Mikel Zubimendi Berastegi

Pandemiaren dramaturgiaz

Koronabirusak ez du Euskal Herria hautsi, hautsita zegoela erakutsi du. Pentsaezina zen gurean horrelako zerbait bizitzea, horrelakoak Afrikako kontuak zirela uste genuen. Eta ez da bukaerarik egongo, ez dago-eta Covid-19aren aurreko egoerara bueltatzerik. Agian pandemiaren “larrialdia” bukatuko da, baina pandemia bera gizarte sektore eta munduko herrialde pobreenetan sedimentatuko da. Pandemiarekin bizi beharko dugun etorkizuna ezezaguna da. Ez dago ageriko paturik. Izaten zena jada ez da. Deus ez da agerikoa dagoeneko.

Ez dakigu gure herria masazko gizarte maskaratu bihurtuko ote den, manifestaldirik gabea baina denok maskaradun eta obediente total. Akaso immunitate agiriak banatuko dira herritarren artean. Salbuespen egoera autoritarioetatik gutxitan etortzen da gauza onik. Gizartea diziplinatu behar baita horrelakoetan, “setiatua” dagoen Estatuaren defentsarako.

Antzerkigintza ere bada. Pandemiak dramaturgia bezala ere gertatzen direlako. Birusa gogo-gaiztoko aktorea da; ikusezina eta imajinatzeko zaila denez, bestelako “etsaiak” behar dira, haragizkoak, sarri giza-talde edo nazio bat ordezkatzen duten gaizto-gaiztoak. “Murruen” metaforak, “gerraren” narratiba. Eta, gidoiaren exijentziaz, mediku-azterketak eta beldur publikoak horretara bideratu behar dira, “zero pazientea” bilatzera, “super kutsakorra” den pertsona edo jokabide “asintomatikoa” markatzera.

Gurean ez zen prestatuta egoteko beharra serio hartu. Pandemiak ez gintuen zertan prestatu gabe harrapatu, hain zaurgarri eta babesgabe. Sufrimendu eta heriotza asko prebenitu ahal ziren. Etorri zenean zer egin zuten presidente eta lehendakariek? “Zer egin nezakeen?” galdetzera mugatu. Baina erantzun azkar, arrazional eta kolektiboa behar zen, behar da. Hartu dira neurriak, jakina, baina neurriok, sarritan, prestakuntza falta kriminal bat ezkutatzeko erabili dira, barne eta kanpo koordinazio egoki eta praktika zuzenekin, aurreikusgarria eta kudeagarria zen gertakari baten aurrean baikeunden.

Epidemiak beti, betidanik, izan direlako hil ala biziko kontu bat gizadiarentzat. Bagenekien gaixotasun epidemikoek nazio eta zibilizazioei forma eman zietela iraganean, gutxien-gutxienez ekonomiak, politikak edo gerrek bezainbeste. Aditua genuen izurri bubonikoaren hamarkadak beldurgarriak izan zirela, baztangak, kolerak, tifusak edo poliomielitisak eragindako izurri latzen berri bagenuen. Historia klaseetan irakatsi ziguten Napoleonen amets espantsionistak izurriek zapuztu zituztela, Kariben sukar horiak eta Errusian, historian sekula osatutako indar armatu handienarekin, disenteriak eta tifusak. Gizarte modernoa, hein batean, izurri beltzaren kontrako erreakziotik sortu zela bagenekien. Baina pentsatu genuen, garaipena aldarrikatuz, izurriteen betiko desagertzera iristear ginela, iraganeko kontuak zirela pandemiak.

Globalizazio aroaren lehen pandemia honen irakaspenak ez dira atera, epidemiei sortu eta hedatzeko gizakiok eskaintzen dizkiegun baldintza egokiak ez dira kritikoki aztertu. Naturaren azpiraketak, gure ekonomia globalizatuaren mekanikak, urbanizazioaren hazkunde dramatikoak eta kontinente arteko masazko bidaiek esponentzialki biderkatu dute gaixotasun kutsakorrek mutatu eta hedatzeko duten ahalmena.

Axolagabetasun endemikoa nahiko lukete. Baina bizitako aste beldurgarriez ikas dezakegu. Ikasi, injustiziak eta lehendakarien ergelkeriak hilgarriak direla. Ez ahazten ikasi, gordelekutik atera eta mozorroak kentzean, bakartuta sentitzea zer den ez ahazten. •