joseangel.oria@gaur8.info
GUATEMALA

Maien idazkera sistemaren hasieraren berri eman du orain 2.000 urte grabatutako estela batek

Harkaitz natural batean orain bi mila urte inguru grabatutako hieroglifoek maia zibilizazioari buruzko informazio ugari eman diete arkeologoei. Aipagarria da haien idazkera sistema, kolonaurreko Amerikan erabat garatu zen bakarra izan zelako. Unescok aurkikuntzaren garrantzia onartzea nahi dute orain.

Guatemalako hego-mendebaldean aurkitu berri duten estela bat orain 2.000 urtekoa da eta, adituek jakinarazi dutenez, maien zibilizazioak garatu zuen idazkera sistemaren lehen urratsen berri ematen digu.

El Asintal udalerrian dago Tak’alik Ab’aj aztarnategi ekologikoa, Guatemalako Hiritik 125 kilometrora, hego-mendebaldean. Eta bertan aurkitu zuten 2018ko irailean 87. zenbakidun estela.

Nikolai Grube epigrafista alemaniarrak uste du «maien idazkeraren sorreraren adibide» bat dela aurkitutakoa. «87. zenbakiko estela ikaragarri garrantzitsua da, Mesoamerikan garatu zen idazkeraren adibide goiztiarra delako. Tak’alik Ab’aj bertan hasi ziren idazkerarekin esperimentuak egiten», adierazi zuen adituak Mexikotik, Guatemalan bertan bideokonferentziaz jarraitu ahal izan zen ekitaldian.

Testu goiztiarra

Hieroglifoen «irakurketa linguistikoa» egitea lortu ez badute ere, alemaniarrak uste du monumentu oroigarria agintari baten aldekoa dela, bere izena eta tituluak azaltzen baititu. Gruberen iritziz, «testu maia goiztiar bat» uzten du agerian estelak.

Tatiana Proskouriakoff epigrafistak ere adierazi izan du maien estelak agintari jakinen aldekoak izaten zirela, agintarien edo beren ondokoen aldekoak. Orain urte batzuk adituek uste zuten erlijioarekin lotuta zeudela oroigarriak, jainko edo apaiz jakinekin, baina aztertzen dituzten estelek erakutsi zieten hipotesi hura ez zela zuzena.

Kristo aurreko 100. urtekoa da altxorra, gutxi gorabehera, 300 urte lehenago hasitako maia zibilizazioaren Aro Aurreklasikoaren azken zatikoa alegia. Harkaitzean grabatuta dago. Tak’alik Ab’aj hiri bat zen garai hartan. Kristo aurreko 1500. urteaz geroztik olmekak bizi ziren bertan (Kristo ondorengo 100. urtera arte) eta maiak, berriz, Aro Aurreklasikoko Kristo aurreko 800. urtetik aurrera. Mendeak egin zituzten olmekek eta maiek hirian elkarrekin bizitzen: olmekak desagertu egin ziren eta maiek euren zibilizazioaren punturik gorenerainoko bidea egiten jarraitu zuten.

«Laborategi bat»

Christa Schieber arkeologo guatemalarra da aztarnategiko koordinatzaile teknikoa. Bere ustez, Tak’alik Ab’aj maien idazkerarekin «esperimentuak» egiteko «laborategi» bat izan zen. Idazkera hori geroztik aldatzen joan da, denboraren poderioz.

Orain zortzi urte, 2012an, herrialdeko arkeologoek Tak’alik Ab’aj bertako errege boteretsu baten hilobia aurkitu zuten leku berean. Adituek ez dute baztertzen errege hura izatea olmeka kulturaren bilakaera ahalbidetu zuena, maien idazkera sistemari ateak zabalduz.

Alejandro Giammattei Guatemalako presidenteak jakinarazi du Unescoren munduko ondareen zerrendan leku arkeologikoa sartzeko eskatuko diola Nazio Batuen agentziari.

Maiena Mesoamerikako zibilizazioa izan zen, espainiarrak Ameriketara iritsi aurretik maia herriek garatu zutena. Beraien idazkera sistema nabarmentzeko modukoa da, kolonaurreko Amerikan erabat garatu zen bakarra izateagatik. Baita maien artea eta arkitektura ere, matematikan eta astronomian zuten ezagutza handia ahaztu gabe. Kultura maia egungo Mexikon, Belizen, Guatemalan, Hondurasen eta El Salvadorren hedatu zen.