2020/03/21

Mikel Zubimendi Berastegi
Koronabirusaren kultura berriak historia aldatu du

Ohitura, trikimailu eta memoria berriak garatuz gabiltza. Ukondoekin elkar agurtzen dugu, eta, akaso, Covid-19ak bostekoa ematearen akabera ekarriko du

Larreostia da dena. Hasi besterik egin ez den zientzia-fikziozko pelikula beldurgarri bat erreal-erreala bihurtuta. Eta ikara irrazionalen erosle konpultsiboak garela kontuan hartuta, eta etorkizunean baino orainean ardaztu beharra daukagunez, pandemia historia nola aldatzen ari den lekuko gara, giza eboluzioaren jauzi handi baten zuzeneko ikusle. Eta ez hori bakarrik. Koronabirusaren kultura berri bat sortzen ari da, bat-batean, modu kreatiboan, publikoaren beldurrei, eguneroko bizitzaren murrizketei eta berrogeialdiaren isolamendu aspergarriari aurre egiteko.

Ez zait iruditzen pandemiak ausazko gertakariak, aleatorioak, direnik. Ez dira kaotikoak, ez diete gizarteei kapritxoz erasotzen, aurrez ohartu gabe. Kontrakoa esango nuke. Gizarte orok sortzen ditu bere zaurgarritasunak, bere puntu ahulak, bere egiturak, jendearen bizimoduek eta lehentasun politikoek sortu ere. Eta mikrobioak selektiboki hor zabaltzen dira, hortik barreiatzen dute beren burua, guk sortutako nitxo ekologiko horietan. Kolera eta tuberkulosia, adibidez, gaur egungo pobrezia eta ezberdinkeria sozialaren arrakaletan zehar mugitzen eta hazten dira. Eta jakina pandemiak beren txikitasunean gauza handi-handiak egiteko gai direla, horixe dutela izurriteek historia aldatzeko ahalmena. Kontinente batzuen populazioa erdira murriztu zuen izurri bubonikorik gabe, adibidez, iraultza industrialik ez zen izango. Napoleonen soldaduak hil baina immunizatutako esklabo afrikarrak hiltzen ez zituen sukar horirik gabe ez zen esklabotzaren amaiera etorriko, edo nekez esplika daiteke Haitiko iraultza eta independentzia. Covid-19 birusa ez da salbuespena izango. Historia aldatuko du, aldatzen hasia da.

Planetan zehar gizakiok egiten dugun bidaiaren nondik norakoa aldatzeko indarra dute pandemiek eta espezie bezala, ohikoagoak bilakatuko diren heinean, prozesu ebolutibo sakona aurrera eramatera behartuko gaituzte. Superbibentziarako eboluzionatu beharko dugu. Tradizioak garatu egiten dira denbora bakoitzaren ekologia eta biologiara egokitu ahal izateko. Maila txikian bada ere, jada erritualen eboluzioa martxan da.

Niretzat harrigarria eta aipatzen ari garen guztiaren adibide esanguratsua da jendeak elkarri bostekoa emateari utzi izana. Aspaldi-aspalditik konfiantzazko keinua zena, egun, gaitza transmititzeko bidea da. Baina hain gara espezie soziala, oso gogorra zaigula elkar ez ukitzea. Gure komunikazioaren parte handi batek elkar ukitzearekin zerikusia du. Eta nola ez dugun baldintza berriotan jokatzeko konbentziorik, ohitura kultural, trikimailu eta memoria berriak garatu beharko ditugu. Jadanik horretan gabiltza, esperimentu betean. Ukondoekin elkar agurtzen dugu dagoeneko, eta, akaso, Covid-19ak bostekoa ematearen akabera ekarriko du. Posible da. Testuinguruak markatzen ditu jokaerak. Eta bostekoa emateak, konfiantzazko keinua zena, birus hilgarria transmititzen baldin badu, gure konfiantza-markatzaileei eragiten die ezinbestean.

Presidenteek nahi dutena esan dezakete baina ezin dute birusaren biologia aldatu eta hedatzen segituko du. Neurri egokiak hartzen badira denbora irabaziko da, motelago hedatuko da, baina bere biologia aldatu ezinean segituko dugu. Noiz arte? Aurrekaririk gabea, lorpen iraultzailea litzateke urtebetean beharrezko lizentziekin globalki ekoitzitako txertoa garatzea. •