2020/02/08

Erreportajea
36KO GERRA
Zientziak ere argitzen du hobi komunetan lurperatutako historiaren iluna

UPV/EHUko Biomics ikerketa taldeak hamar urte daramatza 36ko gerrako eta frankismoko hobi komunetatik ateratako giza gorpuzkiak genetikoki identifikatzen. Oraingoz, 525 giza gorpuzkitik 137 pertsona identifikatzea lortu du eta beste 297ren profil genetikoa osatzea. Zientziaren aurrerapenei esker, gero eta zehatzago eta finago ari dira lanean.

Amagoia Mujika Telleria
0208_laborategia1

Kalkulatzen da 36ko gerran eta haren osteko diktaduran 114.000 lagun inguru desagertu zirela Estatu espainolean. 80 urte pasatu dira geroztik eta denbora etsai gogorra izan da gertatu zenaren memoria osatu nahian dabiltzanentzat. Senideak, lekukoak, historialariak, antropologoak, genetika ikertzaileak... Denak dira beharrezko denboraren joanean borratzen joan den historiaren puzzlea osatzeko, bakoitza beretik.

Estatu espainoleko datuen arabera, azken hamabost urteotan 9.000 bat biktimaren gorpuzkiak berreskuratu dira 700 bat hobi komunetatik (2.000 inguru daudela kalkulatzen da). Berreskuratutako gorpuzki horietatik lagin genetiko ahalik eta onenak eta osatuenak lortzea izaten da hurrengo urratsa, laborategian analisi genetikoak egin eta lur azpian ezkutatutako historia bakoitzari izena jarri ahal izateko.

UPV/EHUko Biomics ikerketa taldeak –Marian Martinez de Pancorbok zuzendua– hamar urte daramatza desagertutako pertsonak identifikatu nahian. Horretarako, hobietatik ateratako hezurren eta hortzen laginen azterketa genetikoa egiten du, eta senideen DNArekin alderatu. «Desobiratutako gorpuzkien DNA lortu ondoren, markatzaile genetiko jakin batzuk aztertzen ditugu, aztertu nahi dugun senidetasun motaren arabera», azaldu du Miriam Baeta doktoreak, Biomics ikerketa taldeko ikertzaileak. Nagusiki Aranzadikoek bidalitako laginak aztertzen dituzte, baina Estatu espainolean memoria historikoaren inguruan ari diren beste elkarte batzuekin ere aritzen dira elkarlanean.

Denbora, traba handiena

Denbora. Horixe da memoria historikoa berreraikitzeko ahaleginean traba nagusia. Batetik, hobietan topatutako gorpuzkien egoera txarra izaten da. «80 urte pasatu dira eta gorpuzki horiek muturreko egoeran egon dira, lur azpian eta aterperik gabe. Horregatik ez da erraza izaten lagin genetiko onak lortzea. Hil osteko DNAz ari gara; askotan oso degradatua iristen zaigu eta ez dugu lortzen haren profil genetiko osoa. Zenbat eta markatzaile gehiago aztertu, orduan eta errazagoa da identifikatzea edo bateragarritasuna frogatzea».

Bestetik, denbora asko joan denez, eraildako horien zuzeneko senideak ere hiltzen joan dira eta DNA informazioa konparatzea gero eta nekezagoa da. «Zuzeneko senideekin partekatzen dugu DNA informazio gehien; gurasoak eta seme-alabak. Hortik aurrerako senideekin, gero eta gutxiago. Horregatik, zenbat eta urrunagoko senidea izan, orduan eta zailagoa da lotura egitea. Hori ere zailtasun bat da. Askotan ez dugu izaten alderaketak egiteko senide egokirik, senide nahikoa hurbilak dagoeneko hilda daudelako edo lortzen ditugun markatzaileak ezin direlako alderatu senideen DNA laginekin».

Bada beste arazo bat. Biktimen senide guztiek ez dituzte beren laginak bankuan utzi. «Hori ere gertatzen da. 36ko gerrak jendea handik hona mugitu zuen. Gerta daiteke senide batzuk Andaluzia inguruan egotea desagertutako senidearen arrastoen bila, eta senidea akaso Euskal Herrian lurperatua egotea». Miriam Baetak garrantzi handia ematen dio senideen DNA bankuari, «etorkizuneko desobiratzeetan konparazio gehiago egin ahal izateko».

Egia da, era berean, ikerkuntzarako tresnak gero eta hobeak eta zehatzagoak direla eta horrek ere laguntzen du analisi genetikoen optimizazioan.

«Biomics ikerketa taldean hamar urte daramagu lan horretan eta aurrerakuntza teknologikoek asko lagundu digute. Markatzaile genetiko gero eta txikiagoak ikertzeko moduan gaude eta hori garrantzitsua da, gorpuzkietatik lortzen diren laginak askotan oso eskasak izaten direlako», azaldu du Baetak.

