Ainara Lertxundi
MARRUBIEN BILKETAREN BESTE ALDEA

Nazio Batuei Huelvan fruitu gorrien bilketan lan egiten duten emakume marokoarren egoeraren berri eman diete

Women’s Link Worldwide eta beste zazpi taldek Nazio Batuetako hainbat erakunderi Huelvako marrubien bilketan lan egiten duten emakume marokoarren lan baldintzak eta pandemian prebentzio neurririk hartu ez dela salatzeko komunikazio bateratu bat igorri diete, 2019an egindako ikerketa batekin batera.

Duela bi urteko apirilean, Alemaniako hedabide digital batek Huelvan marrubiaren eta beste fruitu gorrien bilketan lan egiten duten sasoikako langileen egoera salatu zuen, eta, bereziki, esplotazioaren eta sexu gehiegikerien biktima diren emakume marokoarrena. 2016-17ko denboraldian marrubien bilketan lan egin zuten hainbat emakume marokoarren sexu abusuen salaketak jasotzen zituen erreportajeak eta haren titularrak –“Europako landetan bortxatuak”– sektorea astindu zuen. Nazioartean ere oihartzun handia izan zuen.

Argitalpen horrek ateak zabaldu zizkion salaketa gehiagori. 2018ko ekainean, hamar jornalarik Almonteko enpresa baten kontra salaketa jarri zuten sexu abusuengatik eta lan esplotazioagatik.

Women’s Link Worldwide gobernuz kanpoko erakundeak bere gain hartu zuen 2018ko apirilean Huelvara iritsi ziren lau emakume marokoarren salaketa. Haiek bezala beste 10.000 emakumek lan egin zuten lehen aldiz marrubiaren bilketan, aurreko urte batzuetan ere jardunak ziren beste 6.000 emakumerekin batera. 2008az geroztik ez zituzten langile berriak kontratatzen.

Europako merkatuan Espainia da marrubi ekoizle handiena. Eta biltzen diren marrubien %95ek Huelvan du jatorria. 2015-2017ko lan hitzarmenaren arabera, biltzaileek eguneko 39,97 euroko soldata jaso behar zuten eta asteko lanaldia 39 ordukoa zen. Lanaldia gutxitu edo luzatu zitekeen premien arabera, baina, edonola ere, 39 orduko lanaldia luzatuz gero, ordu estrak izango ziren.

Alemaniako hedabidearen erreportajeak sorrarazi zuen eskandaluak, lan hitzarmen berria sinatzera behartu zituen 2018an ASAJA patronala eta CCOO sindikatua. Soldata 41,20 eurora igo zuten eta, lehen aldiz, sexu jazarpenaren prebentziorako protokolo bat aurreikusten zuen. Era berean, aukera eta tratu berdintasuna bermatzeko artikulu bat, 35.a, bildu zuen lan hitzarmen berriak. Harturiko konpromisoak errespetatu ote diren eta egoeraren diagnostiko bat egiteko, 2019an, Women’s Link Worldwide, Andaira eta Taraceas Cooperativa erakundeek eta beste aditu batzuek ikerketa bat egin zuten sasoiko langileekin, eta Huelvako mugimendu eta ekintzaileekin.

«Eskubideak sistematikoki eta modu estrukturalean urratzen jarraitzen dutela egiaztatu genuen. Koronabirusa dela eta, bereziki kezkatzen gintuen sasoiko langile emakumeen egoerak. Berez isolatuta badaude, are gehiago testuinguru honetan», ohartarazi du Women’s Link Worldwide erakundeko abokatu Aintzane Marquezek.

Women’s Link Worldwide eta beste zazpi taldek Nazio Batuetako hainbat erakunderi urgentziazko komunikazio bat igorri diote, 2019an egin zuten ikerketarekin batera, sasoiko emakume langile horien eskubideak errespeta daitezen eta urraketa gehiagorik ez egoteko gomendioak eman ditzaten.

