2020/06/20

Erreportajea
OROIMENA ARRISKUAN
Pandemiak arriskuan jarri ditu navajoen ohituren gordetzaileak diren adinekoak

Navajo herriak dauka covid-19aren ondorioz hildakoen tasa altuenetariko bat AEBetan. Ez da harritzekoa, navajoek jasaten dituzten bizi baldintza gogorrek erraztu egin baitute gaitza hedatzea. Kezka are handiagoa da adinekoengatik, herri amerindiarraren biziraupenerako funtsezkoak baitira. Oroimena eta ohiturak gorde eta hurrengo belaunaldiei helaraztearen arduradunak dira.

Gaur8
0620_navajo2

Navajo herriaren erreserban, western batetik ateratakoa dirudien Ameriketako Estatu Batuetako erreserba amerindiar handienean, zaharrak dira tribuaren nagusiak. Beraiek dira tribuaren oroimenaren jabe eta arbasoen ohiturak gazteei helarazteaz arduratzen direnak. Ustekabean, baina, koronabirusaren pandemia mendez mende mantendutako ekosistema delikatua arriskuan jartzen ari da.

AEBetako mendebaldeko sinbolo ezaguna den arroka ikusgarriz zipriztindutako Monument Valley bailara mortuan, Lanell Mernard-Powh janari kutxak pilatzen ari da. Janari banaketan parte hartzen ari da. 60 urte baino gehiago adinduek gidatutako ibilgailuak hurbiltzean, boluntarioek «zaharrak!» oihu egiten dute, eta janari gehiago ematen diete, tribuko adinduei zor zaien errespetuaren seinale.

Utah, Mexiko Berria eta Arizonan artean banatutako lurralde desertikoan, 175.000 biztanle bizi dira. Dagoeneko horietako 5.500 laguni eragin die koronabirusak, asko adinekoak. Navajoen tribuak dagoeneko 250 hildako izan ditu covid-19aren ondorioz. AEBetan New Yorkeko estatuak soilik du heriotza tasa handiagoa.

Lanell Mernard-Powh hunkitu egiten da koronabirusaren madarikazioaz hitz egitean. «Amaginarreba gaixotu egin zen eta berehala eraman genuen ospitalera. Alperrik, sei egunetara hil zen», azaldu du 49 urteko emakumeak.

Adineko amerindiar asko, diabetesa bezalako gaixotasun kronikoak dituztenak, kide askoko familietan bizi dira, eta maiz etxe berean: koronabirusa zabaltzeko koktel aproposa. Are kezkagarriagoa eskuak maiz garbitzea pandemiaren aurkako prebentzio keinu eraginkorrenetakoa denean eta erreserban bizi diren navajoen %30ek etxean txorrotako ura ez dutenean. Askotan kilometroak egin behar izaten dituzte autoz putzuetara gerturatu eta ura eskuratzeko.

«Gaixotasunak bereziki zaharrei eragiten dienez, herri indigenak oso beldurtuta daude. Adinekoek pisu garrantzitsua baitute euren gizarte antolaketan», nabarmendu du Allison Barlow doktoreak, 90eko hamarkadatik erreserbako indiarren osasunaz arduratzen den Johns Hopkins zentroko zuzendariak.

Medikuntza tradizionala

Emerson Gorman navajo herriko sendalaria zorrotz ari da osasun agintarien gomendioak jarraitzen: maskara beti du soinean eta etengabe garbitzen ditu eskuak. Sendabelarren ezagutza izugarria du, eta, adibidez, juka eta ipurua erabiltzen ditu hainbat gaixotasuni aurre egiteko.

Hainbat hektareako etxalde batean bizi da Gorman, navajo nazioaren bihotzean. Gormanek eta bere familiak abereak hazi eta belarrak landatzen dituzte, eta, 66 urteko sendalariak nabarmendu duenez, jende askok eskatu dio «covid-19a urruntzeko bedeinkapena». Medikuntza tradizionalaren transmisioa bereziki garrantzitsua da navajoentzat, Gormanek azaltzen duenez, «energia naturalarekin, izpirituekin eta mundu naturalarekin konektatuta baikaude».

