Andoni URBISTONDO
Elkarrizketa
Sitapha savane
Kirol esataria, ikaslea, enpresaria eta gizarte eragilea

«Jendartean eragina izan nahi nuke, jendearen onura lortuz»

Saskibaloi jokalari profesionala izan da azken bi hamarkadan. Orain, kirol esatari dabil, baita beste hamaika saltsatan ere. Ez da geldirik egotekoa eta dagoen tokitik jendartea hobera aldatzea da bere erronka. Leioan bizi da bertakoa den emaztearekin eta Lamine semearekin.

Bizitza erdia Senegal jaioterrian egin zuen, Dakarren (41 urte ditu). Beste erdia han eta hemen: Kanaria uharteak, Madril, Badalona… Leioan bizi da orain, bikotekidea bertakoa duelako, baina arima beti Senegali begira du. Saskibaloi jokalari profesional izana, orain esatari dabil. Baina beste amets handiago bat dauka: jaioterriko, Afrikako, jendartean inpaktua izatea, haien bizitza hobetzeko. Negozioen bitartez lortzen du helburu hori egun, eta Afrikari buruz dugun pertzepzioa aldatzea gustatuko litzaioke. Arrazismoa, abertzaletasuna, alderdi politikoak… gauza mordoaz solastatu da GAUR8rekin.

Bigarren denboraldia, saskibaloi jokalari profesional jarduna utzi zenuenetik. Zertan ari zara egun?

Zertan ez. Ikasten ari naiz, MBA Executive ikasketak burutzen ari naiz Europan barrena, Movistar+ telebista enpresan saskibaloi esatari, eta beste hainbat gauza. Enpresa bat daukat anaiarekin eta, horretaz aparte, hainbat gizarte ekintzatan murgilduta nabil. Emazteak esaten dit berak ezagutzen duen jubilatu mordoaren artean, okerren bizi dena naizela ni, saskibaloi jokalari nintzenean baino askoz lanpetuagoa bainabil.

Saskibaloi jokalari izan zinen bi hamarkadetan oso bizitza ona izan zenuela esaten duzu aho bizarrik gabe.

Hala delako. Jokalari profesionala zarenean zure eginkizun bakarretakoa osasuntsu eta sasoi puntu onean egotea da. Hortik aurrerako ia dena egina ematen dizute. Zaindu egin behar duzu, noski, baina denbora libre asko duzu. Irakurzalea naiz eta aukera horren hutsunea dut orain. Saskibaloia nik nahi izan nuenean utzi nuen, eta hori abiapuntu ona da. Jokalari profesional jarduna utzi ondoren zer egin nahi nuen garbi neukan, eta hori lotzen ere saiatu nintzen bizitza berriari ekin aurretik.

Ikasten jarraitzen duzu.

35 urterekin utzi nahi nuen saskibaloia, baina 38 urtera arte aritu nintzen, gozatzen eta diru ona irabazten ari nintzelako, noski. Ikasketak oso garrantzitsuak izan dira betidanik niretzat. 2000. urtean graduatu nintzen AEBetan Naval Academyn, Business Administration ikasketak (ekonomia zientziak) eginda. Orain bide horri jarraitzen ari naiz, MBA Executive ikasketekin.

Kirolari profesional askok komeriak izaten dituzte 40 urterekin erretiroa hartzen dutenean.

Ez da prozesu erraza. Harreman emankorra dut erretiroa hartu duten kide askorekin, eta jokalariok, erretiratzen garenean, oso gazteak gara, 40 urte, edo agian gutxiago. Zer egin behar dugu, bikotekidearen edota seme-alaben ondoan eseri eta egunak pasatzen ikusi, besterik gabe? Nik zorionez zeregina badut, baina bilatu egin dudalako.

Saskibaloi esataria zara Movistar+ telebista enpresan. Gustura ari zara?

