2020/03/21

Jon Maia Soria
BERTSOLARIA

Bertsolariak ere isilik daude, plazatik aparte. «Ixolamendua» dei dakioke, zumaiarrak egin duen bezala. Eta «ixolamenduari» bertsoak jarri dizkio. Min bat duenak, ezin batek itotzen duenak, pena bat duenak idatzi dio bertso pertsonalizatu bat eskatuz, sendatzeko ez bada, samurtzeko behintzat.

«Bertsoak justu jendeak orain gehien behar duena ematen du; indarra, animoa, maitasuna...»
Amagoia Mujika Telleria
0321_jonmaia

Gu bertsolariak auskalo noiz arte ‘ixolamenduan’. Nire aldetik, egun hauetan gaixotasunagatik bakartua dagoelako edo egun berezi bat ospatzerik ez duenari oparitzeko edota egoera zail batean poz txiki bat eman diezaiokeela uste duenarentzat bertso bat egiteko prest nago». Horrelaxe bota zuen sarean pasa den larunbatean eta espero gabeko bideetatik eraman du bere eskaintza bereziak. «Horrelako egoeratan beti hasten zait burua martxan, zer egin dezakedan ekarpen bat egiteko. Arazo bat ikusten dudanean aktibatu egiten naiz. ‘Gustatu’ ez da hitza, ‘sortu’ egiten zait. Ikusi nuen sarean abeslariak eta kulturgileak proposamenak egiten ari zirela eta okurritu zitzaidan bertsoak eskaintzea beharra duen jendearentzat. Askoz gehiago pentsatu gabe Twitter sarean egin nuen eskaintza eta proposatu nuen mezu pribatu bidez egitea. Gero konturatu nintzen audiorik ezin nuela bidali, ni behintzat ez naiz batere abila gauza horietarako. Hartara, jendeak mezu pribatuen bidez kontatzen dit egoera eta nik bertso bat bidaltzen diet opari».

Ostegunean iritsi zen 100. bertsora. «Istorio honi esker, 100 kasutik gora ezagutu ditut. Egoera zailetan dagoen jendearen berri izan dut. Oso esperientzia aberasgarria izaten ari da». Normalean, eskatzaileak ez du beretzako eskatzen bertsoa, beste norbaitentzako baizik, salbuespenak salbuespen. «Oraintxe Utrechtetik idatzi dit gazte batek. Han dagoela eta gurasoak eta arreba bisitan joatekoak zirela. Sekulako ilusioa zeukala, baina orain ezingo dute joan. Sevillako finalera ere etortzekoa zen eta hori ere bertan behera. Udara arte ez dela egongo ez familiarekin ez kuadrillarekin. Eta ezin mugitu gainera. Beretzat bertso bat eskatu dit, behar zuelako».

Egin dituen bertso gehienak behartutako isolamendu honek kaltetutako jendearentzat izan dira. «Dezente izan dira familia elkartu ezin izan den urtebetetzeak eta horietako asko adineko jendearenak. Arrisku handiko taldea da, adinagatik eta osasunagatik, eta bakar-bakarrik daude. Batzuk, gainera, erresidentzietan daude eta ezin dute bisitarik jaso. Egoera oso gogorra da. Haurdunaldi dezente ere ezagutu ditut. Egoera berezia da eta kontu handiz etxean gordeta egon behar dute. Kezka daukate umearen osasunagatik eta jaioko den mundu klaseagatik. Hau esperimentu sozial bat da. Kezkatuta eta triste dagoen haurdun asko dago. Hiletak ere ezagutu ditut. Maite duzun jendea ezin agurtu behar bezala. Asteburuan ezkontza dezente zeuden aurreikusita eta asko bertan behera geratu dira. Horientzako ere eskatu dizkidate. Seme-alabengandik aparte dago kutsatutako jendea. Hilabete inguruan bi urteko semea edo alaba ikusi gabe egon behar duenarentzat bertsoak ere egin ditut. Transplante baten zain dagoen pertsona batentzat ere egin dut. Altsasuko Gurasoek ere eskatu didate. Hainbeste kostatu zaizkien baimenak bertan behera geratu dira orain eta gogorra da hori. Euskal Herriko AEK-k ere eskatu dit, etxean euskara ikasten ari diren ikasleei animoak emateko. Bisitarik gabe geratu diren presoen senideek ere eskatu didate. Zarauzko arraunlariek... askotariko eskaerak jaso ditut».

Maiak ez ditu bertsoak publiko egiten. «Behin bertsoa eginda, ez da nirea, haiena da. Kasu intimoak dira, izenak daude... Kasu askotan jaso dituenak egin ditu publiko. Baina hori haien erabakia da».

Perspektiba pribilegiatua

“Ixolamenduaren bertsoak” esperientzia berezia izaten ari da sortzailearentzat. «Ezagutu ditudan kasu horiei esker, perspektiba oso berezia lortu dut. Historikoa, oso garrantzitsua eta hilgarria den zerbait bizitzen ari gara, kolpetik gizarte honen sektore asko larritasun egoeran jarri dituena, zaurgarrienak gainera; pobrezian daudenak, lan prekaritatean daudenak, adinekoak, gaixotasun larriak dituztenak, kultur sortzaileak, komertzio txikietatik bizi direnak... Nik horren kontaktu zuzena edukitzea betirako geratuko zaidan zerbait izango da. Perspektiba horrekin pribilegiatua sentitzen naiz eta ondo sentiarazten nau egoera honetan nire ekarpena egin ahal izateak». Bertsoak ba al du sendatzeko edo ezina samurtzeko gaitasuna? «Ni ikusten ari naiz baietz. Bertsoak pertsonalizatuak dira eta jendeari barrura iristen zaizkio. Nik sinisten dut bertso batek mendiak mugitzeko indarra duela, mundua mugitzeko. Boluntariotza lan bat egiten ari naiz, ahal dudanean saiatzen. Badakit bertsoa ez dela lehen mailako beharra, baina gaizki dagoenari pixka bat laguntzen badio, aurrera».

