2020/02/08

Oihane Larretxea de la Granja
Tokiz kanpo

Egia honakoa da: ez dut whatsapp talde honetan egon nahi. Polita izan zen garai hura, nire bizitzan ederrenetakoa, asko konpartitu genuen eta oroitzapen onak, oso onak ditut, baina etapa hura amaitu zen eta josi genituen loturak askatu ziren. Aspaldi. Desegin arte. Urte mordoa igaro da eta, bat-batean, honetaz eta besteaz jakitea (baten bati buruz ezer jakingo ez banu, hobeto) modu artifizioso batean… Hala sentitzen dut. Eta halaxe esan nahi nizueke. Baina ez da politikoki zuzena. Ez da itxurosoa. Nola alde egin modu «elegante» batean? Orduan beste buruhauste handiago bat sortzen zait: inor ez mintzeagatik eta figura di merda bat ez egiteagatik, ez ote naiz nire burua derrigortzen ari nahi ez dudan leku batean egotera? Horrek zinez izorratzen nau.

Egoera surrealistak bizi izan ditut. Taldekide bat ezkontzera doala eta gonbidatu egiten nauela (?!). Jakina, norekin ez dakit. Ene… Albistea aprobetxatu du X-k kontatzeko bera ezkondu zela, baita dibortziatu ere, eta «zorionez» haurrik ez dagoela tartean. Hari horri eutsi dio Y-k eta iragarri digu semea espero duela udaberrirako (argazkia erantsi du noski, irrikaz dago-eta erakusteko). Zer erantzun jakin ez, eta isilik mantentzen naiz. Tokiz kanpo sentitzen naiz, ez da nire «tribua». Eta hor dago koska: baten batek zure kontaktua sakatu du eta barruan zaude.

Agian oker nago eta sinpleagoa da guztia. Adibidez: «Polita izan zen iraun zuen bitartean, ez zara zu, ni naiz…». Esan nahi dut: ni naiz arraroa? •