Ez nuen espero eskaintza hori, baina Amaya Valdemoro jokalari ohiarekin enpresaren irudi izatea pentsatu zutela esan zidaten, eta baiezkoa eman nuen. Komunikazioa maite dut, kamera atzeko bizitza ikusi dut, eta, batez ere, esatari molde tradizionala hautsi edo berritzeko asmoarekin eman nuen baiezkoa. Ni beltza naiz, Senegalgoa, eta esatarien gehiengo handia espainiarra da, arraza zurikoa. Komunikabide indartsu bateko erreferente izatea sinbolo bat izatea ere bada, pauso garrantzitsua gizarte pluralago bat eraikitzeko erronkan.

Sinbologiaren harira, badut anekdota bat. Artatzan bizi naiz, Leioan, eta bertako parke batean nengoen Lamine semearekin. Jolasean ari zirela, neskato bat hurbildu zitzaidan eta galdetu zidan ea ni kalean oinetakoak eta jantziak saltzen ibiltzen zen horietakoa ote nintzen. 7-8 urteko neskatoa zen. Arazoa ez da neskatoarena, balio horiek erakutsi dizkion guraso edo jendartearena zela hausnartu nuen. Nire esatari jardunak balio horiek aldatzen lagundu dezakeela uste dut.

Asaldatuko zinen neskatoak hori esan zizunean, ezta?

Ez, ezta gutxiago ere. Askoz okerragoak entzunda nago 20 urtetan. Dagoeneko ezerk ez nau harritzen. Jendeak, orokorrean, beltzak garenon inguruan duen pertzepzioa hausten dut: saskibaloi jokalari profesionala izan naiz, ikasketak egin ditut… Senegalen ez naiz berezia, ni bezalako pertsona asko daude, baina Espainian etorkin molde jakin bat erakutsi izan da, eta erakusten da, eta jendartea, noski, horrekin geratzen da.

Arrazismorik bada Euskal Herrian?

Bueno, arrazakeriak ez du mugarik, gizakiari lotuta dagoen berezko ezaugarria da. Euskadin, dena den, askoz enpatia handiagoa sentitzen du etorkinak. Emaztea bilbotarra dut, hemen bizi naiz, eta hemen arrazakeria askoz apalagoa da. Nik neuk senegaldarra naizela esaten dudanean jendearen berotasuna sentitzen dut, hemen badago nire herriarekiko halako maitasuna.

Nolatan bizi zara Leioan?

Bueno, emaztea eta semea beti ibili dira nire atzetik: Las Palmas, Madril, Badalona… eta orain niri tokatzen zait beraiek nahi duten tokian bizitzea. Lamine semearentzat garrantzitsua da gutxienez bi urte toki berean egotea, nik masterra egiten dudan bitartean. Aitita eta amamaren ondoan urte pare bat egitea egokia izango zela erabaki genuen emazteak eta biok. Emaztea oso bilbotarra da, harro dago bere euskalduntasunaz, bazen garaia tartetxo luzea pasatzeko hemen.

Zuk esana da munduan inpaktua izan nahiko zenukeela. Zer esan nahi duzu?

Bueno, zorioneko pertsona naiz. Garbi utzi nahi nuke hori beste ezeren aurretik. Nire herrian gazte gehienek ez dituzte nik eduki ditudan aukerak. Baina langile nekaezina naizela ere esan behar dut, aukera izan eta baliatzea ez delako samurra. Pibot postuan jokatu izan dut bi hamarkadatan, baina txikia izan naiz postu horretarako, bi metro eskas.

Inpaktua edukitzea zer den? Besteen, jendartearen, onura bilatzea, eta lortzea. Nik asko jaso dut, eta jaso dudan hori guztia edo gehiago itzuli nahi nuke moduren batean. 80 urterekin atzera begirakoa egin eta nire onura bakarrik lortu dudala ikusiko banu, etsigarria izango litzateke niretzat. Daukadan posizioagatik, feed back hori egiteko moduan nago. Business master bat ikasten ari banaiz, horregatik da.

Nola lortu nahiko zenuke?

