublikanoaren indarguneak erakusten dituzte.

Agenda, manifestua, politikak, testuingurua eta lana

Sinn Feinek agenda desberdin bat finkatzea lortu du. Adibidez, etxebizitzaren krisian ezin hobeto kokatu da. Alde batetik, etxegabeen egoerari helduz, alderdi humanitariotik ikusita, krisiaren dimentsioa hobekien ulertu eta salatu duen alderdia izan da. Beste alde batetik, ikuspuntu soziopolitikotik, jendearen eguneroko bizitzan duen eraginagatik eta sistemaren ikuspuntutik epe motzean bihurtuko den arazoa aurreikusita, etxebizitza ezkerraren lehentasun gisa markatu dute.

Irlandar jendartea aldatzen ari dela dioten adierazleak ugariak dira. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzei eta abortuari buruzko erreferendumek argi erakutsi zuten aldaketa hori. Berdintasuna errepublikanismoaren core-value bat da, balio zentrala da.

Jakina, Irlandaren batasuna hauteskunde-manifestuaren lehendabiziko puntua da. Helburu estrategikoa egungo testuinguru politikoan txertatzen asmatu dute orain, Brexitaren eztabaida tarteko, mugaren auziari helduz eta Ipar Irlandako erakundeen berreskurapena kapitalizatuz, Michelle O'Neill-en gidaritzapean.

Halere, ezin da ahaztu iaz hauteskundeetan SFk asko sufritu zuela. Aurretik, Presidentetzara aurkeztea erabaki zuten eta hautesleek bizkarra eman zieten. Ordutik, Mary Lou McDonaldek bere lidergoa berrosatu du, ondoan dituen koadroei etekinik handiena ateraz. Adibidez, Pearse Doherty kanpainako buru jarri du eta Eoin O Broin politika sozialen eta bereziki etxebizitzaren auzian baliatu du. Atzera begira nahi dituzte, baina alternatiba gisa sendotzen ari dira.

Kanpainaren beste gakoetako bat militante errepublikanoen estajanobismoa izan da: lana, lana eta lana. •