Bertsoaren funtzioa

Bertsoa jendartearen eskura. «Nik horrela bizi izan dut gaztetatik. Bertsoa tresna bezala, artefaktu bezala, baliabide bezala. Bertsoa salatzeko, adierazteko, aldarrikatzeko... gaztetxotatik nire bertsolari izatetik egin dudan praktika da hori, konpetiziotik edo estetikatik askoz haratago, funtzio sozial hori izan da nire ezaugarri garrantzitsuenetakoa. Eta pozik nago ikusten dudalako jendeak pozik eta esker onez hartzen duela nire bertsoa. Bueltan argazkiak, marrazkiak, bertsoak... iristen zaizkit. Oso polita eta hunkigarria da».

Telebistarik eta albisterik ikusteko tarterik gabe dabil ia, bertsoak egin eta egin. «Oheratu aurretik pixka batean telebista piztu eta iragarkiei begira jarri nintzen bart. Konturatu nintzen iragartzen dituzten gauza denak ez ditugula behar; autoak, lurrinak, bidaiak... Etxean gordeta gaude eta horiek ez dira lehen mailako beharrak. Eraiki dugun artifizio honen produktuak dira. Baina orain, etxean gaudela, zer da oinarrizko behar bat –komuneko paperaz aparte–? Bertsoak akupuntura efektu zuzena egiten du, justu jendeak orain gehien behar duena ematen du zuzenean; indarra, animoa, kariñoa, maitasuna, konpainia sentitu... Garai ona da kulturaren funtzio sozialaz hausnartzeko. Kanta batek, antzerki lan batek, liburu batek, dantza batek, film batek, bertso batek... jendearen bizi kalitatean daukan eragina nola neurtzen da? Kuantifikatzen al du norbaitek? Orain horren beharra oso handia da, denok behar ditugu gauza horiek bizi ahal izateko eta hobeto bizi ahal izateko. Horri buruz hausnartzeko une ona da. Krisi honek sekulako negua ekarri behar digu sortzaileoi».

Bertsolariak isilik daude. «Gureak maiztasun ikaragarria dauka eta guk bat-batean publiko aurrean sortzen dugu. Uste dut azkenak izango garela bueltatzen. Horrelakorik ez da inoiz ezagutu».

Eta hemendik ateratzen den jendartea, aurrekoaren desberdina izango al da? «Nik uste dut honek eragin bat izango duela, inork ez dugu ahaztuko. Pentsatu nahiko nuke honek kolektibotasunaren balorizazio bat ekarriko duela. Ulertu beharra daukagu mundu honetan kontua ez dela norbera salbatzea, baizik eta denok salbatuta bakarrik salbatuko dela norbera».

 

Etsipenaren birusarentzat antidotoa

«Kaixo Jon. Lehengusina [Marta] ama izatear dago. Egunotan jaioko da Oihane. Bera ez da konturatuko, baina ingurukoak ezingo gara besarkatu», jaso duen mezuetako bat. Eta Martari idatzitako bertsoa: «Marta zer moduz egun hauetan egun bereziak antza/ beti besteak zaintzen zabiltza baina aldatu da balantza/ Laster Oihane txikia dator uju, irri eta dantza/ Nahiz ezin eman besarkadarik etor bedi guganantza/ Zure barruan daukazu mundu berri baten esperantza!».

Egunotan Jon Maiak idatzi dituen bertsoetako batzuk baino ez dira publiko egin, hartzaileak berak horrela erabakita. Beste bat, ezkontza aurreikusita izan arren, bertan behera utzi behar izan duen bikotearentzat: «Ze birus da hau Aritz ta Itziar izorratu zaituztena?/ Gaurko ezkontza eguna eta ondorengo bidai dena/ mundu osoan zabaldua da Koronabirusarena/ baina badago beste birus bat gera ezin litekeena/ zuen barruan mugarik gabe doan maitasunarena».

Zarauzko arraunlariek ere eskatu diote bertso pertsonalizatua, beste hainbeste kirolarik bezala beren jarduna bat-batean eta derrigorrean geratu izan behar dutenak. «Birus honen enbatak gogor jotzen darrai/ traineruak zintzilik nola egon lasai?/ orain etxea dugu gure ametsen kai/ baina beitu leihotik… hor dago oraindik, bai/ Kantauri, zabal, eder, gu noiz itzuli zai».

Eta Euskal Herriko AEK-k ere eskatu dio, bertso formako bultzada, etxean euskara ikasten ari direnentzat. «Mila ikasle zuen etxetan isolatuta zaudete/ baina euskara ez da hustuko nahiz eta gelak ez bete/ zenbat ahalegin, zenbat denbora zenbat amets, zenbat neke/ zenbat ‘baneki’, zenbat ‘bagina’, zenbat ‘ahal da’, ‘baliteke’/ beste baldintza bat sartu zaigu ez muga eta ez epe/ isolamendu oro hizkuntzen azkena izan daiteke/ baina ikasleak, zuek bai, zuek nola utzi esateke/ etsipenaren birusarentzat antidotoa zarete».

«Garai ona da kulturaren funtzio sozialaz hausnartzeko. Kanta batek, antzerki lan batek, liburu batek, dantza batek, film batek, bertso batek... jendearen bizi kalitatean daukan eragina nola neurtzen da? Kuantifikatzen al du norbaitek?»