Aurren-aurrena, nire herriko gazteen hezkuntza eta osasuna bermatu nahi nuke, ikasi eta lanbide bat lortzeko aukera izan dezaten. Etorkin ekonomiko eta politikoak daude. Politikoak gerra baten erruz ihes egiten duten etorkinak dira. Alegia, bizitza bera dute jokoan. Etorkin ekonomikoen egoera, ordea, tristeagoa da, nire ustez. Zure aberrian bizi nahi, eta ezin, zure familia elikatu ezinik. Etorkinen etorrera ez da inoiz etengo, gosea aurkari gaindiezina delako.

Politikari izan nahi duzu, enpresari, gizarte eragile…

Podemos alderdiak proposatu zidan, azkenekoz, euren zerrendetan agertzeko. Lehenago Kanaria uharteetan ere eskaini zidaten, eta ez ezkerreko alderdi batek, preseski. Uharte haietan kirolari ezaguna naiz, seme kutun izendatu ninduten, eta alderdi politikoak hori baliatzen saiatu ziren, botoak lortzeko.

Politikak muga asko jartzen dizkizu. Esan nahi dut, zenbaki soil bat izan zaitezke alderdi politiko batean, eta eraginik batere ez izan, alderdi politikoan urte asko egonda ere. Gizarte eragile izanda, aldiz, eragin handiagoa izan dezakezu. Inoren mendekotasunik izan gabe, edota alderdi politiko batean urte mordoa egin gabe, eragina izateko postu edo kargu bat izatera iristen zaren bitartean. Politikan egon zaitezke, baina gizarte eragile izatea alboratu gabe. Ikasketekin-eta lanpetuta nabil, eta pixka bat alboratuta dut gizarte erakundeei begirako lana. Ea ikasketak ekainerako amaitu eta gehiago laguntzen diedan.

Zein gizarte arlotan aritzen zara gehien?

Bueno, integrazioan, arrazismoan… Aita ere banaiz, seme bat dut hemen, Euskadin, eta beste alaba bat Kanaria uharteetan. Arraza beltzekoak, noski. Egunero nongoak diren galdetzen diete askok, zergatik diren beltzak. Hor bide luzea dago egiteko, eta nik badut ahotsa, eragiteko gaitasuna.

Bestalde, nazioarteko ikuspuntua dago, laguntza humanitarioaren arloa. Horiek berehalako laguntza behar dute gaur, baina ni etorkizunera begira ere ari naiz, Senegalen hainbat start-up delakoetan inbertitzen. Ez ekonomikoki soilik, baizik eta Senegalen bertan egonaldiak eginez, start-up horietan parte hartzen dutenei erakutsiz, heziketa egokia emanez, kontaktu egokiak partekatuz. Angel investment esaten zaio negozio munduan.

Zer da, bada, «angel investment» hori?

Bada, inbertsio bat egiteak ez du esan nahi dirua jartzea bakarrik. Jendeari ateak irekitzen lagundu behar zaio. Jende gazteak nik ez dauzkadan ideia onak ditu, baina ideia on horiek gauzatzeko arazoak izan ditzake. Ekonomikoak eta bestelakoak. Hor sartzen naiz ni, Senegalen ni kastako kidea bainaiz (barrez). Kasta horretako kideok halako elkarte bat dugu, aholkularitza emateko, inbertsoreak erakartzeko eta beste. Efektu biderkatzailea duen metodoa da. Nik 10-20 herritarrei eman diezaieket laguntza metodo honekin, eta horietako bakoitzak beste hainbesteri, lanpostuak eta aberastasuna sortuz. Ni neu Senegalgo presidente izan ezean, edo bat-batean Amancio Ortega bilakatu ezean, ez dut jendarte bat hobetzeko bide eraginkorragorik ezagutzen.

Zer lotura duzu Senegalekin?

