2020/03/21

Xabier Mikel Errekondo
Lainopean

Koronabirusak harrapatu gaitu bere atzaparretan, eta lainotzar beltzaren ilunpean gabiltza itsutasunean, besterik ez bailitzan lez. Ala agian bai, agian usaintzen dugu Zaldibarko zein Zubietako erraustegiko dioxina-kiratsa. Norbere etxeetatik, Urkullu lehendakariak ezarri berrogei aldian.

Herritarren osasuna dago jokoan, helduena bereziki, bai, baina tokian-tokian bada egoera kaltegarri honi onurarik ateratzen ari zaionik ere. Zer gehiago ezkutatzen du lainotzarrak? Birus nimiñoa hainbat arazo erraldoi ari da estaltzen. Ohikoa, manualekoa izaten da agintariek arazo baten presioa gainetik kentzeko herritarren atentzioa bigarren arazoren batera desbideratzeko taktika, ahalegin horretan krisi berri bat sortu behar badute ere.

Eta ez naiz ari ustelkeriaz, egun herritarrei gehien kezkatzen dieten gaiez baizik: lan baldintzen duintasuna eta arrakala, eta herritarren osasuna arnastean, edatean eta jatean.

Zaldibar argitu! Zubietako erraustegia ez ireki! Erresidentzietako langileak… Baina konfinatuta egonik ezin jarraitu antolaketa sozialarekin, ez protestekin.

Eta negozio ttipiak itxita dauden bitartean enpresa handien irabaziak jarrai dezaten milaka langile elkarren ondoan lanera behartuak… agintarien betiko leloa. CAF, Mercedes eta beste enpresa hainbateko langileen duintasunak soilik apurtuta.

Lainotzarpean Netflixek ito baino lehen heldu elkartasunari eta eman irudimenari. Irudikatu Zaldibarko langile biak beren senideekin, irudikatu erraustegia itzalita, birziklatuta eta aire garbia geure inguruan.

Atera leihora, bidali begirada iraindua Jaurlaritzari eta Aldundiari, eta egin txalo Zololuzetarrei, Beltrandarrei eta Zaldibar eta Zubieta inguruko herritarrei. •