«Ez dute neurri nahikorik hartu fruitu gorrien bilketan jarduten diren etorkinen nahiz bertakoen berezko beharrak asetzeko, are gutxiago genero perspektiba batetik. Pandemia dela eta, 7.000 emakume inguru etorri dira soilik. Tokian tokiko taldeei eta emakume marokoarren taldean ez dauden beste langile etorkin batzuei esker jakin dugu lan hitzarmenean zehaztutakoa baino ordu gehiago egon direla lanean eta ez dela errespetatu koronabirusa dela-eta gomendatutako segurtasun distantzia. Eta ez diete ez maskararik ez eskularrurik eman. Konfinamenduak areagotu egin du babes gabezia eta murriztu egin du urraketa horiek gertatzen ari direla salatzeko gizarte zibilak duen gaitasuna. Egungo testuinguruak larriagotu egiten du jada bazegoen egoera bat eta beste urraketa batzuk gertatzea errazten du», azaldu zuen Marquezek.

Diskriminazioen sorburua

«Hortaz ohartarazi nahi dugu Nazio Batuetara bidali dugun komunikazio horrekin. Espero dugu erantzuna kolektibo ahulenen eskubideak bermatzeko bide orri bat izatea», azaldu du. Kontratazioak jatorrizko herrialdeetan egiten dira. Marokoren kasuan, Lanbide Agentzia Nazionalaren (Anapec) bitartez. Lanpostuak tokian tokiko langileekin edo inguruan bizi diren atzerritarrekin bete ezin direnean jo dezakete enpresek kontratazio mota hori egitera.

Marokorekin sinatutako lehenengo akordioa 2001. urtean egin zen. Hala ere, garai horretan, sasoiko langile gehienak errumaniarrak eta poloniarrak ziren. 2007an, Errumania Europako Batasunean sartu zen eta, horren ondorioz, marrubiaren sektoreko enpresariek ezin zituzten jatorrian kontratatu sasoiko langile errumaniarrak.

Emakume marokoarrez osaturiko lehenengo lantalde handia 2006an iritsi zen Huelvara, eta, ordutik, marrubien eta bestelako fruitu gorrien bilketan parte hartzen duen kolektiborik handiena da. Profil zehatz bat daukate: 20 eta 45 urte bitarteko emakumeak dira, adin txikikoak (14 urte baino gutxiagokoak) beraien kargura dituztenak. Alargunak, ama bakarrak edo dibortziatuak direnak lehenesten dituzte, eta horrek «egoera ahulago batean» jartzen dituela dio Marquezek.

«Kolektibo zaurgarri bati buruz ari gara. Zama handia daramate emakume horiek beren gain, eta, egoera ahul horretan, baliabide gutxiago dituzte jarrera kritiko bat izateko, jasan ditzaketen urraketen aurrean. Profil horrek badu helburu jakin bat, behin bilketa bukatuta, etorkinak beraien herrialdeetara itzultzea. Esklusiboki emakumeak kontratatzeak sektorearen feminizazioa eragin du eta enpresariarekiko nolabaiteko mendekotasuna, zeren kontratu horiek leku jakin batean eta enpresa zehatz batean lan egiteko baitira. Espainiara iristen direnean, behartuta daude lan baldintzak onartzera; izan ere, beraien familien sostengua dira eta aurreikusita zuten soldata irabazi behar dute», nabarmendu du GAUR8rekin telefonoz egindako elkarrizketan.

Hautaketa prozesuak hiru egun irauten du. Marokoko hainbat hiriburutan egiten da urtarrilaren erdialdean. Marrubiaren sektoreko ugazaben ordezkaritza bat Marokora joan ohi da elkarrizketak egitera. Emakumeek familia liburua aurkeztu behar dute eta kontratazio prozesuak doakoa izan beharko lukeen arren, zenbait gastu hartu behar dituzte beren gain, hala nola pasaporte, bisa eta osasun ziurtagiriarenak.