Nire aberria da. Hilabete batzuk pasatzen direnean hara joan gabe, nabaritu egiten dut. Bertara ez bueltatzea ez dago nire pentsamenduan. Unibertsitate garaian urte osoa egin nuen joan gabe, eta asko sufritu nuen. Gabonetan egon naiz.

Nola dago Senegal egun?

Ondo. Bakea daukagu, eta Afrika osoan, independentzia prozesu baten ostean bestelako gerra zibil edo diktadurarik izan ez duen herri bakarretakoa da. 80ko hamarkadara arte alderdi politiko bakarra zegoen, hori bai, baina Afrikako demokrazia sendoenetakoa da. Arazo ekonomiko franko dago, ustelkeria handi samarra. Garapena ez da herriraino iristen oraindik, eta hori da konpondu beharrekoa.

Estatu frantsesaren mendekotasun handia izan duzue.

Eta dugu. Kolonizatu gintuzten, neokolonizatu gero… Senegalen ez da ezer gertatzen, egiten, Frantzia ados ez badago. Eta Senegalen ez du inork agintzen, Frantziak onartzen ez badu.

Europan Afrikari buruz dugun pentsamoldearekin oso kritikoa zara. Nola aldatu?

Bueno, ez da kritika bat. Nire ustez, Europa, eta batez ere Espainia, aukera bikaina galtzen ari dira Afrikari esker garapen ekonomiko handiagoa bilatzeko. Arrazoi estrategikoengatik, Espainiaren kasuan. Afrika hortxe dago, Cadizetik kilometro gutxira. Estrategikoki Afrika oso garrantzitsua izango da epe ertainera eta Txina, AEBak, Frantzia eta beste nazio batzuk mugitzen ari dira, baina Espainia ez. Ziur aski, ez duelako beste horiek adina indar. Noiz egon da Espainiako goi agintari bat azken aldiz Afrikan? Esanguratsua da. Estrategikoki toki onenean dago, baina ez du baliatzen.

Kirolarekin zerikusia duen adibide bat emango dut. Afrikarrek ez dute Espainia herrialde kolonizatzaile moduan ikusten. Nire herrian mundu guztiak dauka Real Madril edo Bartzelonaren kamiseta bat, ez ofiziala, noski. Hango kirolari askok arrakasta lortu dute hemen. Egoera pribilegiatua du Espainiak, baina barne arazo larriak ditu, eta horrek, akaso, ez dio lagundu Afrikara begiratzen. Ahal banu Espainiako agintariekin batzartuko nintzateke, eta esan, ‘aizue, Afrikak merezi du aintzat hartzea’.

Barne arazo horiek Katalunia eta Euskal Herriko abertzaletasuna dira? Nola ikusten duzu gatazka hori?

Normala da halakoak egotea. Munduko txoko guztietan gertatzen dira halakoak. Hiru urtez egon naiz Katalunian, asko Kanaria uharteetan, azken biak Euskadin, bikotea Bilbokoa da, eta urte asko eman ditut Madrilen. Ertz guztiak ezagutzen ditut, eta Espainiakoa ez da egoera berezia. Kataluniako egoera ondo ezagutzen dut, hiru urte eman nituen Badalonan. Akats latza da errepresioa, bide judiziala erabili izana. Ezin duzu bi milioi pertsonaren sentimendua ezkutatu, ezabatu, are gutxiago XXI. mendeko Europan. Beste gauza bat da nola konpondu behar den egoera hori. Elkarrizketarekin etorriko da irtenbidea, noski. Negoziazio orotan bezala, bi aldeek mugitu beharko dute, baina geldirik egon eta mehatxuari mehatxu eginez ez da ezer konponduko. Mugimendu abertzaleen aferak jatorri politikoa du, eta politikarekin konpondu behar da, ez justiziarekin.

