Itzea Urkizu Arsuaga

Terapian

Ez dakit nola neurtzen den inauteri zaletasuna. Bakarrik dakit, autoan txaranga entzunez negar egiten dudanez, eta kaosaren festari erromantizismotik begiratzen diodanez, nirea handi samarra izango dela. Beraz, ez da harrigarri suertatuko esatea, inauteriak direla, niretzat, urteko egun garrantzitsuenetakoak. Beste egun batzuk baino egunago.

Aurten, gauei kuku bat egin, eta egun horiek zurrupatzera behartuta nago; sabelean izaki txiki bat hazten izatearen ajeak. Edo, beste aje batzuk saihesteko aukerak. Noski, inauteri zaleari min txiki bat sortzen dio urteroko zelaian jokaldi berriak egin behar izateak. Baina badatoz inauteriak, aspaldi hasi nuen atzera-kontua, eta urteroko grina berbera dut, urterokoa dantzatzeko. Askoren harridurarako. Azken egunotan bati baino gehiagori entzun behar izan baitiot ditxosozko galdera: «Aurten gogorik gabe egongo zara, ezta?». Inguruko zenbait piezak ordura arteko joko taulatik kanpo uzten dute bat, haurdun geratzen den momentutik; jokaldirik egiteko aukerarik gabe. Ezezko biribila erantzun diet denei eta, jarraian, mantra bat bezala errepikatu dit garunak, zein larria den herri honek ospakizun folkloriko-sozialak alkoholaren bueltan eraikitzeko duen beharra.

Bai: honezkero nabaritu ez baldin bada, gaurko koadernoa terapia egiteko erabili nahi nuke, lerrootan barrena ibil daitekeenaren baimenarekin. Inauteriak aitzakiatzat hartu ditudan arren, egiazki, beste kontu batzuez aritu nahi nukeelako. Terapiaz beraz, adibidez.

Zorionez, duela urtebete ekin nion benetako bati, testu honetatik kanpokoari. Beharbada aitortza moduan aurkeztu behar nuen aurreko esaldia, denok oso modernoak garen arren, ez baitiogu hiruzpalau laguni baino kontatzen, profesional baten aholkuak jasotzen ditugula, geure burua ezagutu eta XXI. mendeko herritar izan ahal izateko.

Yoga bai. Haren modalitate guztiekin, gainera, laneko estresari ihes egiteko. Fisioterapeutaren esku magikoak ere bai, bizkar eta lepo aldeko tentsioak mirakuluz arintzeko. Eta, esan gabe doa, inor gutxi geratzen dela, gaur egun, gimnasioan egitea dagozkion lan orduak fitxatu gabe. Osasuna eta ongizatea eta gizarte aktiboa eta prebentzioa eta matrakak, hori guztia baino askoz ere gehiago axola zaigunean, ispiluak itzultzen diguna.

Ez dakit askotan pentsatu ote dugun, estresa, tentsioak eta kanon estetiko jakin batzuetan sartzeko sufrikarioak kudeatzeko, ez dela geure garuna baino gihar ezinbestekoagorik. Hori dela, finean, guztia hasi eta bukatzen den lekua. Burua dela bulegoko langileen gerri nekatua. Eta, ondorioz, modu batera edo bestera, esku profesionaletan noizbait jarri beharko genukeena.

Horrela baino ez baitiegu aurre egiten absurdoz eraikitako tabuei: dakienari galdetzera ausartuta. Gure joko-taulari beste prisma batetik ere begira diezaiokegula ikasita. Finean, mundura hauskor eta zaurgarri izateko jaio ginela onartuta, jenio txarra kemenez ateratzen dugun arren.

Hurrengo urterako, akaso, asmatuko dugu inauteri zaletasuna neurtzeko moduren bat. Besterik ezean, nigan duten eragin terapeutikoari begiratuko diot. •