2020/03/21

Amaia Nausia Pimoulier
Inkisizioa

Deigarria da ordena soziala inposatzeko mekanismoak zein sinpleak eta eraginkorrak diren oraindik ere gaur egun. Iraganeko gizarteetan ohikoa zen kontrol sozial zorrotza ez da hain arrotza egunotan

Ni ez naiz eredugarri, hori da esan nahiko nukeen lehenengo gauza. Krisialdi honen aurrean besteak epaitu ditut; igandean ni neu nintzen txakurrak kalera ateratzen zituztenak eta mendira paseatzera zihoazenak leihotik inbidiaz begiratzen nituen horietakoa. Ez nien, noski, oihurik bota eta ez nituen grabatu, baina nire talaia moraletik epaitu egin nituen. Hasierako mezu horrekin konbentzituta; #nietxeangelditzennaiz eta #denaongiaterakoda. Nik ere barne inkisidore potente bat daukat. Eta kolektiboki bizitzen ari garen kontu bat izan arren, nik ere nire buruari, bikotekidearen eta alaben ongizateari begiratzen diot lehenik eta behin. Eta horrek ez du esan nahi inor kutsatu nahi dudanik edo kutsatuta izan nahi dudanik eta hori saihesteko neurriak hartuko ez ditudanik.

Zutabe honen bidez ezin ditut hartutako neurriak zalantzan jarri, ez naiz epidemiologoa, ezta biologoa, ezta medikua ere. Uneotan gainkonektatuta gaude, baita gaininformatuta ere koronabirusaren kontuarekin. Eta horrek, era berean, deskonektatu eta desinformatu egiten gaituela iruditzen zait. Barne beharretik deskonektatzen gaitu. Ni, adibidez, inoiz ezagutu ez dudan antsietate krisia sufritzen ari naiz azken egunotan. Eta desinformatu ere egiten gaitu egoerak, zaila delako jada zer den egia eta zer gezurra jakitea. Ezin dut neurtu zer osasun ondorio izanen genituzkeen isolamendu neurririk gabe. Baina egia da ere isolamenduak bestelako ondorio ekonomiko, sozial, psikologiko eta fisikoak izanen dituela; enplegua erregulatzeko espediente bat jasan dutenentzat, lanik gabe gelditu direnentzat, esplotatuta euren indarren mugetara iristen ari diren osasun munduko edo supermerkatuetako langileentzat. Zer esanik ez bakarrik bizi direnentzat, gaixotasun mentalak dituztenentzat, beren erasotzailearekin isolatuta bizitzera behartutako emakumeentzat edo haurrentzat. Nola neurtuko ditugu ondorio horiek? Nola aterako gara isolamendu fisiko eta psikologikotik? Ez dut uste indartuago aterako garenik. Gauza bat agerian gelditu da behintzat beldurrarekin; mundua gelditu egin daiteke eta horretarako ez da beharrezkoa tankeak kalera ateratzea, nahikoa da gure barne epailearekin, gure barne inkisidorearekin.

Lehen egunotan nire Wathsapp taldeetara kaletik zenbiltzan pertsonen kontrako oihuz betetako bideoak iritsi zaizkit. Baloratu gabe kalean zeudenak arduragabe hutsak ziren edo benetan kalean egoteko beharra zuten (antsietate krisi baten ondorioz, bakarrik baliatzen ez den senide bat bisitatzeko, lanera edo medikuarengana joateko), niretzat deigarriena izan da ordena soziala inposatzeko mekanismoak zein sinpleak eta eraginkorrak diren oraindik ere gaur egun. Normalean, historiagile naizen heinean, iragana aztertzen dut eta zerbait badakit kontrol sozialari buruz. 1640. urteko Leringo bizilagun baten hitzak datozkit burura, «bizilagun honek, Leringo bizilagun bezala, ezagutzen ditu Leringo beste herritar guztiak, beraien bizitzak eta joan-etorriak, eta beraiek ere ezagutzen dute bera». Hori nahikoa zen kontrol soziala bortitza zen iraganeko gizarteetan, bereziki, noski, herri txikietan. Bakoitzak bere jokabidea arau sozialetara egokitzen zuen, askotan kanpo inposizio zehatzik gabe.

Gaur berdin jarraitzen dugula argi dago eta horrek koronabirusak baino gehiago kezkatzen nau ni momentu hauetan. •