Antropologoek normalean hezur luzeak, femurra kasu, eta hortzak bidaltzen dituzte laborategira ikerketa genetikoa egitera. «Era horretako gorpuzkiek DNA errendimendu hobea eskaintzen dutela nabarmentzen duten artikulu zientifikoak daude. Horregatik lan egiten dugu horiekin. Baina, tira, hori aldakorra izan daiteke, etengabe artikulu berriak argitaratzen direlako eta irizpide berriak finkatu. Guk, oraingoz, era horretako gorpuzkiekin lan egiten dugu eta emaitzak onak dira».

Hamar urteotan hobi desberdinetatik ateratako 525 giza gorpuzkiren identifikazio genetikoa egin dute Biomics ikerketa taldean. Horietatik 137 gorpuzki identifikatzea lortu dute eta beste 297 gorpuzkiren profil genetikoa osatu dute.

Azterketa genetikoen helburua da gorpuzkien profila osatzea, behar besteko informazio lortzea senideen profilekin edo desagertutakoen senideen DNA bankuko datu basearekin alderatzeko, edo, bestela, datu basean gordetzeko, etorkizunean lor daitezkeen beste senide batzuen profilekin bat egin dezakeelakoan.

Kasu guztiak dira desberdinak. «Adibidez, aitagandiko bidetik aztertu nahi badugu, Y kromosoma aztertzen dugu; amagandiko bidetik, ordea, DNA mitokondriala aztertu behar dugu», azaldu du Baetak.

Aurrerapen teknologikoak

Baeta baikor azaldu da: «Teknologien aurrerapenari esker, gero eta markatzaile txikiagoak azter ditzakegu; probabilitatea handiagoa da markatzaile txiki horien analisiak arrakastaz egiteko, txikiagoak izanik degradazioa saihestu baitezakete». Hamar urteotan pauso garrantzitsuak eman dituzte identifikazio sistema optimizatzen. «Adibidez, DNA erauzteko sistemak optimizatu ditugu, baita prozesuko beste zenbait urrats ere, profil informaziodunak lortzeko helburuarekin. Atal guztiak hobetzen saiatzen gara beti, dio.

Bide horretan, aurrerapen garrantzitsu bat lortu berri dute.«DNA mitokondrial txikiagoen zatiak aztertzeko aukera daukagu orain. DNA mitokondrialak amagandiko senidetasuna zehazten du. Emakumeek ondorengo guztiei DNA mitokondriala transmititzen diete. Garatu dugun teknika berriari esker, modu xumeagoan baztertu dezakegu amagandiko senidetasuna, kostuan eta denboran aurreztuz. Lehen fase horretan kointzidentzia badago bakarrik aplikatu beharko lirateke gero DNA mitokondriala analizatzeko erabili ohi diren metodologiak. Bazterketa egiteko metodo egokia da. Adibidez, ehun gorpuzki agertu diren hobi baterako, abantaila handia da, lehen unean aukera batzuk bazterrean errazago utz baitaitezke».

Laginak jasotzen dituztenetik lehen emaitzak azaleratzen diren arteko denbora asko aldatu daiteke; laginaren kalitatearen eta kantitatearen arabera. «Normalean, hilabetetako lana izaten da», zehaztu du Baetak.

Eta emaitzak parean egokitzen direnean, antropologoen, historiagileen eta genetika ikertzaileen hilabeteetako lanak familia batera lasaitasun poxi bat eramatea lortzen duenean, zornatutako zauria sendatzeko bidean jarri dutela sentitzen dute.

 

Desagertutako 137 pertsona, identifikatuak

UPV/EHUko Biomics-eko ikertzaileek artikulu bat argitaratu berri dute, ezagutzera ematen duena zer ikasi duten hamar urteko ibilbide horretan.

Zehazki, 525 giza gorpuzki identifikatzeko erabilitako teknikak eta prozedurak azaldu dituzte. Identifikazio hori egiteko, aldi berean, 879 senideren listu laginak hartu zituzten, eta, hala, desagertutako 137 pertsona identifikatzea lortu zuten. Guztira, ez zuten lortu aztertutako laginen %17ren informazio profilik, laginek DNA gutxi edo degradatua baitzuten; baina beste 297 giza gorpuzkiren informazio profilak lortu zituzten, nahiz eta, hala ere, identifikatu gabe geratu. Nabarmendu dutenez, normalean hezur hondar gehienen profilak lortzen dituzte, baina kasu askotan ez dute konparazioak egiteko senide egokirik.

Ikertzaileen hitzetan, «oso pozgarria da gorpuzki bat identifikatzea, bai emaitzarengatik beragatik, bai identifikazioaren atzean dagoen lan konplexuak emaitza eman duelako. Azken batean, ahalegin kolektiboa da hau, bai gurea eta bai Aranzadi Zientzia Elkartearena, Gogora Institutuarena eta Gerra Zibileko eta diktadurako biktimen elkarteena eta desagertutako pertsonen senideena».

«80 urte pasatu dira eta gorpuzki horiek muturreko egoeran egon dira, lur azpian eta aterperik gabe. Horregatik ez da erraza izaten lagin genetiko onak lortzea»

«Ikerketa taldean hamar urte daramagu lan horretan eta aurrerakuntza teknologikoek asko lagundu digute. Markatzaile genetiko gero eta txikiagoak ikertzeko moduan gaude»