Bi denboralditan egiten dute lan; lehena, bilketa denboraldiaren hasieran, otsailean, eta, bestea, apirilaren erdialdean. Maiatzaren bukaeran edo ekainaren hasieran amaitu ohi da marrubiaren bilketa. Fruitu gorrien bilketa, ordea, uztailaren erdialdera arte luzatzen da.

Ulertzen ez duten hizkuntzan

Hautatzen badituzte, aurrekontratu bat sinatzen dute Marokon. Gehienetan, frantsesez idatzita dago, ulertzen ez duten hizkuntza batean, alegia. Itzulpenik ez dietela ematen salatu du Women’s Link Worldwide erakundeak eta beste taldeek egindako ikerketak. Kontratuaren ezaugarriak eta lan baldintzak gainetik azaltzen dizkiete, hala nola soldata zenbatekoa izango den, lanaldian atsedenaldi bat egiteko eskubidea dutela, aste bakoitzean atseden egun bat izango dutela, gaztelania ikasteko ikastaroak egiteko eskubidea dutela eta ostatua kontratuaren barruan dagoela.

Baina jatorrian esandakoa ez da beti betetzen. Bilketaren berezitasunak direla eta, “malgutasun handia” eskatzen diete; hau da, egun batzuetan lan karga handia izaten dute eta besteetan ez, eta, jakina, egun horietan gutxiago kobratzen dute. «Ohikoa da, halaber, enpresek langileak transferitzea beraien artean eta modu informalean, enplegu emailearekiko lotura urratuz. Eguneko jardunean eduki beharko luketen ordu erdiko atsedenaldia ez da beti errespetatzen: produktibitatearen aitzakia medio, ordu gehiago ezartzen dizkiete. Eguneko kutxa kopuru jakin bat biltzera behartzen dituzte batzuetan. Mehatxupean ordu estrak betearazten dizkiete, bestela ez baitiete lan kargarik ematen eta, hori dela eta, ez dute soldatarik jasotzen. Maiz, ordu estrak ez dizkiete ordaintzen edo, ordaintzekotan, tarifa finko baten arabera egiten dute».

Bestalde, enplegu emaileek ostatua eman behar diete. Baina, egindako ikerketan, horretan ere urraketa larriak antzeman zituzten; etxebizitza askok ez zituzten gutxieneko neurriak betetzen. Kasu batzuetan ez zegoen izozkailurik, besteetan ez zegoen ur edangarri nahikorik, langileen higienerako edo jakiak garbitzeko, eta ur beltzak tratatzeko sistema ez zen egokia. Horrez gain, pisuak jendez gainezka egon ohi dira. «Kasu batzuetan, argindarra, alokairua eta gas hornidura langileek beraiek ordaindu behar dituzte, jatorrian esandakoaren kontra.

Beste lan baldintza batzuk

Osasun estaldura kontratuan sartuta badago ere, langileak ez dira beti horren jakitun, ez dute hizkuntza menderatzen, ez dakite nola tramitatu osasun txartela, edo osasun etxetik urrun daudenez, ez dute baliabiderik haraino joateko.

Women’s Link Worldwide erakundeak legez ordezkatzen dituen lau emakumeen kasuan, hiru hilabetez –horietatik hamabost egun proba moduan–, lan egingo zutela esan zieten. «Kontratua gaztelaniaz idatzita zegoen eta ez zieten itzulpenik eman, beraz ezin izan zituzten jatorrian agindutako lan baldintzak hemen esan zizkietenekin alderatu. Obra kontratu bat zen eta proba moduan lan egiteko epea hamabost egunekoa izan beharrean, hilabetekoa zen. Lanaldia ez zen hiru hilabetetarako, baizik eta enpresak marrubi bilketarako beharrezkotzat jotzen zuen eperako. Horrez gain, ostatuaren gastuak –ura, argindarra eta gasa– soldatatik kentzen zizkieten. Esplotazioaren biktima izan ziren. Ugazabak jarritako ekoizpen helburuak betetzen ez bazituzten, gehiegizko penalizazio bat jasotzen zuten, ez zizkieten ordu estrak ordaindu, ez zuten osasun arretarik izan eta beste nazionalitateetako langileekiko diskriminazioa pairatu zuten», ekarri du gogora Marquezek.