Kulturaren garrantzia

Gormanek badaki zer den navajoen kulturaren suntsipenari aurre egitea: 5 urte zituela familiatik aldendu zuten, beste milaka eta milaka haur navajo bezala. Kristau eskoletara bidali zituzten guztiak, euren sinesmen tradizionalak suntsitzea helburu. Ikastetxe kristau horietan, sartzeaz bat mozten zizkieten mototsak ikasleei. Are, katoliko bihurtu beharra zuten derrigorrez eta guztiz debekatuta zuten navajo hizkuntza hitz egitea.

Gaur egun, adinak markaturiko hazpegi gogorreko eta bizkar zabaleko Gormanek irmoki uste du bere jakinduria transmititzeko betebeharra duela, batez ere navajo komunitateko adinekoak koronabirusaren mehatxuari aurre egin beharrean diren garaiotan. «Tribuaren biziraupenerako funtsezkoa da gure historia partekatzea, gure zeremonien erritualak elkarrekin partekatzea», nabarmendu du.

 

Ur falta larriak arazoak areagotu ditu

Covid-19aren pandemiak navajoen erreserban nagusi den ur falta larria nabarmendu du. Amanda Larsonek etxetik kilometro batzuetara joan behar du hainbat bidoi handi urez betetzeko. Bere hiru seme-alabak ere eraman behar ditu kamionetan. Zeregin nekagarria da eta bi edo hiru egunetik behin egin behar du. Familia osoak parte hartzen du txangoan eta bidaia bakoitzean 200 litro ur baino gehiago hartzen dituzte, edateko, arropa garbitzeko edo euren buruak garbitzeko erabiltzen dutena. «Lotsagarria, iraingarria da nire seme-alabentzat, ezin baitute dutxan bainatu, beste guztiek bezala», aitortu du Larsonek.

Etxean txorrotako urik gabe, navajo askok ez dute koronabirusaren aurkako lehen gomendioa betetzerik: eskuak maiz garbitzea. Hain zuzen, hori da lurralde erdiautonomo zabal honek koronabirusak eragindako 250 heriotza izateko arrazoietako bat, AEBetako heriotza tasa altuenetakoa. Navajoen herrian ura gero eta urriagoa da: DigDeep gobernuz kanpoko erakundeak egindako txosten baten arabera, azaleko urak %98 murriztu ziren XX. mendean, tenperaturak gora eta euri kopuruak behera egin ondoren. AEBetako eremu handiak, batez ere beltzak, mestizoak, indigenak eta nekazari pobreak bizi diren lekuak, azpiegituretan egindako inbertsio federaletatik kanpo geratu dira. Eta egun ur sareetara konektatu gabe bizi diren bi milioi herritarren artean, amerindiarrak dira kaltetuenak. 1868an lur zati handi baten truke Estatu Federalarekin sinatutako hitzarmenean, uraren eskubidea ez zen zehaztu, eta indigenek hego-mendebaldeko estatu idorretan euren kaltetan ehunka presa nola eraiki dituzten ikusi behar izan dute.

Eskuak garbitzeko zailtasunez gain, ur eskasiak bestelako arazoak ere sortzen ditu. Edateko urik gabe, herritarrek kostu txikiko edari azukredunak erosi ohi dituzte, 2. motako diabetes tasa handitzen laguntzen dutenak. Eta patologia hori larrigarria da birusarekin infektatutako pertsonentzat. Urrun dauden putzuetara iristeko denbora luzea behar izateaz gain, putzuetako batzuk kutsatuta daude, mikrobioen zein utzitako uranio meategietako hondakin erradioaktiboen ondorioz. Urdaileko minbizi tasa altua duten arren, ur hori oraindik jateko hazten dituzten animaliei ematen diete.

Navajo herriak dagoeneko 250 hildako baino gehiago izan ditu covid-19ren ondorioz. Ameriketako Estatu Batuetan New Yorkeko estatuak bakarrik du heriotza tasa handiagoa

«Gaixotasunak bereziki zaharrei eragiten dienez, herri indigenak oso beldurtuta daude. Adinekoek pisu garrantzitsua baitute euren gizarte antolaketan»