Zure Twitter kontuan «Seule la lutte libère» diozu; alegia, «borrokak bakarrik askatzen du». Interpretazio askoko leloa, hori…

Ezer ez dela erraz lortzen bizitza honetan, hori esan nahi dut. Borroka egitea funtsezkoa da. Kataluniako lagunekin mintzatzen naiz sarri, eta esaten diet, ‘ez pentsa independentzia bihar lortuko duzuenik’. Historian ez da aldebakarreko independentzia prozesu baketsurik egon munduan, denetan gerrak eta odola egon dira. Katalunian egoera odoltsuak bizi izan ez zirelako harrituta nago. Aldebakarrekoa eta odolik gabekoa ez da existitzen. Espainiak batasuna mantentzeko bide bakarra du: independentista sentitzen direnen kopurua murrizten saiatu. Rajoyk, baina, herentzia txarra utzi zuen Katalunian...

Arrazismoa sustatzen duten alderdi politikoak indar biziz piztu dira Europan.

Tristura handia sentitzen dut. Espainia eta Katalunian lan egin dut eta bizi izan naiz, eta halako segurtasun eremuan nengoela uste nuen, Frantzian eta Italian gertatzen ari zena ikusita. Baina Espainiara ere iritsi da olatua. Iritsi, edo agertu. Lehenago ere arrazistak hor zeuden, ezkutuan, baina arrazoi bategatik edo besteagatik aurrena PPri ematen zioten botoa, ondoren Ciudadanosi, eta orain, Vox-i. Tira, ez dut uste Vox alderdiko bozkatzaile guztiak arrazistak direnik, baina ez dira jabetzen euren boto aukerak arrazismoa, homofobia eta beste sustatzen dituela. Protesta boto bat dagoela esango nuke, ohiko alderdi politikoen bizioen aurka, baina protesta boto horrek alderdi politiko arrazista bat hauspotzen du. Baina garbi dago Vox-ek milaka boto lortzen baditu beste alderdiek gauzak ondo egin ez dituzten seinale dela. Autokritika egin behar da.

Luzeroko izango al da arrazismoaren gorakada?

Nire ustez, ez. Voxen antzeko alderdi politikoak ez dute gobernatzeko asmorik, denbora bat egoteko helburua baizik. Bere liderra han eta hemen entxufatua egon den bezala, orain hamar urtez ziurtatu du bere soldata ona politikan sartuta, eta konforme da. Eta Abascal bezala, inguruan dituen beste lider asko. Horien mezua argia bezain gezurrezkoa da, baina iritsi egiten da hainbat sektoretara. Horiek beltzak arriskutsuak garela saltzen dute; nik, berriz, gure zorrekin/ ZERGEKIN????? ongizate estatuan erabakigarriak garela. Baina haiek nik baino bozgorailu hobeak dituzte, bistan da. Meritua onartu behar zaie, gizarte gero eta berekoiago honetan ‘aurrena ni’ leloa ondo saltzen jakin dutelako.

Sarri pentsatzen da Vox-en bozkatzaileak arlote edo ezjakinak direla, ikasketarik gabekoak. Aberatsen artean ere badu erakarpenik, ordea.

Bai, eta handia. Bernabeu zelaiko palkoan daude Voxeko eledun ezagunenak, jokalariek gonbidatuta. Futbolariak zergak jaitsiko dizkiona gonbidatuko du palkora, ez igoko dituena. Nik herritar arrunt batek baino zerga gehiago ordaindu ditut, soldata ona jaso dudalako, baina zerga horiek gabeziak estaltzeko erabiltzen direla sinetsita nago. Hori da aberria maitatzea.

Euskararekin ondo?

Ez dut tarte handirik eduki ikasteko. Agurtzen badakit, eskerrak ematen eta gauza gutxi gehiago. Katalana ulertzen dut baina, noski, euskararekin alderatuta ikasteko errazagoa da. Haurrarekin hasi beharko dut mintzapraktika egiten.

Non ikusten duzu zeure burua 20 urte barru?

Senegalen, Bilbon, Katalunian, Kanaria Handian… Senegalen egonkortu nahi nuke, hori bai, handik lan egin. Politikan sartu edo ez sartu, erabaki horrek pisua izango du.