Gobernuz kanpoko erakundeak bideo batean bildu zituen lau laborarien lekukotasunak. Ondorengo lerroetan, komatxoen artean azaltzen diren adierazpenak, bideoan jasotako testigantzak dira: «Poz pozik etorri ginen Huelvara. Ez genekien, ordea, jasotako kiloen arabera lan egingo genuela. Kutxa pila bete behar genituen. Ez zen nahikoa 16 edo 20 betetzearekin. 20 kutxa betetzen zenituenean, 30 betetzeko esaten ziguten eta gero hamar gehiago, nahiz eta leher eginda egon. Egun batean, neska bat gaixotu eta konortea galdu zuen. Ez zuten ospitalera eraman. Gaixorik zaudela ikusten duten arren, ez dute deus ere egiten».

«Ikusi ez nuen soka bat zegoen lurrean. Estropezu egin eta nire belaunaren gainean erori nintzen. Ez nekien zer egin. Eseri egin nintzen, baina ezin nuela eserita egon esan zidaten».

Justizia eskuratzeko zailtasunak

«Sexu jazarpenaren lekuko izan naiz. Logeletara etorri, atea ireki eta sartu egiten zen. Lanetik kanporatu ninduen gizon horrekin asko sufritu zuen neska bat ezagutu nuen. Beste langileei lanera joaten uzten zien, bere logelako atea jo eta berarekin derrigorrez sexu harremanak izan behar zituela esaten zion. Neska Marokora itzuli zen».

«Lan egin nahi bagenuen berarekin oheratu behar genuela esan zigun. Gelakide bati hurbiltzeko eta bere gainean jartzeko agindu zion. Emakume asko abusuen biktimak izan ziren, baina ez dute salaketarik ipini».

«Marokotik hona lan egitera etorri naiz, ez irainen eta jazarpenen biktima izatera».

Women’s Link Worldwide erakundeak beharrezkotzat jotzen du lan eredu hori genero perspektiba batetik aztertzea. «Inpaktu handia du jatorrian kontratatzen dituzten emakume horiengan. Lan egonkortasunik gabe eta lursailetan isolatuta, esplotazioa eta bestelako biolentziak pairatzeko arrisku handiago dute. Lana galtzearen beldurragatik, askok ez dute salaketarik jartzen. Guk ordezkatzen ditugun lau emakumeak ez dituzte berriro kontratatu salaketa jarri zutenetik. Salaketarekin herrikide gehiagori gauza bera ez gertatzea nahi zuten, besterik ez. Frustrazio handia sentitzen dute». Lau emakume horien salaketa epaitegian dago. Bi prozedura zabaldu dira, bata, lan esplotazioari dagokiona, eta, bestea, sexu jazarpenari buruzkoa. Ez batean ez bestean ez dago epaiketarako egunik.

«Justizia eskuratzeko dituzten zailtasunen adibide bat da. Justizia eskuratzea ez da soilik epaitegietara jotzeko aukera izatea, baizik eta dagozkizun eskubideen jakitun izatea, salaketa bat jartzeko baliabideak jakitea eta abar», adierazi du Marquezek. «Konfinamenduan, nekazaritza lehen mailako ondasuntzat jo zuten. Eta hala da. Beraz, laborariak eta sasoiko langileak ere badira. Pandemia hau eredu berri bat garatzeko baliatu behar dugu; ‘normaltasun berri’ horretan ez dute gauzek bere horretan gelditu behar. Emakume horiek inolako babes neurririk gabe lan egin zuten pandemian eta ezin dugu onartu horrelakorik berriro gertatzea», azaldu du abokatuak.